HAUTESKUNDE ONDORENA

PSOE-EAJ bilera bihar, Espainiako Gobernua osatzeari begira

Aitor Estebanek ohartarazi du hauteskundeak berriro egiteak herritarrei ez liekeela "grazia handirik" egingo.

Jose Luis Abalos eta Aitor Esteban, iazko uztailean, Espainiako Kongresuan. KIKO HUESCA / EFE
jon olano
2019ko ekainaren 11
15:46
Entzun

Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiaren inbestidurara begira, babesak biltzen saiatzeko bilera sorta abiatu dute gaur sozialistek, eta, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak jakinarazi duenez, bihar elkartuko da Aitor Esteban EAJko diputatuarekin. Estebanek ez du baieztatu zein den bileraren arrazoia: "Enkargu bat utzi dit, ez dakit honetarako [inbestiduraz aritzeko] edo eguraldiaz hitz egiteko". 11:00etan daukate hitzordua. PSOEk EH Bildu eta Vox utzi ditu bilera sortatik kanpo.

Edozein kasutan, Estebanek erantsi du elkarrizketak "diskrezioz" egingo dituztela, balizko akordioen inguruan "gardentasuna" egongo den arren. Era berean, ez du zehaztu zeintzuk izango diren EAJren eskakizunak Pedro Sanchez gobernuburu izateko babestearen truke, baina iragarri du ez duela "lerro gorririk" jarriko.

Nafarroak negoziazioetan izan dezakeen pisuaz galdetuta, "nafarrei hitz egiten uzteko" eskatu du Estebanek, "sarri, beste helburu batzuetarako erabilia izan delako". Gaineratu du talde politiko nafarrak hizketan ari direla eta Nafarroan erabaki behar dutela gobernua nola osatu.

Sanchezek gehiengo absolutua beharko luke lehen bozketan, edo soila bigarrenean, berriro ere gobernuburu izan dadin. Oraingoz, ordea, ez dauka gehiengo hori bermatuta. Estebanek uste du "azkenean" beharrezko botoak lortuko dituela Sanchezek, aurreko legealdiko "espektakulua" saihesteko. Ildo horretan, erantsi du ez duela uste herritarrei "grazia handirik" egingo liekeenik berriro hauteskundeak egitea.

Atzo, Abalosek berak atea zabaldu zion Maria Txibite PSNko zerrendaburuari, Nafarroako Gobernura heltzeko gehiengo bat osatzen saiatu dadin: "[EH] Bildu abstenitzen bada, guk aurrez harekin negoziaziorik izan gabe, zergatik ez? Besteek egiten dutenak guri...". Bestetik, jakinarazi zuen ez dituela nahi UPNren Kongresuko bi botoak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko, EAJren seiak galtzeko arriskua lukeelakoan.

Atzo bertan, udal eta foru erakundeetan elkar babesteko aurreakordioa lortu zuten EAJk eta PSEk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, EAJk eta PSEk adostu dute bietako bat lehen indarra izan den herrietan babes gutxien jaso duen alderdiak handiena babestea, baiezko botoaren edo abstentzioaren bidez. Alegia, Bilbon, esaterako, PSEk Juan Mari Aburto EAJko hautagaia babestu beharko du, Aburtok irabazi baitzituen hauteskundeak.

Besterik da zer gertatuko den boto gehien duen alderdia beste bat izan baina EAJ-PSE baturak gehiengo absolutua izan dezakeen udaletan. Andoain, Lezo edo Pasaiaren (Gipuzkoa) kasua da, besteak beste. Horietan, EAJren eta PSEren artean boto gehien eskuratu duen alderdiak erabaki beharko du alkatetzara hautagaitzarik aurkezten duen edo ez; aurkeztuko balu, beste alderdia derrigortuta legoke bazkidearen hautagaitza babestera. Alkategaia aurkeztea edo ez, ordea, alderdien herrialdeetako zuzendaritzek erabakiko dute; esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzko Buru Batzarrak gaur bilduko dira, eta horiek erabaki beharko dute alkatetzara irits daitezkeen herrietan nola jokatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.