INKESTA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik zazpik ez dute botoa aldatuko

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako inkesta baten arabera, herritarrek PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu koalizio bat nahi dute Madrilen.

Emakume bat botoa ematen, apirilaren 28an, Zeberion (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2019ko maiatzaren 8a
15:11
Entzun

Espainiako Gorteetarako bozen eta udal eta foru hauteskundeen artean, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta bat argitaratu du; bi deialdien inguruan galdetu diete herritarrei, eta, besteak beste, ondorioztatu dute hamar herritarretik zazpik ez dutela botoa aldatzeko asmorik; alegia, apirilaren 28an hautatutako alderdiari emango diotela berriro botoa (%69).

Botoa aldatuko dutenen edo A-28an abstenitu eta orain bozkalekuetara joango direnen artean, berriz, lautik hiruk (%76) erantzun dute ohitura daukatela hauteskundearen arabera indar politiko bat edo bestea babesteko.

Oro har, datuek iradokitzen dute parte hartze handia izango dela maiatzaren 26an, %88k baitiote "ziur" joango direla botoa ematera. Hala ere, bi datuk ñabartu egiten dute erantzun hori: A-28ko bozetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %87k hauteskunde kanpainaren aurretik erabaki zuten botoa ematera joango zirela, baina botorik eman ez zutenetatik %22k hauteskunde egunean bertan erabaki zuten abstenitzea.

Espainiako Gorteetarako bozei dagokienez, galdekatutako herritarren erdiek (%48) begi onez ikusten dute PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu bat Madrilen. Alde handira daude beste erantzun posible batzuk: %12k nahi dute PSOEk bakarrik gobernatzea, eta %8k lehenesten dute PSOE-Unidas Podemos formulari indar abertzale eta subiranistak batzea. Hiru herrialdeetako herritarren artean, PSOE-Ciudadanos hipotesiak %4ren babesa dauka.

A-28ko hauteskundeetan, EAJ izan zen Euskal Herrian boto gehien jaso zituen alderdia, 394.627 boto bilduta. Nagusitasun hori hiru herrialdeetan izan zuen, gainera. PSE-EE eta PSN izan ziren bigarren indarra, hirugarrena Unidas Podemos eta laugarrena EH Bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.