Alderdiak

EAko ildo kritikoa prest dago auzitara jotzeko primarioetarako afiliatuen datu basea eskuratzeko

Zuzendaritzak errolda "ukatzen" diela-eta alderdiko "egoera larria" dela esan dute Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaileek, eta "gardentasuna" eskatu dute idazkari nagusi berria aukeratzeko. Susmoa dute kuota ordaintzen ez duten afiliatuen kopurua puztuta ote dagoen. Ostiral honetan egingo dute ezohiko batzar nazionala.

Miren Aranoa EAko Nafarroako koordinatzailea, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoa eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoa, gaur, Donostian, EAren egoitzan. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko uztailaren 16a
07:23
Entzun

EA barruko "egoera larria da". Hala esan dute Miren Aranoa EAko Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoak, gaur goizean Donostian alderdiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Pello Urizarrek idazkari nagusiaren postua ekainaren 24an utzi ostean, arduradun berria aukeratu behar du EAk, baina Aranoak, Lopez de Aberasturik eta Goenagak adierazi dute gaur-gaurkoz ez dagoela "gardentasunik" primarioen faseari ekiteko, salatu baitute ez dutela afiliatuen datu baserako sarbiderik. Haien esanetan, sarbidea ez dute eskatu EAko afiliatu arruntek, "hainbat elkarrizketatan Joseba Gezuragak [jarduneko idazkari nagusiak] adierazi duen bezala", baizik hiru lurralde horietako koordinatzaileek, duela bi urtetik zuzendaritzako kide direnetik, baina zuzendaritzatik datuak "ukatu eta ezkutatu" egin izana deitoratu dute. "Nazio Batzordeko kide gisa ditugun eskubideak urratu egiten dira". Prest daude auzitara jotzeko. Gainera, susmoa dute kuota ordaintzen ez duten afiliatuen kopurua puztuta ote dagoen.

BERRIAk arratsaldean jakin duenez, EAk ostiral honetan egingo du ezohiko batzar nazionala (19:00, Gasteiz). Zuzendaritzaren atzoko oharrak zioenez, "afiliazioak prozesuarekin aurrera nola jarraitu erabaki dezan" egingo dute bilkura.

Orain dela bi urte, EAren ohiko batzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Urizarrena nagusitu egin zitzaion Maiorga Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak, Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak—. Bi ildoen arteko desadostasunak segitu egin zuen, alderdia orain "ataka" batean egoteraino, gaur kritikoek esan dutenez. Goenagak azaldu du lan batzuen ondoren datuen sarbiderako alderdi barruan egin duten bidea agortutzat eman dutela jada, eta, urte honetako hauteskunde zikloa amaitzeko zain egon ostean, prentsaurrekoa ematera behartuta ikusi dutela bere burua, egoera nola dagoen azaltzeko jendaurrean.

Hiruren esanetan, afiliatuen daturik ezean EAko Berme Batzordera jotzea erabaki zuten, eta batzordeak martxoaren 11n ebatzi zuen datu baserako sarbidea eta haren prozesuen kontrolerako aukera izan behar dutela zuzendaritzakideek, baina Goenagak dio eurek oraindik ez daukatela. Bost lagunek osatzen dute Berme Batzordea, eta hiru kide azaldu ziren datuak ematearen alde. Beste kide batek haien funtzionatzeko moduaren aurkako kexa azaldu zuen zuzendaritzan, eta horrek, "ustezko jokaera irregularren harira", espediente informatiboa zabaldu die hiru haietako bi kideri behintzat. EAko kritikoek ez dute ongi hartu hori. "Praktika irregularra, antidemokratikoa eta iluna dago EAn", adierazi du Lopez de Aberasturik.

Ikusita Berme Batzordearen erabakia ez zela "errespetatu", Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaileek azaldu dute ekainaren 20an Urizar idazkari nagusiari jakinarazi ziotela gaia Justizia arruntaren auzitegira eramateko asmoa zutela. "Lau egunen buruan dimisioa eman zuen". Ildo kritikokoek uste dute ekainaren 20koak eta 24koak "lotura" dutela. EAko zuzendaritzako kide batek BERRIAri azaldu dio Urizarrek lehenago hartua zuela uzteko asmoa; hots, erabakia zuela azken hauteskundeen zikloa amaitu ondoren bukatuko zuela bere ibilbidea arduradun modura —2009an aukeratu zuten—.

Gainera, lehengo astean jakin zen afiliatuen erroldarena konpontzen ez den bitartean primarioen fasea eten egin zuela Berme Batzordeak —primarioetako araudia ekainaren 13an onartu zuen EAko Nazio Batzarrak—. Hala, Goenagak esan du oraindik ez dagoela indarrean primarioen araudia —ez da iritzi berekoa zuzendaritza—, eta, beraz, idazkari nagusia hautatzeko primarioetara deitzeko bi hilabeteko epea ez dela hasi. "Garrantzitsuena ez da idazkari nagusia irailean edo abenduan aukeratzea, baizik eta aukeraketa gardentasun baldintzetan egitea eta barne demokrazia bermatzea".

EAko kuota ordaintzetik salbuetsita dauden afiliatuen kasuaren inguruan susmoa agertu du ildo kritikoak; batez ere, Bizkaiko kasuan daukate susmoa. Esan dute ez dakitela zenbat kide diren, eta, haiek ere botoa eman dezaketenez primarioetan, horrek baldintzatu egin dezakeela idazkari nagusiaren hautaketa. Afiliatu mota horren errolda eskatu dute.

"Gure iritzian, ataka egoera hau alderdia kontrolpean edukitzeko bi urte hauetan alderdiko estatutuak argi eta garbi urratu dituztenek sortu dute", azaldu du Goenagak.

Atzo arratsaldean EAko zuzendaritzak ohar batean zioen atzo bertan datu baseen kudeaketari buruzko aholkularitza batek zuzendaritzari helarazi ziola "afiliazioaren datuak zabaltzeko bideraezintasun legala" dagoela.

"Zuzendaritza paraleloa"

Atzo EAk ezohiko batzar nagusi bat iragarri izanarekin ere kritiko agertu dira Donostiako agerraldian. Lopez de Aberasturik esan duenez, atzo zuzendaritzaren bilera izan zuten lehenik, eta ildo kritikokoek ere parte hartu zuten. Gero nazio kontseiluaren bilera izan zen, baina aurrez EAko kide batek barru mailan WhatsApp bidez euren kontra esandakoengatik —alderdia uzteko esan ei zien— eta erabilitako moduengatik ez parte hartzea erabaki zuten, baina esan dute kontseilu bilera izan ordez "zuzendaritzaren bilera paraleloa" antolatu zutela ildo ofizialekoek eta han erabaki zutela ezohiko batzar nagusia antolatzea —EAk oraindik ez du datarik eman—.

EH Bildu

EH Bildurekin konpromisoa dutela nabarmendu dute Lopez de Aberasturik, Goenagak eta Aranoak, EH Bildu bilaka dadin "benetako nazio alternatiba", baina esan dute EA gisa lan handiagoa egin behar dela han. Deitoratu dutenez, Urizarren ildokoek EA EH Bildu barruan urtu nahi dute, eta "EA desagerraraztea". Haien arabera, EH Bildun erabakiak hartu ondoren eman izan du horien berri Urizarrek EAn, ez aurretik.

"Hausturarako arriskurik ikusten al duzue?", galdetu du kazetari batek, prentsaurrekoaren bukaeran. Lopez de Aberasturi: "Ez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.