HAUTESKUNDE ONDORENA

Iridoik entzungor egingo dio EBBri, eta hautagaitza aurkeztuko du Irungo alkatetzarako

EAJko Euzkadi Buru Batzarrak astelehenean erabaki zuen PSE-EErekin elkarrizketak abiatzea, udal eta foru erakundeetan aliantzak osatzeko.

Xabier Iridoi, botoa ematen, maiatzaren 26an.
jon olano
2019ko ekainaren 4a
07:08
Entzun

Ekainaren 15ean egingo dira udalak osatzeko eta alkateak aukeratzeko bilkurak, eta oraindik ez dago argi zeinek gobernatuko duen Irunen (Gipuzkoa). Izan ere, EAJko zuzendaritzak atzo erabaki zuen PSE-EErekin aliantzak egitea udal eta foru erakundeetan, baina, gaur, Xabier Iridoi EAJko alkategaiak jakinarazi du bere hautagaitza aurkeztuko duela Irungo alkate izateko, nahiz eta Jose Antonio Santano PSEko hautagaia izan zen boto gehien jaso zituena.

Iridoik uste du EBBk "modu orokorrean" hartu zuela PSE-EErekin aliantzak egiteko erabakia, baina horrek ez duela eragozten Irunen bestelako itun batzuk egitea eta EAJ-PSE akordioan "salbuespenak" egotea. Radio Irunen, azaldu du "ongi" iruditzen zaiola EBBk PSE-EErekiko ituna lehenestea, baina erantsi du Irun "kasu berezia" dela eta bertan ez dagoela "segurtasunik" akordio hori osatzeko. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, PSEk hamar zinegotzi eskuratu zituen, zazpi EAJk, lau Elkarrekin Podemosek, hiru EH Bilduk eta bat PPk.

Hautagaitza aurkeztuta, gehiengo absolutua beharko luke Iridoik alkatetza lortzeko. Horretarako, iragarri du harremanetan jarriko dela gainerako indar politikoekin, "gehiengo indartsu eta egonkor" bat osatu ahal izateko.

Santanoren eta Iridoiren arteko harremanak ozpinduta daude joan den legealditik. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek hautsi egin zuten udal gobernua, Santanok Xabier Iridoi Hirigintza zinegotzia egotzi eta gero. Herenegun Deia egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, Koldo Mediavilla EAJko Politika Instituzionaleko arduradunak ohar argia egin zuen: "Ikusiko dugu norekin gauden aliantzak egiteko prest, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu. Baina Irun, Basauri, Getxo edo Zaramaga bezala, EAJren udal erakundeak dira, diziplina bat zor dutenak". Mediavillak erantsi zuen EBBren erabakiak "EAE osorako" ezarriko duela "akordio estrategia" bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.