Atxiloketa

Deklaratu ondoren, aske utzi dute Altsasun atxilotutako gaztea

EHUren Bizkaiko campusean izandako istilu batzuetan identifikatu eta epaiketara deitu zuten, baina ez zuen bere burua aurkeztu. Guardia Zibilak atzeman du goizean.

Guardia Zibila, Altsasun (Nafarroa). Artxiboko irudia. JESUS DIGES, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 27a
08:27
Entzun

BeƱat Zelaia gaztea goizean atxilotu du Guardia Zibilak. Altsasukoa (Nafarroa) da, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez Altsasuko auzian zigortutakoen kuadrilla berekoa.

Zelaia 2016ko apirilaren 26an EHUren Leioako campusean izandako istiluetan atxilotu zuten. Sei gazte atzeman zituen Ertzaintzak, Ikasle Abertzaleek deitutako manifestazioan errektoretza okupatzeko saiatu ondoren. Errektoretzara "indarrez sartzea" egotzi zien, eta desordena publikoa, desobedientzia, agintearen kontrako atentatua, kalteak, lesioak eta irainak leporatu zizkieten.

Ikasle Abertzaleek EHUren "errepresio sistematikoa" salatu zuten. Azaldu zutenez, errektoretzara sartzen saiatu zirenean, segurtasun zaindariak oldartu egin zitzaizkien.

Ospa Mugimenduak eta Altsasuko Gazte Asanbladak ohar bidez azaldu dutenez, Zelaiak eta manifestazioan atxilotutako gainontzeko bost gazteek epaiketara joateari uko egin zioten, ez ziotelako zilegitasunik aitortzen. Deklaratu ondoren, libre utzi dute Zelaia.

Sortuk atxiloketa salatu du

Sortuk Zelaiaren atxiloketa gaitzetsi du, eta gaztea "berehala" aske uzteko exijitu du ohar baten bidez. "Euskal Herriak aspaldian behin eta berriz erakutsi du bakean eta askatasunean bizitzeko nahia. Eta gaur berriz ere gazteen aurka eta Altsasuren aurka jo du Guardia Zibilak. Noiz eta hauteskunde bezperan. Ez da kasualitatea. Guardia Zibilak giro politikoa nahasteko duen asmoa agerian uzten du berriz ere atxiloketa honek".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.