Parte hartzearen gorakada orokorra da Hego Euskal Herriko herrialde guztietan

Europako bozetan nabaritu da gehien igoera. Aldiz, udal eta foru hauteskundeei dagokienez, igoera txikia izan da. Nafarroan arratsaldean igo da.

jon ordonez garmendia
2019ko maiatzaren 26a
21:54
Entzun

Itxura guztien arabera, parte hartzea handiagoa izango da gaurko hauteskundeetan, 2015eko udal eta foru hauteskundeetan baino. Bozkalekuak ixteko bi orduren faltan, Hegoaldeko lau herrialdeetan zen datu hori duela lau urte baino handiagoa. Gorakada handiena, dena dela, Europako bozetan gertatu da; beste hauteskunde batzuekin batera izateak boto urdin gehiago ekarri dituzte Europako hautetsontzietara.

Aipagarria Nafarroako Parlamenturako bozetako arratsaldeko parte hartze datua izan da. 14:00etarako herritar gutxiagok eman badute ere botoa (-0,12 puntu), arratsaldean irauli egin da eta %0,58 puntu handiagoa zen 2015ean baino. Hautetsontziak itxi baino bi ordu lehenagora arte, botoa emateko eskubidea duten herritarren %56,35ek eman dute botoa aurten. Nafarroako alderdiek gaur mobilizatzera deitu dute, eta bereziki lau urtez erakundeetan aldaketa ekarri duten alderdiek egin dute dei horretara.

Hala ere, parte hartzearen gorakada beste hautetsontzietan ere nabaritu da. Nafarroako udal hauteskundeetan ere, duela lau urteko datua baino handiagoa izan da aurtengo parte hartzeari dagokiona. 18:00etarako %56,04k eman dute botoa —duela lau urte baino 0,40 puntu gehiago da—. Iruñean ere igo egin da apur bat parte hartzea, 2015ekoarekin alderatuta. 18:00etarako 0,20 puntu handiagoa zen.

Joera horrekin arratsaldean Araba, Bizkai eta Gipuzkoari gehitu zaie Nafarroa. Izan ere, hiru herrialde horietan eguerdian ere handiagoa zen parte hartzea, 2015eko udal bozekin alderatuta. Nafarroaren ondoren, parte hartze datu handiena Gipuzkoan izan da. 2015ean herritarren %51,42k eman zuten botoa 18:00ak bitartean, eta aurten %53,47k egin dute; bi puntu pasatxoko igoera izan da, beraz.

Bizkaian handiagoa izan da igoera puntuetan. 2015ean %49,91k bozkatu zuten 18:00ak arte. Gaur, berriz, %53,35ek egin dute. Orotara 485.093 bizkaitarrek eman dute botoa ordu horretara arte, duela lau urte baino ia hiru puntu eta erdi gehiagok. Araban, berriz, parte hartzea ez da iritsi 18:00etan %50era. %49,49k eman du botoa azken bi orduak falta; duela lau urte baino 0,22 puntu handiagoa da datu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.