Hauteskundeen ondorena

PSEk dio ez dutela Andoaingo eta Pasaiako alkatetzarik hartuko EAJ gobernuan sartu ezean

Eneko Andueza Gipuzkoako idazkari nagusiak zail ikusten du ekainaren 15ean alkatetza horiek eskuratzea, EAJrekin Irungo egoera bideratu arren.

Idoia Mendia, Denis Itxaso, Eneko Andueza, Ernesto Gasco eta Carmen Calvo, artxiboko argazkian. GORKA ESTRADA / EFE.
2019ko ekainaren 10a
07:10
Entzun

PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Anduezak zail ikusten du Andoaingo eta Pasaiako (Gipuzkoa) alkatetzak beren esku geratzea. Larunbatean, EAJk baieztatu zuen azkenean ez duela Xabier Iridoiren hautagaitza aurkeztuko Irungo alkatetzara, eta PSErekin duen hauteskunde ituna "desblokeatu" zuten horrela. Izan ere, udal eta foru hauteskundeen ondoren, "akordio orokorra" egin nahi dute berriz PSErekin. Zalantza batzuk geratu dira argitzeko, ordea; atzo, Idoia Mendiak jeltzaileei ohartarazi zien "errespetuz" jokatu beharko dutela negoziazioan. Duela lau urteko eredua egokia dela esan du Anduezak, nahiz eta "lekuan leku" egokitu beharko den.

EAJk edo PSEk gehiengoa osatzen duten herrietan alkatetza eskuratuko dute, baina horietako herri batzuetan EH Bildu izan da lehen indarra. Besteak beste, Andoainen, Pasaian, Lezon, Soraluzen (Gipuzkoa) eta Zigoitian (Araba). Horien inguruan galdetu diote gaur Euskadi Irratian Eneko Andueza PSEren Gipuzkoako idazkari nagusiari, eta Anduezak esan du prest daudela herri horietan ere gobernuan sartzeko, baina, EAJ ez bada gobernuan koaliziokide aritzen, ez dutela alkatetzarik hartuko gutxiengoan gobernatzeko.

"Ez dakit Andoaingo EAJrekin fidagarritasun askorik izango dugun", esan du Anduezak Andoaingo kasuaz galdetuta —EH Bilduk lortu ditu ordezkari gehien, baina EAJk eta PSEk zinegotzi gehiago dituzte bat eginez gero—. Argiago aritu da Pasaiakoaz —Andoaingo egoera bera da—: "Pasaian, EAJk esan du gobernuan sartzeko aukera ez dutela aintzat hartzen. Hor ez dugu aukera askorik izango, nahiz eta beraien botoak eduki; gero gobernuan sartzen ez badira, negozio txarra".

Akordio orokorra egintzat jo arren, zenbait lekutan ikusteko dago "egonkortasuna" zenbateraino bermatuko duen EAJren eta PSEren arteko itunak. Akordioa "berretsi, berrikusi eta hobetzeko" nahia agertu du gaur Anduezak. Irunen, esaterako, jeltzaleek alkategaia erretiratu arren, "oposizioa" egingo dutela ohartarazi zuen Joseba Egibar GBBko buruak, eta  atzera egiteko eskatu du Anduezak. "Gure ituna egonkortasun lortzeko itun bat baldin bada, Egibar jaunak esan dituenek ez dute lekurik". Guztiarekin ere, "itxitzat" jo du Irungo krisia.

EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaoren hitzetan, hautesleek begi onez ikusi dute PSErekin egindako akordioa. ETB1en egindako elkarrizketan, "konfiantza" agertu du bi alderdiengan, "orain arte ikusi baitugu helburua izan dela egonkortasuna ematea, eta aurre egitea hiritarren arazoei". Bilbao: "Espero dut datozen pausoak ere bide horretan ematea".

Durango eta Elorrio, "bideratuta"

Alonsotegin (Bizkaia), berdinduta daude EH Bildu eta EAJ, baina PSEren zinegotziaren esku egongo da erabakia. Durangon eta Galdakaon, EAJ nagusitu bada ere, posible da EH Bilduk gobernatzea, Ahal Dugu-rekin bat eginda.

EAEko Ahal Duguren idazkari nagusi Andeka Larreak, berriz, ziurtatu du "ondo bideratuta" daudela Durangoko eta Elorrioko (Bizkaia) udaletan gobernuak osatzeko EH Bildurekin hasitako elkarrizketak. Durangon, EAJrena izan zen zerrendarik bozkatuena, baina EH Bildurekin botoak batuz gero gehiengoa izango lukete Ahal Duguk eta biek. Elorrion, berriz, EH Bildu izan zen alderdirik bozkatuena, eta Ahal Duguren babesarekin har dezakete alkatetza. "Guk ez dugu ezkutatu gure aukera euskal erakundeetan gehiengo aurrerakoiak osatzea dela, eta elkarrizketak programak oinarri hartuta akordi programatikoak lortuz gero, gobernu akordioak egin ditzakegu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.