«Gehiengo egonkorretarako» ituna

EAJk eta PSE-EEk akordiorako oinarri bat lortu dute udal eta foru erakundeetan gobernatzeko. Bietako bat lehen indarra den udaletan, bazkideak babestuko du; lehen indarra ez diren kasuetan, alderdi nagusiak erabakiko du

Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia, iazko ekainean eginiko bilera batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Udal eta foru erakundeetan aliantzak eratzeko negoziazioetan aritu dira egunotan EAJ eta PSE-EE, eta, bi alderdiek jakinarazi dutenez, «aurreakordio bat» egin zuten atzo bi zuzendaritzak, Sabin Etxean eginiko bileran. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia izan ziren batzarrean, besteak beste. Bi alderdien arabera, «gehiengo egonkorretan sostengatutako gobernuak» osatzeko aurreakordioa erdietsi dute, eta, oro har, 2015ean eginiko akordioaren «oso antzekoa» izango da datorren legealdirako egingo dutena. Izan ere, emaitza «oso ona» ekarri du hitzarmenak azken lau urteetan. Jeltzaleek eta sozialistek espero dute datozen orduetan ixtea behin betiko akordioa.

Zehazki, EAJk eta PSEk adostu dute bietako bat lehen indarra izan den herrietan babes gutxien jaso duen alderdiak handiena babestea, baiezko botoaren edo abstentzioaren bidez. Alegia, Bilbon, esaterako, PSEk Juan Mari Aburto EAJko hautagaia babestu beharko du, Aburtok irabazi baitzituen hauteskundeak. Besterik da zer gertatuko den boto gehien duen alderdia beste bat izan baina EAJ-PSE baturak gehiengo absolutua izan dezakeen udaletan. Andoain, Lezo edo Pasaiaren (Gipuzkoa) kasua da. Horietan, EAJren eta PSEren artean boto gehien eskuratu duen alderdiak erabaki beharko du alkatetzara hautagaitzarik aurkezten duen edo ez; aurkeztuko balu, beste alderdia derrigortuta legoke bazkidearen hautagaitza babestera. Alkategaia aurkeztea edo ez, ordea, alderdien herrialdeetako zuzendaritzek erabakiko dute; esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzko Buru Batzarrak gaur bilduko dira, eta horiek erabaki beharko dute alkatetzara irits daitezkeen herrietan nola jokatu.

Hori horrela, EAJk eta PSEk oraingoz ez dute argitu hautagairik aurkeztuko duten lehen indarra izan ez diren udaletan. Hala ere, EAJko iturriek BERRIAri adierazi diote «zilegitasun demokratiko osoa» dutela lehen indarra ez diren kasuetan ere alkatetzak eskuratzen saiatzeko, eta gogora ekarri dute hala egingo dutela EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beste herri batzuetan.

Galdeketa, etzi

Tokiko erakundeetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietan gobernatzeko formulak negoziatzeko lanetan ari ziren bi indarrak, eta zeregin hori samurtu egin da ostiral iluntzetik. Orduan, EAJk erabaki zuen Xabier Iridoik ez aurkeztea hautagaitzarik Irungo alkatetzarako, eta Jose Antonio Santanok (PSE) alkatetzan jarraitzea ahalbidetzea. Korapilo hori askatuta, negoziazioak «desblokeatu» zirela jakinarazi zuen larunbatean Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak: «Orain has gaitezke EAJrekin hizketan, udalei egonkortasuna emango dien akordio bat lortzen saiatzeko».

Atzo, berriz, Anduezak berak beste baldintza bat jarri zien jeltzaleei: eskatu zien gobernuan sar daitezela PSEk alkatetza lor dezakeen herrietan. Andoaingo eta Pasaiako udalen kasua da: «Ez dakit Andoaingo EAJrekin fidagarritasun askorik izango dugun», esan zuen Andoaingo kasuaz galdetuta —EH Bildu da lehen indarra, baina EAJk eta PSEk zinegotzi gehiago dituzte—. Argiago aritu zen Pasaiakoaz: «EAJk esan du gobernuan sartzeko aukera ez dutela aintzat hartzen. Hor ez dugu aukera askorik izango, nahiz eta beraien botoak eduki; gero gobernuan sartzen ez badira, negozio txarra».

Aurreakordioa baieztatuta, bi alderdiek apenas behar izan duten astirik ados jartzeko. Ez zuten denbora asko: PSEk esana zuen militantziaren artean galdeketa bat egin behar zuela akordioari oniritzia emateko, eta kontsulta hori ostegunean egin beharra zeukala beranduenera. Sozialistek berretsi dute etzi galdetuko dietela kideei, eta honako hau izango dela galdera: «PSE-EEk gobernabiderako aurreakordio bat lortu du udaletarako eta foru aldundietarako EAJrekin, ahalbidetuko duena instituzioen jardun politikoa bideratzea hazkundea, enplegu duina, zerbitzu publikoen babesa, kohesio soziala eta euskal herritarren ongizatea bezalako helburuetara. Akordio hori babesten duzu?». Baiezkoa edo ezezkoa erantzun ahal izango dute militanteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.