udalen osaketa

Enrique Maia aukeratu dute Iruñeko alkate

Navarra Sumako hautagaiak gehiengo soila lortu du, EH Bilduk eta PSNk beren hautagaiei eman baitiete botoa. "Errespetua" hitzeman die gainerako talde politikoei, eta dei egin du "batzen" dituena nabarmentzera, "muturreko ideologizazioa baztertuta".

jon olano
2019ko ekainaren 15a
18:42
Entzun

UPN Iruñeko Udaleko alkatetzara itzuli da, lau urte eta gero. Udalean eginiko inbestidura saioa 18:00etan hasi da, eta, bozketan, Navarra Sumako hautagai Enrique Maiak jaso ditu boto gehien: hamahiru. Joseba Asiron azken lau urteetako alkateak bederatzi boto jaso ditu, EH bilduren zazpi negotziena eta Geroa Baiko biena, eta Maite Esporrin PSNko hautagaiak bere alderdiko bost zinegotzien babesa lortu du. Maia alkate izan zen 2011tik 2015era bitartean, eta UPN 1999tik 2015era bitartean egon zen Nafarroako hiriburuko udal gobernuan.

1959an jaio zen, Montevideon, Uruguain. Oso haur zelarik etorri zen Iruñera. Arkitekto da ogibidez. 1984tik udal arkitekto izan zen, eta 1999an Iruñean zaharberritze bulegoan hasi zen lanean, 1999an, Barcinaren agintaldian, Etxebizitza atala zuzendu zuen arte. 2011ko agintaldian, Iruñeko alkate izan zen, eta azken lau urteetan oposizioburu izan da.

Maiatzaren 26an botoa eman zuten herritarrei eskerrak emanez hasi du aginte makila hartu osteko hitzaldia: "Oso kontziente nahiz herritarrek esan dutela hiriko gobernua indar politiko ezberdinen arteko elkarrizketaren ondorio izan behar dela". "Errespetua" hitzeman die gainerako talde politikoei, eta dei egin du "batzen" dituena nabarmentzera, "muturreko ideologizazioa baztertuta".

Era berean, agindu du iruindarren "eskubideak eta askatasuna" defendatuko duela. ETAren biktimak aipatu ditu, gogora ekarrita Tomas Caballero UPNko zinegotzia zena. "Duintasuna, memoria eta justizia" aldarrikatu ditu: "Ezin da elkarbizitzarik egon memoriarik gabe".

PSNk, bere hautagaia

Udal hauteskundeak egin ostean, ikusteke zegoen alderdi bakoitzak nola jokatuko zuen balizko gehiengoak osatze aldera. Navarra Suma lehen indarra izanik, hautagai alternatibo batek beharrezkoa zuen gehiengo absolutua —hamalau zinegotzi— alkatetza eskuratzeko. Ahalegin horretan aritu dira EH Bildu eta Joseba Asiron alkategaia, baina PSNk finkatua zuen jarrera: EH Bildurekin ez hitz egitea eta ezta hari botoa ematea ere.

Hori horrela, Maite Esporrin PSNko alkategaiak bere hautagaitza aurkeztu du, baina bere alderdikideen botoak baino ez ditu jaso. Funtsean, goizean Eguesibarren, Lizarran edo Burlatan gertatutakoa errepikatu da Iruñean; bere buruari botoa emanda, Navarra Sumaren alkatetzak ahalbidetu ditu PSNk.

Behin Maia aukeratuta, EH Bilduk mezu bat zabaldu du sare sozialetan, aginduz lan egingo duela Iruñea "etorkizunera" eramateko. Itziar Gomez (Geroa Bai) "tristuraz" mintzatu da: "Egun tristea da gaurkoa ezkertiar eta aurrerakoi sentitzen garenontzat. Politikoki, berriz, ulergaitza da. PSNk azalpenak eman beharko ditu". Esporrinek, berriz, Geroa Bai eta PSN egin ditu Maiaren izendapenaren erantzule: "Aukera izan dute gobernu aurrerakoi bat lortzeko, ni alkate izendatuta, eta muzin egin diote".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.