Kataluniako prozesu subiranista

Auzia politikaren esparrura itzultzeko eskatu diote auzipetuek epaimahairi

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan, onarrizko eskubideen irismena zenbatekoa den zehaztuko dela nabarmendu dute. Bestalde, gaitzetsi egin dute Fiskaltzaren jokabidea. Salatu dute gertakariak puztu eta desitxuratu dituela, mugimendu independentista zigortzearren.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 12a
07:16
Entzun

"Ez da bidezkoa epaimahai honek auzi politiko honen gainean erabaki behar izatea. Nire ustez, zuek ez daukazue konponbidea, baina kaltea ez areagotzeko ardura daukazue". Jordi Sanchez ANCko presidente ohiaren adierazpenak dira, Espainiako Auzitegi Goreneko gaurko saioan egindakoak. Kataluniako prozesu subiranistaren epaiketan, azken hitzerako txanda izan dute gaur auzipetuek, auzia epaiaren zain utzi aurretik. Sanchezen ildo beretik mintzatu dira beste hainbat auzipetu ere, eta Gorenari eskatu diote auzia esparru politikora bideratzeko. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren esanetan, "auzia politikara itzultzea litzateke onena". "Elkarrizketaren eta adostasunaren esparrura", gaineratu du.

Hain zuzen, elkarrizketa eta akordioa jo dituzte auzipetuek Kataluniako auzi politikoa konpontzeko oinarrizko osagai gisa. Raul Romeva Kataluniako Atzerri Gaietarako kontseilari kargugabetuak nabarmendu du "politika eta demokrazia" direla irtenbidea. "Gu politikariak gara; ez gehiago, ezta gutxiago ere. Hori ongi ulertu ez zutenek zuei pasa dizuete auzi honen ardura. Eta orain zuek erabaki behar duzue".

Zenbait akusatuk nabarmendu dute Gorenaren epaiak izan dezakeen eraginaren garrantzia. Kataluniaren eta Espainiaren arteko auzi politikoari ekarpena egiteko aukera gisa jo dute epaiketa, baina hortik harago, Gorenaren erabakiak oinarrizko eskubideen irismena zehaztuko duela ere ziurtatu dute. Sanchezen esanetan, "lurralde gatazka batetik" "eskubideen eta askatasunen gatazka batera" igaro da auzia. Haren iritziz, ez da ausazkoa nazioarteko hainbat erakundek epaiketari buruzko iritzia eman izana. "Kontziente izan behar duzue zuen epaiak zehaztuko duela oinarrizko eskubideen muga".

Josep Rull Generalitateko Lurralde Antolaketako kontseilari ohiak nabarmendu du Europan ere arreta handiz ari direla jarraitzen auzia, oinarrizko eskubideen irismena finkatuko duen epaiketa gisa ulertzen dutelako, eskuin muturra indartzen ari den testuinguru batean. Romevaren iritziz, Espainiako Justizia buruzagi independentista kataluniarrak ari da epaitzen gaur, baina ohartarazi du, egoera onartuz gero, "bihar beste batzuk" izan daitezkeela.

Epaiketaren hasierako hitzaldietan egin bezala, autodeterminazio eskubidearen aldeko jarrera erabat zilegia dela defendatu dute auzipetuek, eta argi utzi nahi izan dute indarkeriaren erabilera oro arbuiatzen dutela. Junquerasen arabera, "botoa ematea ezin da sekula delitua izan". Romevak ere antzeko adierazpena egin du. Haren esanetan, Zigor Kodearen arabera erreferendum bat legez kanpokoa izan daitekeen arren, ezin da inoiz delitua izan. "Hautetsontzia ez da sekula estatu kolpe baterako erreminta bat", adierazi du Sanchezek.

Urriaren 1eko erreferenduma desobedientzia ariketa bat izan zela defendatu du ANCko buruzagi ohiak, eta desobedientzia zibila demokrazia osasuntsuekin lotu du Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak. Haren iritziz, talde batek desobedientzia zibilean oinarritutako ariketa bat egiten duenean "demokraziaren alde" egiten du, eta Espainiak erabaki beharko du lege bidegabeen aurrean desobeditzeko gai den gizarte eredu batera jo nahi duen ala ez.

Adierazpen askatasuna ere jokoan dago, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuaren arabera. Ohartarazi du parlamentuko mahaiak ezin duela "organo zentsore" bihurtu, eta eztabaida oro ahalbidetu behar duela. Hain zuzen, adierazpen askatasuna bermatze aldera, parlamentariei zigorgabetasuna aitortzen zaiela gogorarazi du, eta babes hori aldarrikatu du berarentzako ere.

Auzipetu guztiek nabarmendu dute akusazioek eskatzen dituzten zigorrak oso gogorrak direla —25 eta zazpi urte arteko espetxe zigorrak—. Zigor horiek justifikatzeko, Fiskaltzak gertakariak desitxuratu eta puztu egin dituela salatu dute. "Badirudi azken lau hilabeteetako saioek ez dutela ezertarako balio izan. Akusazioek aukera zuten hasierako idatziak aldatzeko, gezurrezkoak diren akusazioak idatzitik kentzeko. Baina mantendu egin dira", adierazi du Forcadellek. Ziur agertu da bere "ibilbide politikoarengatik" zigortu nahi dutela. Rullen esanetan, Fiskaltzaren jokabidea "onartezina" da Estatu Zuzenbide batean. Jordi Turull Generalitateko Presidentetza kontseilari ohiak, berriz, adierazi du Fiskaltzak erabakita duela Kataluniako mugimendu independentista zigortzea, horretarako gertakariak faltsutu behar baditu ere.

Epaiketak iraun artean, auzipetuak behin-behinean espetxeratzeko erabakia ere arbuiatu dute azken hitzerako txandan, eta auzia epairako zain gelditu denez, neurri hori bertan behera uzteko galdegin diote epaimahaiari. Sanchezen esanetan, behin-behineko espetxeratzearen erabilera "abusua" da Espainiako Estatuan, eta nazioarteko erakundeen irizpideak bere egiteko eskatui dio Gorenari.

Magistratuek epaia eman ondoren ere, auzi politikoak bere horretan jarraituko duela aurreratu du Cuixartek. Haren esanetan, urriaren 1eko galdeketan poliziaren indarkeriak ez zuen lortu herritarren borondatea uzkurtzea, eta epai batek ere ez du apalduko autodeterminazio eskubidearen aldarria. Omniumeko buruak epaiketaren "bozgorailua" baliatu nahi izan du Kataluniako herritarrak mobilizazio "baketsu, zibiko eta iraunkorrera" deitzeko.

Auzipetuen azken hitzerako txandaren aurretik, azken ondorioen txostenak aurkeztu dituzte defentsa abokatuek gaurko eta atzoko saioetan. Auzipetuen azken hitzarekin, lau hilabeteren eta 52 saioren ostean, epai zain gelditu da Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.