Espainiako Gorteetarako bozen eta udal eta foru hauteskundeen artean, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta bat argitaratu du; bi deialdien inguruan galdetu diete herritarrei, eta, besteak beste, ondorioztatu dute hamar herritarretik zazpik ez dutela botoa aldatzeko asmorik; alegia, apirilaren 28an hautatutako alderdiari emango diotela berriro botoa (%69).
Botoa aldatuko dutenen edo A-28an abstenitu eta orain bozkalekuetara joango direnen artean, berriz, lautik hiruk (%76) erantzun dute ohitura daukatela hauteskundearen arabera indar politiko bat edo bestea babesteko.
Oro har, datuek iradokitzen dute parte hartze handia izango dela maiatzaren 26an, %88k baitiote "ziur" joango direla botoa ematera. Hala ere, bi datuk ñabartu egiten dute erantzun hori: A-28ko bozetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %87k hauteskunde kanpainaren aurretik erabaki zuten botoa ematera joango zirela, baina botorik eman ez zutenetatik %22k hauteskunde egunean bertan erabaki zuten abstenitzea.
Espainiako Gorteetarako bozei dagokienez, galdekatutako herritarren erdiek (%48) begi onez ikusten dute PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu bat Madrilen. Alde handira daude beste erantzun posible batzuk: %12k nahi dute PSOEk bakarrik gobernatzea, eta %8k lehenesten dute PSOE-Unidas Podemos formulari indar abertzale eta subiranistak batzea. Hiru herrialdeetako herritarren artean, PSOE-Ciudadanos hipotesiak %4ren babesa dauka.
A-28ko hauteskundeetan, EAJ izan zen Euskal Herrian boto gehien jaso zituen alderdia, 394.627 boto bilduta. Nagusitasun hori hiru herrialdeetan izan zuen, gainera. PSE-EE eta PSN izan ziren bigarren indarra, hirugarrena Unidas Podemos eta laugarrena EH Bildu.