NAFARROAKO GOBERNUAREN OSAKETA

Navarra Sumak Sanchezi eskatu dio Nafarroa "ez desagerrarazteko erkidego gisa"

"Espainiako eta Nafarroako erakundeen duintasunaren aldeko" adierazpen bat plazaratu dute Javier Esparza UPNko presidenteak, Pablo Casado PPkoak eta Albert Rivera Ciudadanosekoak. Alderdiek konpromisoa agertu dute "etorkizunean akordiorik ez egiteko Nafarroako Gobernua nazionalistekin eta etazaleekin negoziatzeko eta adosteko gai den alderdi batekin".

Casado eta Esparza, adierazpena sinatzen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
jon olano
2019ko uztailaren 2a
07:14
Entzun

PSN atzo hasi zen Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin sektorekako bilerak egiten, Maria Txibite lehendakarigai sozialistaren inbestidura eta Nafarroako Gobernuaren osaketa ahalbidetzeko. Lau indar horiek 23 ordezkari dituzte Nafarroako Parlamentuan, eta, beraz, EH Bilduko zazpien babesa edo abstentzioa beharko luke Txibitek presidentetza lortzeko.

Hori horrela, adierazpen bateratu bat plazaratu dute gaur Javier Esparza, Pablo Casado eta Albert Rivera UPN, PP eta Ciudadanoseko presidenteek, "Espainiako eta Nafarroako erakundeen duintasunaren alde". Esparza bakarka agertu da Riverarekin eta Casadorekin, baina mezu bera zabaldu dute hiru indarrek: "Nafarroa Espainiako nazioaren batasunaren ardatza da".

Adierazpenean, Navarra Suma osatzen duten alderdiek salatu dute PSNk "men egin" diela Uxue Barkos Geroa Baiko zerrendaburu eta Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariaren eskariei, EH Bilduk Parlamentuko Mahaiko idazkaritza bat izanda: "Tamalez, ikusi dugu PSN-PSOEk onartu egin duela EAJk exijitutako guztia". Hiru indarrek ziurtzat dute PSN gobernura heltzeko modu bakarra dela EH Bildurekin ados jartzea, baina itun hori "immorala" litzatekeela eta sinatzaileak "deslegitimatuko" lituzkeela uste dute: "Badakigu EH Bilduk zer defendatzen duen eta zein balio ordezkatzen dituen".

Esparzak, Casadok eta Riverak "terroristen lagun" gisa deskribatu dituzte EH Bilduko ordezkariak, eta erantsi dute "Espainiako demokraziak" ez duela "merezi EH Bildu Nafarroako Gobernuaren osaketarako beharrezko elementua izatea".

"Irabazleak eta galtzaileak"

Navarra Sumako koaliziokideen arabera, PSN-EH Bildu itunak ahalbidetuko luke "irabazleak eta galtzaileak" egotea: "PSN-PSOEko buruzagiek eta edozein preziotara boterea lortzeko grinak irabaziko dute; euskal nazionalismoak irabaziko du, haren helburua delarik Nafarroa Espainia barneko erkidego desberdin gisa desagertzea, Euskadira anexionatzeko eta euskal errepublika delakoa sortzeko; eta irabaziko du Euskal Herria Bilduk, haren esku egongo baita Nafarroako gobernabidea eta etorkizuna".

Hiru buruzagiek galtzaileen artean aipatu dituzte "duintasun demokratikoa", "emandako hitza", "erakundeekiko konfiantza", "nafarren gehiengo zabala", "terrorismoaren biktimak", "konstituzionalismoa" eta "Espainia": "Sanchez jaunaren esku dago etikoki eta zintzotasun demokratiko baten ikuspegitik lerro gorri onartezin bat dena gainditzen jarraitzea". Hori horrela, sinatzaileek "konpromisoa" adierazi dute "etorkizunean akordiorik ez egiteko Nafarroako Gobernua nazionalistekin eta etazaleekin negoziatzeko eta adosteko gai den alderdi batekin. Ezin dugu onartu espainiarren eta nazio oso baten duintasuna umiliatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.