OSAKIDETZA

Jaurlaritzak pisua kendu dio Murga sailburuari buruzko deklarazioari

Kardiologiako epaimahaiko kide batek adierazi du osasun zerbitzuan jakina dela oposizioetako iruzurra, eta Nekane Murga sailburuarekin orain urte batzuk izandako pasadizo baten berri eman du: "Zera esan zidan: 'Azterketa ez edukitzeko, oso ondo egin duzu'". Erkorekak dio aipamen horrek ez daukala funtsik, eta medikuaren aurka jo du.

Nekane Murga, martxoan, kargua hartu zuenean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 11
07:10
Entzun

Osakidetzako iruzurrari buruzko ikerketa judiziala martxan da, eta sumarioko grabazio bat zabaldu du Eldiario.es agerkariak. Izaskun Obieta medikuak egindako deklarazioa da; Kardiologia arloko epaimahaiko kidea zen Obieta, eta iruzur zantzuak zeudela deklaratu zuen fiskalaren aurrean. Osakidetzak berak ere hartu zion deklarazioa 2018ko ekainean, salaketen ondorioz zabaldutako barne espedientearen harira, eta deklarazio hartan aipatu zuen Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua.

Gogoan izatekoa da Kardiologia arloan ere iruzur zantzuak topatu zituela fiskalak, nahiz eta ez zuen zuzenean inor akusatu. Hala ere, arlo horretako epaimahaiko bi kidek epailearen aurrean deklaratu dute aurreko egunetan, lekuko gisa. Fiskalarenean ere deklaratu zuten, eta iruzur susmoak agertu zituzten. Izan ere, Kardiologiako lehen azterketa hautagai guztiek gainditu zuten —bi mediku horietako batek prestatu zuen—, baina bigarrenean alde handiak zeuden. Hain justu, lehen azterketa prestatu zuen medikuak, Angel Lomak, epaimahaiari ohartarazi zion "arrazoi sendoak" zeuzkala pentsatzeko epaimahaiko kide batzuek proba filtratuko zutela. Kezka horrekin bat egin zuen beste mediku batek, Izaskun Obietak. Hala dio fiskalak txostenean: "Dimititzea pentsatu zuen, ez zuelako horren erantzule izan nahi". Bigarren azterketan alde handiak izan ziren, eta "kontentu" zeuden epaimahaiko partaide batzuk.

Hain justu, Obieta kardiologoak Osakidetzaren aurrean egindako deklarazioa argitaratu dute orain —Belen Greaves EBBko arduradun ohiak hartu zion deklarazioa—. Iruzurraren zer froga dauzkan galdetuta, Obietak orain urte batzuetako pasadizo bat kontatu zuen, oposizioak egin zituen garaikoa. Deklarazioaren arabera, azterketa egin ondoren Mallorcara (Herrialde Katalanak) joan zen Obieta, orduan han ari baitzen, eta Nekane Murgarekin egin zuen topo, jardunaldi batean —Murga ere kardiologoa da—. "Ezagutzen nuenez, hitz egitera joan nintzaion hitzaldia amaitzean. Eta zera esan zidan: 'Azterketa ez edukitzeko, oso ondo egin duzu'". Deklarazio hori 2018ko ekainekoa da, Murga sailburu izendatu aurrekoa —Osakidetzan bazuen kargu bat hala ere: Planifikazio, Ordenazio eta Osasun Ebaluazioko zuzendaria zen—.

Obieta sendagileak dio iruzurraren beste zantzu bat dela Murgaren komentario hura. "Horrelako iruzkinak entzunda, nire begiek ikusi dutena ikusita...". Areago, ohartarazi zuen ez dela pertsona zehatz batzuen kontua, baizik eta Osakidetzan "vox populi" dela oposizioetako iruzurra. Antzera hitz egin dute beste mediku batzuek ere BERRIAn: Osakidetzan denek dutela iruzurraren berri.

Hain justu, argudio horri heldu dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak medikuaren aurka egiteko. "Osakidetzara sartu zen pertsona batek, hori vox populi bazen eta mundu guztiak bazekien, agian azaldu beharko luke nola sartu zen. Agian, lehen eskuko informazioa dauka". Erkorekak adierazi du Murgak komentario egin balu ere ez lukeela "garrantzirik", eta nabarmendu du orain dela hamabost urte gertatu zela hori, sailburuak inolako ardura politikorik ez zeukanean.

Osakidetzako bi arduradun nagusiek dimisioa emana dute iruzur salaketen harira: Jon Darpon Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak. Epaileak amaitu berri du lehen deklarazio fasea: lekukoekin batera, hiru ikertuek deklaratu dute —Anestesiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako kide bana—. Osakidetzako hiru arduradun falta dira deklaratzeko, epaileak oraindik ez baitu erabaki lekuko edo ikertu gisa joango diren epaitegira: Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria —kargua utzi zuen urtarrilean—, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.