Politika

Hualdek bihar hasiko du Lehendakaritzarako hautagai bat izendatzeko bilera erronda

Ezkerra, Ahal Dugu eta EH BIlduko eledunekin bilduko da bihar, eta Geroa Bai, PSN eta Navarra Sumako ordezkariekin, etzi. Parlamentuko mahaia zabaltzea posible ote den aztertuko dute zerbitzu juridikoek.

Gaurko mahaiaren eta eledunen batzordearen bilera. JAGOBA MANTEROLA
joxerra senar
2019ko ekainaren 25a
07:32
Entzun

Lehen bileran, erabaki nagusiak atzeratu egin ditu Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeak. 2007an eta 2015ean beste indar batzuk galdegin bezala, Ahal Dugu-ko bi parlamentariek eskatu dute talde mistoa utzi eta parlamentarien elkarte bat osatzea —funtsean, parlamentu talde baten eskubide berberak lituzkete—. Mahaian, aukera hori aztertzeko txosten ekonomiko eta juridikoa eskatu du, eta asmoa da "ahalik eta azkarren" erabaki bat hartzea. Eskaera aintzat hartuz gero, Marisa de Simonek eskatu du talde mistoak Ezkerraren izena hartzeko.

Halaber, PSNk mahai gainean jarri du parlamentuko mahaiak beste bi kide izateko proposamena. Asteazkenean, mahaia osatu zeneko osoko bilkuran, azken orduan Geroa Baik eta PSNk akordioa erdietsi zuten: EH BIlduk idazkari bat izatea ahalbidetuz, mahaiko lehendakari Unai Hualde izatea babestu zuten sozialistek, eta Geroa Baik mahaia zabaltzeko aukera babestu zuen. Hala ere, orain konpromiso hori gauzatu egin behar da.

Bere proposamenean, PSNk eskatu zuen txosten juridikoa. Gaur, EH Bilduk erantsi du zerbitzu juridikoek ere azter dezatela bideragarritasun juridikoa, eta Navarra Sumak ondorio ekonomikoen inguruko txostena galdegin du. Hala, zerbitzu juridikoen esku geratuko da aukera desberdinen bideragarritasuna aztertzea eta beste autonomia erkidegoetako parlamentuko araudiekin alderatzea. Mahai zabaldu eta araudia aldatu soilik Andaluzian (Espainia) egin zuten.

Mahaiaren zabaltzeaz

Aukera guztiak irekirik daude. Printzipioz, parlamentuko araudia aldatu egin beharko litzateke mahaiak beste bi kide izan ditzan: PSNk nahi du mahaiak izango dituen beste bi kide horiek PSN eta Ahal Dugukoak izatea. Zerbitzu juridikoek ikusi behar dute araudia aldatu bitartean ea Parlamentuko lehendakariak ebazpen bidez erabaki hori har dezakeen, behin behinean, eta zer baldintzatan egin beharko litzatekeen. Horren arabera, erabakia atzeratu daiteke edo nahiko azkar hartu. Halaber, aztertu behar da behin araudia aldatuta, bi kide gehiago izendatuta nahikoa ote den edo mahaia osatzeko prozedura errepikatu beharko litzatekeen.

Navarra Sumaren ustez, berriro errepikatu beharko litzateke prozedura. "Ematen du etxe honetan zentzugabekeriak ez direla amaitu. PSNren proposamena lege iruzurra izan daitekeela deritzogu", salatu du Javier Esparzak, Navarra Sumako eledunak. Bere esanetan, legea ez dago "alderdien interesen zerbitzura". Esparzaren arabera, mahaia osatu zeneko prozedura bera auzitan jar dezake eta berriro errepikatzera behartu.

EH Bilduren ustez, mahaiaren zabaltzeak ez dio gehiengoak ziurtatzeko interes politikoei erantzun beharko. Adolfo Araizen arabera, araudian ziurtatu egin beharko litzateke "parlamentuko talde guztiek" ordezkaritza izatea mahaian. Gogoan eduki behar da, mahaiaren osaerari buruzko iragan asteko eztabaidan, EH Bildu mahaitik kanpo uzten ahalegindu zela PSN. Gainera, uneotan, Ahal Dugu eta Ezkerra talde mistoan daude, baina lehenak eskatu du parlamentarien elkarte izatea. Funtsean, talde baten eskubideak lituzkeenez, EH BIlduk begi onez ikusiko luke sartzeko aukera. Zabaltzekotan, mahaiak zazpi kide izan beharko lituzke balizko berdinketak ekiditeko, lehendakariak ez baitu kalitateko botorik.

Araiz: "Bitartekaritza zuzena nahi dugu"

Atzo, lehen bilera egin zuten PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eta sozialistek 40 orrialdeko lehen zirriborroa eman zieten beste alderdiei. Lehen urratsa baino ez bada ere, edozein kasutan, Maria Txibitek EH BIlduren abstentzioa behar luke. Araizek argitu du koalizioak ez duela erabakirik hartu, baina bai ohartarazi dio PSNri eurekin negoziatu nahi dutela: "Bitartekaritza zuzena izan nahi dugu". Araizen arabera, "batez ere gainditu behar da bazterketa politikoa eta normalizatu egin behar da orain arte normala izan dena". Gogoan hartu du aurreko legealdian, hainbat legeren tramitazioan zein bestelako ekinaldi politikoetan, sozialistekin elkarrizketak izan dituztela. "PSN politika fikzioa saltzen ari da. 23 parlamentarirekin ez dago gehiengorik". Garrantzitsutzat jo du ere bai ikustea zer nolako proposamenak egin dituen PSNk zerga arloan, AHTn, hizkuntz politikan, udal mapen erreforman...

PSNko Ramon Alzorrizek berretsi du asmoa dela 23 parlamentariko gehiengoa osatzea. Atzo ekin zioten akordio programatiko osatzeko negoziazioari eta ondoren gobernu osaera izango dute hizpide. Prozesua amaitutakoan, aurkeztuko litzateke Maria Txibite: "Auzia ez da noiz nahi dugun, baizik eta noiz ahal dugun". aipatu du. Presarik ez dutela erantsi du. "Ez da horretarako unea". Hain zuzen ere, lau alderdien arteko hurrengo bilera ostegun arratsaldean izango da. Talde bateko iturriek esan dutenez, 17:30ean.

Hualde bihar eta etzi

Unai Hualde bihar bilduko da Ezkerrako Marisa De Simonekin 10:30ean. 11:00etan, Ahal Dugu-ko ordezkariekin batzartuko da, eta 11:30ean, EH Bilduko ordezkariekin. Etzi, berriz, 10:00etan hartuko du Geroa Baiko Uxue Barkos; 10:30ean, Txibiterekin bilduko da eta 11:00etan Navarra Sumarekin.

Txibitek 23ko gehiengo hori osatzeko bilkurek zer emango zain dago Esparza, urduri. PSOEri eskaini dio berriro Pedro Sanchezen inbestidura babesteko prest daudela. "PSNk ez du 26, ditu 11 parlamentari. Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu gehitzen baditugu, 23 parlamentariren babesa dute, baina 23k ez dute gehiengorik ematen. Bildu behar dute edo Bildu behar dute. PSN jabetu behar da horretaz".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.