11/13 auzia

Auzipetuen 38 haurrek epaiketaren ondorioz jasan ditzaketen kalteez ohartarazi dute

Hezkuntzaren eta psikologiaren arloko profesional talde batek txosten batean jaso ditu epaiketak haurrei eragin liezaizkieken ondorioak.

11/13 auziko auzipetuen agerraldia, gaur, Donostian, hezkuntza eta psikologia arloko hainbat profesionalekin batera. MAIDER GALARDI F. AGIRRE, @MAIDERGALARDI
2019ko uztailaren 20a
20:32
Entzun

Euskal presoen eskubideen defentsan aritu diren eta 11/13 auzian auzipetuta dauden 47 lagunek agerraldi bat egin dute gaur Donostian. Epaiketa horrek auzipetuen ardurapean dauden haurrengan izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute; auzipetuek 38 adingaberen ardura dute. Ion Mintegiaga auzipetuak adierazi duenez, haur horien zaintza bihurtu da "buruko minik handiena" auzipetu askorentzat: "Zer esan, noiz esan, nola esan; halako batean balitekeela aita edo ama etxean falta izatea denbora askorako".

Epaiketak haurrei eragin diezazkiekeen kalteak aztertzeko, auzipetuek psikologiaren eta haur hezkuntzaren arloko profesional talde batengana jo dute, eta talde horrek txosten bat ondu du. Profesional taldeko hainbat kide gaurko agerraldian izan dira, auzipetuekin batera; Amaia Vazquez psikologoak azaldu du halako egoera batek ondorio garrantzitsuak  dituela haurrengan: "Kasu guztietan, erreferentziazko pertsona baten galerak ondo egituratutako familia bati desegituraketa bat ekartzen dio".

Sintomatologiari dagokionez, hiru fase bereiz daitezke, Vazquezen esanetan. Lehenengoan, epaiketaren aurretik, "helduen estresak ezinegona eta antsietatea sortzen dizkie seme-alabei". Horren ondorioz, "gauzak hitzez azaltzeko zailtasunak" izan ohi dituzte. Bigarren fasean, epaiketak iraun bitartean, sintomak sakondu egiten dira. "Gurasoak hedabide publikoetan agertzeak eta Auzitegi Nazionalerako joan-etorriek estresa handitzea dakarte". Azkenik, espetxeratze posible batek sintomatologia zehatzagoa eragiten duela gaineratu du: "Haurrak ez du erabat ulertzen gurasoaren absentziaren zergatia". Horrek ondorio zuzenak ditu pasatu beharreko doluan: "Depresioa, abaildura, esperantzarik eza eta, muturreraino joz gero, suizidioaren ideia garatu daitezke".

Auzipetuen 38 haurretatik bik aniztasun funtzionala dutela nabarmendu du psikologoak. Hori dela eta, "arreta eta zaintza berezia" behar dituztela ohartarazi du. "Gurasoetako baten espetxeratzeak erremediorik gabeko ondorioak izan ditzake haientzat".

Profesional taldeak epaiketa salatu du, eta auzia bertan behera uzteko eskatu du. "Gurasoek ez dute espetxera joan behar; 38 haur hauek ez dute espetxe politikaren gurpilean sartu behar. Ez dute motxiladun ume bilakatu behar".

Mintegiagak azaldu du epaia jaso baino lehen ere "jadanik zigorra pairatzen" ari direla. "Etxeetako urduritasuna umeengan eragina izaten hasi dela nabaritzen dugu, eta kezka eragiten digute zigortuak izanez gero egoera eramanezin horrek eragin ditzakeen ondorio larriek".

Auzipetuek epaiketaren kontrako manifestazio batera deitu dute irailaren 14rako, epaiketa hasi baino bi egun lehenago. Haien egoera salatzeko nazioartera joko dutela ere iragarria dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.