Osakidetza

Zozketa bidez hautatuko dituzte oposizioetako epaimahaietako kideak

EAEtik kanpoko adituek prestatuko dituzte azterketa teorikoak. Urrian egingo dituzte azterketetan jarrilp dute martxan eredu berria

Iazko ekainean eginiko azterketetan parte hartu zutenetako batzuk. MARISO RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko apirilaren 15a
19:03
Entzun

"Hobekuntzak" iragarri dituzte Osakidetzaren lan deialdi publikoetako azterketetan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezarri nahi ditu urrian egingo dituen azterketetan; iazko lan eskaintza publikoan egin gabe geratu zirenetan, hain justu: espezialista medikuen hogeita sei plazetarakoetan eta goi mailako biologoen lau plazetarakoetan. Azterketa horiek atzeratu egin zituzten, iazko ekainean eginiko beste batzuetan irregulartasunak atzeman zituztelako. Hori dela eta, beste hiru ere errepikatu behar dituzte, baina ez dute horiek egiteko egunik jarri.

Hamabi neurri jasotzen ditu Osasun Sailaren proposamenak. Nagusienak, bi: zozketa bidez aukeratuko dituzte azterketetako epaimahaiak, eta "irizpide objektibo batzuk" zehaztuko dituzte horko kide izan ahalko duten hautagaientzako. Halaber, proba teorikoak prestatzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpoko adituengana joko dute; urriko azterketetan, proba praktikoetarakoetarako ere bai.

Otsailean, Carmen Adan EAEko fiskalburuak auzitara jo zuen 11 kategoriatako azterketak filtratu zirela salatzeko, eta nabarmendu zuen "irizpide objektiborik" ez zela jarri probak prestatu zituzten kideak eta epaimahaikoak aukeratzeko orduan. Frogatu zuen berak ikertutako alorretan, besteak beste, Osakidetzako zuzendaritzako kide batzuek zuzenean izendatu zituztela epaimahaiko kide batzuk, eta horien artean zeudela azterketa aurretik jaso zuten pertsona batzuen lankideak eta senideak.

Fiskalburuaren salaketak Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa ekarri zuen, hilabete geroago. Azterketak egin aurretik ere langile batzuek salatu zuten filtrazioak egongo zirela, eta aspaldikoa zela jarduteko modu hori Osakidetzako oposizioetan.

"Eredu berri bat" helburu

EAEko Arartekoak eginiko gomendioetan oinarritu da Osasun Saila, eta esan du "berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak zaintzea" duela xede proposamenak. Neurrien alde azaldu da Arartekoa: uste du lagunduko dutela enplegu publikorako prozesu "inpartzialagoak eta objektiboagoak" diseinatzeko.

Osasun Sailak adierazi duenez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) adostu ditu neurriak, eta eztabaidatu egin ditu lan eskaintza publikoetako Segimendu Batzordeko sindikatuekin: SATSErekin, Medikuen Sindikatuarekin eta UGTrekin.

Osasun Sailaren asmoa da urriko azterketetan "frogatzea" neurri horien bideragarritasuna; bere helburua da prestatzen ari den Osakidetzarako "eskaintza publikoen eredu berrian" sartzea. Egitasmo hori Eusko Legebiltzarrean aurkezteko konpromisoa hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.