Katalunia

"Erakunde kriminal bat" osatzea egotzi die CCMAko arduradun nagusiei

Ikertuen artean daude CCMA Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko buru Nuria Llorach, TV3eko zuzendari Vicent Sanchis eta Catalunyako Radioko buru Saul Gordillo, besteak beste. Torrak xingolen auziarengatik deklaratu du gaur. Oinarrizko eskubideen defentsan jarraituko duela adierazi du ondoren egin duen agerraldian.

TV3eko buru Vicent Sanchis eta CCMAko jarduneko presidente Nuria Llorach, artxiboko argazki batean. QUIQUE GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 15a
07:34
Entzun

Urriaren 1eko erreferendumeko antolaketa lanak ikertzen ari da Bartzelonako Fiskaltza, eta ikerketa horren baitan eskatu dio Bartzelonako 13. instrukzio epaitegiari auzipetu ditzala 30 ikertuetatik 28, tartean Generalitateko, TV3eko, Catalunya Radioko eta Diplocateko hainbat kargudun.

"Erakunde kriminal bat" osatzea egozten diete 28 kargudunei. Auzipetu asmo dituztenen artean daude, besteak beste, Kataluniako telebista publikoko buru Vicent Sanchis edota Catalunya Radioko arduradun Saul Gordillo, eta baita Generalitateko Komunikazio idazkari Antoni Molons eta CCMA Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko jarduneko presidente Nuria Llorach ere.

Fiskaltzak txostenean jasotzen duenez, erakunde kriminaltzat jo daiteke "egituratuta dagoen edozein sare, hierarkia jakin batean antoltua dagoena eta lan banaketa zehaztua duena", eta nabarmentzen du 28 ikertuek "Katalunia Espainiatik banatzeko helburuarekin legez kanpoko bideak erabili" zituztela.

Bartzelonako auzitegiek 30 pertsona auzipetu zituzten apirilean, diru publikoa gaizki erabiltzea, desbedientzia, dokumentuak faltsutzea eta sekretuak argitaratzea leporatuta. Horien artean daude Fiskaltzak auzipetu asmo dituen 28ak ere.

Torra auzitegietan

Kataluniako Auzitegi Nagusian deklaratu du goizean Quim Torra Generalitateko presidenteak. Generalitatearen eraikinetatik xingola horiak eta esteladak erretiratzeko Espainiako Hauteskunde Batzordearen eskaerari desobeditzea egozten diote gobernuburuari. Auzitegian deklaratu ostean, agerraldia egin du Generalitateko Jauregian. Adierazi duenez, eskubide zibilen defentsan jarraituko du eta prest dago horregatik jasan ditzakeen ondorioak onartzeko. "Generalitateko presidenteak ezin du inoiz etsi".

Torrak kritikatu egin du Espainiako Hauteskunde Batzordearen jokabidea. Haren esanetan, batzordeak Kataluniako independentismoaren kontrako zenbait erabaki "afinatu" ditu, aurretik Fiskaltzak ezarritako irizpideen ildotik. Kataluniako presidenteak salatu du bi erakunde horiek elkarrekin aritu direla legearen bidez bere kontra aritzeko.

Horrez gain, Hauteskunde Batzordeko zenbait kideren eta PP eta Ciudadanos alderdien artean lotura estua dagoela nabarmendu du Torrak. Haren hitzetan, Andres Betancor eta Carlos Vidalen "zerbitzuak" jaso dituzte bi alderdi horiek Hauteskunde Batzordean. Torrak adierazi du Betancor eta Vidal "ezagunak" direla, "ez soilik beren jarrera politikoengatik", baizik eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak batzordeko bi kide horien kontrako kereila aurkeztu duelako, prebarikazio delitua leporatuta.

Puigdemonten abokatu Gonzayo Boyek azaldu duenez, Betancor eta Vidal batzordeko kide badira, Ciudadanos eta PPren sostenguari esker da, eta, hain zuzen ere, bi alderdi horiek izan dira politikari erbesteratuak bozetako kanpainatik at geratzeko eskaera aurkeztu dutenak.

Kataluniako presidentearen iritziz, "gabezia demokratikoak" ohikoak dira Espainian, baina ohartarazi du herritarrek ez dutela hori ontzat eman behar. "Fede txarra" eta "zorroztasun juridiko falta" borrokatzera deitu du.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari ere zuzendu zaio. "Errepresioa ez da bidea. Ezta oinarrizko eskubideak ukatzea ere". Torrak gaineratu du gaur ez dela bere burua defendatzera joan auzitegira, "Kataluniako herriaren eskubideak" defendatzera baizik.  

Espainiako Hauteskunde Batzordeak xingola horiak Generalitateko eraikinetatik erretiratzeko agindu zion Torrari, eta Ktaluniako presidenteak espetxean diren buruzagi independentisten askatasuna eskatzeko sinboloak eraikin publikoetan mantentzeko asmoa agertu zuen hasiera batean. Batzordeak debekua berretsi zuenean, beste sinbolo batzuekin ordezkatu zituen Generalitateak xingola horiak, baina azkenean kendu egin zituzten.

Fiskaltzak leporatzen dio Hauteskunde Batzordearen aginduari "kontzienteki" muzin egitea eta Generalitatearen eraikinetan "sinbologia alderdikoia" mantentzea, "ezkutuko eran bada ere". Torrak berak ez du adierazpenik egin auzitegitik irten ostean, baina aurretik sare sozialetan iragarri du "estatuaren autoritarismorako joera" salatuko duela: "Adierazpen askatasuna defendatuko dut azkenera arte".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.