Ukrainia

Zelenskik %42ko babesa jaso du parlamentuan, behin-behineko emaitzen arabera

Botoen %70,5 zenbatuta, agindutako erreformak garatzeko nahikoa indar lortuko luke Ukrainiako presidentearen alderdiak (%42,7). Bigarren alderdi bozkatuena Oposizioaren Plataforma alderdi errusiazalea da (%13).

Volodymyr Zelensky Ukrainiako presidentea, atzo, hedabideen aurrean, parlamenturako bozen ondorengo agerraldian. TATYANA ZENKOVICH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 22a
07:32
Entzun

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak lortu du helburua. Parlamentuan nagusi izango da eta agindutako erreformak bultzatzeko nahikoa indar eskuratuko du. Botoen %70,5 zenbatuta, botoen %42,7 jaso du Herriaren Zerbitzaria alderdiak. Hala ere, litekeena da akordioak bilatu behar izatea. Ahotsa alderdia da horretarako aukerarik errazena, eta Zelenskik egina dio keinua.

Presidenteak hauteskundeen aurretik baztertu zuen "botere zaharra" ordezkatzen dutenekin negoziatzea. Talde horretan leudeke Petro Poroxenko presidente ohiaren Europar Elkartasuna, Julia Timoxenko lehen ministro ohiaren Aberria eta Juri Boikoren Oposizioaren Plataforma errusiazalea. "Ez dut nire erabakia aldatu nahi eta nire alderdikideei berretsiko diet norabide berean jarraitu eta aurpegi berriak soilik txertatzeko beharra".

Zelenskik atzo baieztatu zuen akordiorako proposamena egina diola Ahotsa alderdiari eta hark buru duen Sviatoslav Vakarchuk rock abeslariari. Alderdi europeista eta liberalak %6,2ko babesa izango du, hauteslekuetan egindako zundaketen arabera. Herriaren Zerbitzaria alderdian bezala, Ahotsa alderdian ordezkari gehienek alor publikoaren kudeaketan esperientziarik ez duten profesionalak dira. Zelenskik berak ere ez du ibilbide politikorik. Komiko ezaguna zen Ukrainian, presidentegai aurkeztu zenean.

Presidenteak aurreratu du profil bereko "ekonomista bat" nahi duela lehen ministro kargurako, "iragan politikorik gabekoa" eta "guztiz profesionala". Hain zuzen, herrialdeko ekonomiaren suspertzea izango da gobernu berriaren erronka nagusietako bat. BPG %2,7 txikituko dela diote iragarpenek —%3,3 murriztu zen iaz—.

Horrez gain, Zelenskik Donbasseko gatazkarekin amaitzea ezarri du lehentasun, apirilean presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituenean. Gutxienez 13.000 hildako eragin dituen gerrari irtenbidea bilatu nahian, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu zen, eta negoziazioei berriro ekiteko proposatu zion, Frantzia eta Alemaniarekin batera osatutako mahaian.

Ustelkeriaren kontrako borroka da Zelenskiren eskaintzaren beste ardatz nagusienetako bat. Funtzionarioen aberaste bidegabea ekiditeko lege proposamen bat bidali zuen joan den astean parlamentura, eta parlamentarien zigorgabetasuna ezabatzeko asmoa ere agertu du. "Herriak zigorrak nahi ditu", adierazi zuen.

Emaitza ofizialak argitaratu arte, zaila da jakitea Zelenskik zenbateko babesa izango duen zehazki parlamentuan. Izan ere, parlamentuaren hautaketarako sistema mistoa da Ukrainian. 450 diputatutatik 225 alderdien zerrenden bidez aukeratzen dira, eta beste 199 zuzeneko hautaketaren bidez. Igandeko hauteskundeetan, ez ziren bozak egin Krimeako penintsulan —Errusiak bere zati bihurtu zuen 2014an—, ezta Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliketan ere. Beraz, Ukrainiako Parlamentuan hutsik jarraituko dute 26 eserlekuk.

Oposizioaren Plataforma alderdi errusiarzalea izango da parlamentuko bigarren indarra. Behin-behineko emaitzen arabera, botoen %12,9 ditu. Poroxenkoren Europar Elkartasunak, berriz, %8,4ko babesa du eta Timoxenkoren Aberriak %8koa.

Beraz, inkestek aurreratu dutena betetzen bada, Zelenskik bidea libre izango du hitzemandako erreformak garatzeko. Presidentetza eskuratu ondoren, parlamentua izan du erreforma horiek ezartzeko oztopo nagusia. Hori dela eta, berez udazkenean egitekoak ziren bozak aurreratzea erabaki zuen, maiatzean. Erabateko kontrola eskuratzea zuen jokoan, eta apustua ongi atera zaio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.