Internet

Wikipediako 29. hizkuntza da euskara, azken bi urteetan kalitate handiko 800 artikulu berri sortuta

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko hitzarmenari esker, eskaintza hobetu da kopuru eta kalitatean. 

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko ekainaren 27a
18:05
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarak Wikipedian duen presentzia hobetzeko hitzarmena sinatu zuten 2017an. Elkarlan horrek emandako fruituen berri eman dute goizean, Bilbon. Azken bi ikasturteotan 2.500 ikasle inguruk hartu dute parte hobetze prozesu horretan eta 42.127 artikulu sortu dituzte: horien artean kalitate handiko 800 artikulu berri, eta beste 1.200 ingururen kalitatea hobetu dute. Artikulu kopuruaren arabera, Wikipediako 32. hizkuntza zen euskara 2017an; gaur egun, 29.a da. 302 dira guztira. Euskarak baino askoz hiztun gehiago dituztenak bere atzetik daude artikulu kopurutan. Euskarazko Wikipediak 30 milioi bisitari izan zituen iaz —2017an baino 5 milioi gehiago—, eta aurten 100.000 baino gehiago izan ditu hainbat egunetan. Hala, elkarlanaren balantze positiboa egin dute.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Galder Gonzalezen esanetan, "pozik" daude lortutako emaitzekin. Azken batean, hori zen helburu nagusia. Baina zehaztu du komunitate bat eratzea ere lortu nahi zutela. Eta lortu dute. "Guk egingo ez badugu, ez du inork bultzatuko euskarazko Wikipedia. Auzolana hezkuntza komunitatetik egitea erabaki zen, eta erabaki zuzena izan dela ikusi dugu". Izan ere, ikasleek gizartetik jaso duten ezagutza artikulu modura gizarteari itzultzea lortu dute. Aitortu du egia dela Wikipedian "edonork" idatz dezakeela. "Baina orain edonor horretan akademia ere badago". 

Ekimenean parte hartu duten 2.500 ikasleetatik 2.000 inguru EHUkoak dira. Beste 200, Deustuko Unibertsitatekoak, Mondragon Unibertsitatekoak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak dira. Gainontzeko 300 gazteak Batxilergoa ikasten aritu dira. Eta guztiek ikasketa prozesuaren parte izan dute Wikipedian artikulua idaztea. "Kasu askotan curriculumean txertatuta dago Wikipedian artikulu bat idaztea". Hain zuzen, horrek bermatzen du neurri batean artikuluen kalitatea. Ez diote soilik luzerari erreparatzen, baita edukiaren mamiari eta aurkezpenari ere. Artikulu horiek kontsumituko dituztenetan gehienak ikasleak izango dira, gainera. "Ikasleek eurentzako artikuluak sortzen aitzindarietakoak gara munduan". 

Elkarteko Edurne Agirrek azaldu duenez, programa honi esker %78 hazi da artikuluen batez besteko tamaina edo luzera. Kalitatea neurtzeko sistema bat ere sortu edo asmatu dute, adimen artifiziala erabilita. Kalitateari dagokionez, mailarik txukunena informazio eta komunikazio arloko artikuluek dutela zehaztu du. Biologian eta Geologian ere tamainan dabiltzala esan du. Onenak, eguzki sistemari dagozkionak dira. Gonzalezek eman du datua: gaiari buruzko artikulu guztiak inprimatuz gero, 600 orritik gora aterako lirateke, eta guztiak kalitate "bikainekoak". Aitortu dute zientzia puruei lotutako artikuluetan kalitate eta kantitate gehiago dagoela. Irakasleek dibulgaziorako aukera modura hartu dutela uste dute. Letretako diziplinetan, ordea, eskasago dabiltza. "Historian, Filosofian... gaiak sakonagoak dira, dentsoagoak. Eta sarritan edukiaren inguruan ez dago zientzietan dagoen besteko adostasuna adituen artean. Horrek zaildu egiten du". Musika, antzerkia, kirola eta gisa horretako gaietan kostatzen zaie gehien artikulua idazteko jendea aurkitzea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan, lankidetza honen helburua kalitatezko eduki digitalak euskaraz eskaintzea izan da. "Izan ere, mundu digitala behar du euskarak, ezinbestean". Bi urte hauetan espero ez zituzten produktuak ere sortu direla azpimarratu du. Txikipedia da hori. 2018ko udaberrian sortu zen. Lehenagotik bazegoen frantsesez umeentzako entziklopedia. Hastapenean 700 artikulu inguru zituen euskarazko Vikidiak —izen hori zuen—. Gehienak laburrak ziren, eta atariak arazo teknikoak zituen. Horregatik, Vikipediatik Txikipediarako saltoa egitea erabaki zuten. Urtebeteren buruan 1.900 artikulutik gora daude, eta lehendik idatzita zeudenak sakonagoak dira. Proiektu honen kasuan ere, euskal wikilariek eskoletako ikasleekin eta irakasle eskoletako ikasleekin egin dute lan. "Azken hauek kalitate handiko ekarpena egin dute, bereziki matematiketan eta natur zientzietan". 

Egitasmo honen baitan, BERRIAk ere egin du bere ekarpena euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzeko. Duela urtebete hitzarmena sinatu zuten euskarazko egunkariak eta Wikipediak: BERRIAn 2012tik argitaratutako 2.500 infografia baino gehiago sartu zituzten Wikipedian. Aurten, maiatzean, Txernobyli buruzko telesailaren arrakasta dela eta, zentralaren hondamendiarekin 2016an egindako infografiak ikustaldi markak hautsi ditu; ingelesezko bertsioan, kasurako, milioitik gora. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.