HAUTESKUNDE ONDORENA

PSE lehenetsi du EAJk

Jeltzaleen zuzendaritzak erabaki du sozialistekin harremanetan jartzea "akordio bat lortzeko aukerak aztertzeko".

EAJren EBBko bilera, joan den astean. LUIS TEJIDO / EFE
jon olano
2019ko ekainaren 3a
07:18
Entzun

Gaur arratsaldean batzartu da EAJko Euzkadi Buru Batzarra, udal eta foru hauteskundeen emaitzen ostean garatu beharreko aliantza politikaz erabakitzeko. EAJko iturriek zabaldu dutenez, EBBk erabaki du PSE-EErengana zuzentzea, "udal eta foru erakundeen gobernabidea ahalbidetuko duen akordio bat lortzeko aukerak aztertzeko".

EAJk "ez du aurreikusten" beste alderdi politiko batzuekin biltzea, horiek jada "baztertu" dutelakoan ezein akordio lortzeko aukera. Era berean, jeltzaleek atsekabea azaldu dute EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren buruzagiek eginiko adierazpenen aurrean. Nafarroari dagokionez, berriz, EBBk "konfiantza osoa" eman dio Napar Buru Batzarrari, hark har ditzan hartu beharreko erabakiak.

2013ko irailean dago akordio horren oinarria; orduan, EAJk akordioa egin zuen PSErekin Iñigo Urkulluren gobernuari sostengua emateko eta bi urtez aurrekontuak aurrera ateratzeko. Bi urte geroago, bi aldeek akordio hura berritzea erabaki zuten, udal eta foru hauteskundeen ostean koalizio gobernuak osatuta. Formula bera Eusko Jaurlaritzara eraman zuten 2016an.

Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, duela lau urte baino ordezkaritza zabalagoa eskuratu zuen EAJren eta PSE-EEren baturak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan nahiz Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udaletan. Orain, ikusteke dago bi indarren arteko aliantza zenbateraino ezartzen den lehen indarra beste alderdi bat den udaletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.