Euskal presoak

Berriz epaitzeko eskatuko du Josu Urrutikoetxeak

Hilaren 19an eta 28an Parisko Auzitegian izango da, Eferen arabera. 2002tik bakearen alde jardun duela adierazi dute bere abokatuek, eta justiziaren aitzinean azalpenak emango dituela.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 3a
07:20
Entzun

Epaiketa berriz egiteko eskatuko du Josu Urrutikoetxea ETAko militante historikoa izandakoak. Maiatzaren 16an atxilotu zuten, Frantziako Goi Savoiako Sallanches herrian eta presondegian sartu zuten; bi espetxe zigor ditu betetzeko Frantzian. Parisko Auzitegiak 2017ko ekainean kondenatu zuen, 2011-2013 artean Norvegian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita. Urte haietan, ETA ahalegindu zen Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak abiatzen, nazioarteko bitartekaritza tarteko, baina saiakera antzua izan zen. Urrutikoetxearen kontrako epaia bera epaiketan bertan ez zegoela ebatzi zenez, hari uko egin eta beste epaiketa bat egiteko aukera aitortzen dio Frantziako legeriak.

Efe berri agentziak Justiziako iturriak aipatuz zabaldu du hilaren 19an Parisko Apelazio Auzitegian izango dela Urrutikoetxea, 2010eko sumario bateko auzia dela eta. Zazpi urteko kartzela ezarri zioten, ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatuta. Hilaren 28an, berriz, Parisko Auzitegi Korrekzionalean izango da, Eferen arabera, 2017an ezarritako zortzi urteko espetxeagatik.

Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuek adierazi dutenez, Urrutikoetxearen kontrako epaiketa bera gabe egin zuten, eta ez zuen bere kontrako epaiketaren abisurik jaso; epaitegi korrekzionalak epaitu zuen, delitu batentzat, eta ez krimen batentzat. Halaber, leporatua zaion delitua, gaizkile elkarteko kide izatea, bereziki "lausoa eta gaitzetsia" dela diote, eta ohartarazi dute ez diotela egozten pertsonen kontrako kalterik. Haien hitzetan, Josu Urrutikoetxeak ez du azalpenik emateko aukerarik izan orain arte eta erabat ukatzen ditu bere kontrako akusazioak; "hobengabetzat emana da". 

Joan den ostegunean, Josu Urrutikoetxea aske uzteko eskatu zuen intelektual talde batek Liberation egunkarian idatzitako iritzi artikulu batean. Orotara, 65 pertsona ezagunek izenpetu dute eskaera; tartean dira, Noam Chomsky, Slavoj Zizek, Michael Lowy, Helene Franco, Federica Giardini, Genevieve Fraisse. Change.org webgunean izenpedurak biltzeko kanpaina ere abiatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.