Nafarroa

Abalos: "Txibitek ez dio erronkarik bota alderdiaren zuzendaritzari"

Ferrazeko beste ahots kualifikatu batek, Jose Luis Abalos Antolamendu idazkariak, ohartarazi dio PSNri ezin dela EH Bildurekin "elkarlanean aritu" gobernua osatzeko negoziazioetan.

Bartzelona eta Geneva arteko lehen tren bidaiaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian egin ditu adierazpenak Abalosek. MARTA PEREZ / EFE
joxerra senar
2019ko ekainaren 4a
07:29
Entzun

PSOEk gehiago sakatu du galga. Espainiako komunikabideen fokuen pean jarri da Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioa, eta gaur Jose Luis Abalos PSOEko Antolamendu idazkariak izan du mintzagai Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin gobernua osatzeko PSNren saioa: "Txibite alderdikideak onartu du emaitza oso onak izan dituela Nafarroan, eta oso emaitza onak izan dituen alderdi ez-nazionalista bakarra izan da". Haren ustez, sortutako itxaropenari erantzun nahian dabil Txibite.

Hori esandakoan, PSOEko buruzagiak argi utzi die sozialista nafarrei ezin direla EH BIlduren menpe geratu. "Arazoa ez da hainbeste Bilduren abstentzioa, baizik eta horrek nola eragingo liokeen gobernuaren egonkortasuna bermatzeko orduan", arrazoitu du.

Txibitek bihar egingo du lehen bilera, 13:00etan, Nafarroako Parlamentuan, Uxue Barkos buru izango duen Geroa Baiko ordezkaritza batekin. 2007an eta 2014an, Ferrazek bere irizpidea inposatu zion PSNri, eta bidea zabaldu zuen eskuinak agintzeko edo agintzen jarraitzeko. Horrek min handia egin zien sozialistei, eta soilik orain lortu dute konfiantza hori berreskuratzea. Txibitek, horren jakitun, aurrera jo nahi du. Bere etorkizun politikoa ere jokoan izan dezake; azken batean, kanpainan hainbat aldiz errepikatu baitu ez zuela presidente egingo Javier Esparza.

PSNk aurrerantz jo nahi du, baina PSOEk galga jarri dio asmo horri. "Maria Txibite alderdikidea ez da ari zuzendaritzari erronka botatzen", erantzun du kazetariek PSNren asmoez galdetu diotenean.

Otegi: "Nafarroa estatu auzia da"

Arnaldo Otegik argi du nola amaituko den alderdi sozialista barruko tirabira hori: "Historiari begiratzen badiogu, Madrilek erabakiko du. Hemen erabakiak ez ditu Maria Txibitek hartzen". Euskadi Irratian goizean egindako elkarrizketan, Otegik azaldu du Txibite "gaizki" geratuko dela, baina "baita PSOE ere”.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, koalizioak adi begiratuko dio PSOEk egingo duen mugimenduari, legealdian egingo duenaren atariko moduko bat izango delako: “PSOEk eskuinaren presioari men egiten badio Nafarroan, berdin egingo du estatuak dituen gainerako arazoetan ere, bai Kataluniako auzian, bai presoenean”.

Epe luzerako beste ondorio bat ere atera du Otegik: “Koiuntura historiko honetan, Pedro Sanchez eta PSOE dira estatuaren azken karta gatazkak elkarrizketaren bidez konpon daitezkeela erakusteko”. Haren ustez, aukera hori alferrik galtzen badute, Euskal Herrian zein Katalunian ondorioztatu beharko da “Estatu espainiarrean” ez dagoela arazoak elkarrizketa bidez konpon ditzakeen inor”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.