JOSU URRUTIKOETXEAREN ATXILOKETA

Urrutikoetxea "bake artisau" gisa jo dute Adamsek eta Kasrilsek 'Le Monde'-n

Frantziako egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean, esan dute Urrutikoetxeak "ezinbesteko rola" izan duela bake eta normalizazio prozesuan.

Michel Camdessus, Anaiz Funosas eta Gerry Adams, Arnagako konferentzian, iazko maiatzean. CAROLINE BLUMBERG / EFE
jon olano
2019ko ekainaren 21a
10:42
Entzun

Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkari ohia maiatzaren 16an atxilotu zuten Frantziako Alpeetan. Gaur, Le Monde egunkariak argitaratutako iritzi artikulu batean, atxiloketa hori "albiste txartzat" jo dute Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohi eta Aieteko adierazpeneko sinatzaileak eta Ronnie Kasrils Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide ohiak.

Adamsek eta Kasrilsek gogora ekarri dute ETAk aldebakartasunez erabaki zuela jarduera armatua behin betiko amaitzea, eta modu berean jardun zuela bere armagabetzean nahiz desegitean, 2017ko apirilean eta 2018ko maiatzean. "Etapa horiek guztiak ez zirateekeen posible izango euskal mugimendu independentistaren buruzagien erabateko konpromiso eta pertseberantziarik gabe", azaldu dute artikuluan, eta erantsi Josu Urrutikoetxeak "ezinbesteko rola" jokatu zuela prozesu horretan.

Adamsen eta Kasrilsen hitzetan, "euskal mugimendu independentistako urte luzeko kide gisa, Josu Urrutikoetxeak frogatu du kuraia handia izan duela indarkeriaren amaierari buruzko eztabaida eta ETAren armagabetzea eta desegitea sustatzeko eta ahalbidetzeko". Hura gabe, "ia ezinezkoa" zatekeen Euskal Herrian gertatutako "aldaketa esanguratsua" gauzatzea.

Bake prozesuetan esperientzia izandakoak dira biak, eta gogorarazi dute "negoziazio zailena" dela barne mailakoa, baina horixe dela "ezinbestekoa aurrera egin nahi bada".

Hori horrela, Frantziako Estatuari dei egin diote, "Euskal Herriko bake ahaleginak babestu" ditzan. Asteazkenean, Parisko Dei Auzitegiak aske utzi zuen Urrutikoetxea Frantziako prozeduretatik, baina horren ondoren Espainiak eskatutako euroagindu baten berri eman zioten Urrutikoetxeari, eta DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko agenteek atxilotu egin zuten. Atxiloketa horrek "mezu txarra" igorri die "Euskal Herrian nahiz nazioartean gatazka amaitzearen alde lan egiten dutenei", Adamsek eta Kasrilsek uste dutenez: "Bake artisauak babestuak izan behar dira, eta euren esfortzuak politika positiboekin lagundu".

Era berean, "triste" eta "oso kezkatuta" azaldu dira Parisko Dei Auzitegiaren erabaki "subiranoa berehala aldatu izana estatuaren eraginpeko esku hartze batek". Hori horrela, Frantziako Gobernuari dei egin dio Urrutikoetxea "behin betiko aske" utz dezan, horrek "babes eta elkartasun mezu irmoa" bidaliko liekeelako "bakearen aldeko ahaleginei Euskal Herrian".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.