Nafarroako inbestidura

Txibitek bihar arte itxaron beharko du

Maria Txibite PSNko presidentegaiak ez du nahikoa babes lortu bere inbestidurako lehen bozketan, presidente izendatua izateko. Aldeko 23 boto jaso ditu eta kontrako 27 boto. Azken orduko ezustekorik ez bada, bihar hautatuko dute lehendakari.

Maria Txibite PSNko presidentegaia, gaur, Nafarroako Parlamentuan, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearekin eta Mikel Buil Ahal Dugu-ko bozeramailearekin. IñIGO URIZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abuztuaren 1a
07:06
Entzun

Emaitza esperotakoa izan da. Maria Txibitek gobernu akordioa izenpetu duten lau indarren babesa jaso du inbestidura saioan —23 boto—, eta, beraz, ez du boto nahikoa jaso Nafarroako lehendakari hautatua izateko —gehiengo osoa behar zuen—. Navarra Sumak eta EH Bilduk haren izendapenaren kontra bozkatu dute. Koalizio subiranistak, ordea, bestelako jarrera izango du bihar. Txibiteren inbestidura ez eragozteko konpromisoa hartua du. Aukera horren alde egin zuten koalizioko militanteen %75ak, atzo, EH Bilduk egin zuen barne galdeketan. Txibiteren inbestidurak aurrera egiteko beharrezko diren bost abstentzioak emango ditu —bigarren bozketan nahikoa du aldeko boto gehiago jasotzea kontrakoak baino—.

Gaurko emaitza jakina zen aldez aurretik, baina ikusteko zegoen alderdiek zer nolako jarrera erakutsiko zuten beren hitzaldietan. Txibitek EH Bilduri inbestidura osterako akordio bidea zabaltzeko keinurik egingo zion ala ez, Navarra Sumak zenbateraino estutuko zuen PSN Geroa Bairekin batera eta EH Bilduren ezinbesteko oniritziarekin gobernua osatzeagatik, gobernu ituna izenpetu dutenek haien artean zenbateko sintonia adieraziko zuten eta EH Bildu zein jarrerarekin zuzenduko zitzaion PSNri, hark inbestiduraren aurretik ofizialki biltzeari uko egin eta gero.

Txibitek hartu du lehenik hitza, goizeko saioan. Azaldu duenez, gobernu "plurala" eta "aurrerakoia" osatzea du helburu, eta horretarako "ezkerraren eta nazionalismoaren arteko akordioa" defendatu du. Nabarmendu du formula hori ez dela berria, "ez Nafarroan, ezta Espainian ere", eta gobernu ekuazio "eraginkorra" izan dela "aktoreak erdigune politikoan kokatu direnetan".

Gehiengorik ez duela aitortu du, baina Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin sinatutako akordioa goraipatu du. "Eraiki ahal izan den gehiengorik osoena" dela esan du, eta "oinarririk onena" horixe izango duela gobernuak, "edukien inguruko akordio" bat. Eduki horiek onartzeko "egunez egun, adostasun zabalak" bilatuko dituztela azaldu du.

Lauko berriaren 23 botoen bermea zabaltzeko, Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesa bilatu beharko du Txibitek. Bi indar horiekin negoziatzeari uko egin dio inbestiduraren aurretik, nahiz eta EH Bilduk PSNrekin hitz egiteko borondatea agertu duen eta koalizioaren zuzeneko nahi zeharkako babesa lehendakari hautatua izateko ezinbesteko duen.

Hain zuzen, EH Bildurekin ez hitz egin izana aurpegiratu dio Bakartxo Ruiz koalizioko bozeramaileak Txibiteri, arratsaldeko saioan, taldeen txanda heldu denean. "Batzuek onartu ezin dutena da Nafarroan ezin zaiola eskuinari aurre egin EH Bildu kontuan hartu gabe. Txibite anderea, politika fikzioa egiten aritu zara".

EH Bilduko militanteek Txibiteren inbestidura ez eragoztea erabaki zuten, atzo, barne galdeketa batean. Ruizen esanetan, "mesfidantza handiz" hartu dute erabakia. Hala ere, abstentzioaren alde egiteko arrazoiak azaldu ditu. "Nafar jendartearentzat horren kaltegarria izan den erregimenaren osaketa ekiditearen alde egin dugu". Horrez gain, koalizioaren iritziz, "aukera batzuk" egon daitezke, "gutxienez, lau urteotan egindako guztia ez galtzeko". Hori bai, gobernuak parlamentura bidaliko dituen proposamenei dagokienez, ohartarazi du ez dutela "atzera urrats bakar bat ere onartuko".

Txibitek saioaren amaieran egin duen azken hitzaldian adierazi du parlamentuko talde guztiekin hitz egingo duela eta guztiek merezi dutela "errespetua". Aurretik, umiltasuna ekintzekin frogatzen dela nabarmendu du Ruizek, eta Nafarroako hainbat udaletan EH Bilduren alkatetzak eragozteko Navarra Sumarekin egindako akordioak ekarri dizkio gogora Txibiteri.

Javier Esparza Navarra Sumako bozermaileak, berriz, traiziotzat jo du Txibitek Geroa Bairekin koalizioa osatu eta EH Bildurekin "ezkutuko akordioa" egin izana. Haren esanetan, "Etikaren eta moralaren mugak gainditu ditu PSNk". Esparzak nabarmendu du EH Bilduk oniritzia eman diola PSNk gidatutako gobernuari. "Abertzaleek zu nahiago zaituzte, badakitelako Navarra Suma horma bat dela nazionalismoarentzat". Nafarroako konstituzionalisten arteko akordioari bizkarra ematea leporatu dio.

Nafarroan "gatazka" ez bilatzeko eskatu dio Txibitek Esparzari, eta ez ditzala nafarrak elkarren aurka jarri. UPNk Navarra Suma koalizioa eratzeko PPrekin eta Ciudadanosekin egin duen hitzarmena kritikatu du, gainera. Esparzari gogorarazi dio PPk Nafarroarenak diren eskumenen zentralizazioa defendatzen duela, eta Ciudadanos foru erregimena ezabatzearen aldekoa dela. "Hori da zure kontraesan nagusia", aurpegiratu dio. Horrez gain, ETAren biktimen mina ez erabiltzeko galdegin dio.

Hala egin dute Txibiteri babesa eman dioten alderdietako bozeramaileek ere. Esparzaren "gezurrak" eta akusazioak gaitzetsi dituzte, eta biktimen minaz egin duen erabilera. Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen iritziz, "Egungo Nafarroak ez du zerikusirik eskuinak hizpide dituen mantra histerikoekin". Lortu duten itunaren harira egin dituen kritikekin Nafarroaren izena "zikintzea" leporatu dio.

Txibitek egin bezala, Barkosek ere pluraltasunaren aldarria egin du. "Pluraltasuna ez da arazo. Esperientzia politikoak dio arorik emankorrenak beti izan direla ezberdinen arteko negoziazioaren ondorioa". Horrexegatik, hark eskatutako "konfiantza" emango diote Txibiteri: "Zuhurtziaz".

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aitortu dute PSNrekin desberdintasun garrantzitsuak dituztela, eta hainbat gaitan desadostasunak adostu behar izan dituztela. Esaterako, zergen alorrean. "Badakigu koalizio gobernu batean sartzea arriskutsua dela talde minoritarioentzat, baina hartuko dugu arrisku hori", adierazi du Mikel Buil Ahal Dugu-ko bozeramaileak. Ezkerrako parlamentari Marisa De Simonen esanetan, berriz, bere indarra "leiala eta zorrotza" izango da. Gobernutik kanpo, oposiziotik, "akordioa betetzea" bilatuko dutela iragarri du. Bestalde, PSNk EH Bilduri "betoa" jarri izana kritikatu du De Simonek.

Alderdiek iragarritako jarrerari eusten badiote, eta azken orduko ezustekorik ez bada, Txibite bihar izendatuko dute Nafarroako lehendakari, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko 23 botorekin, kontrako 22 botorekin —Navarra Sumaren 20ak eta EH Bilduren kontrako beste bi— eta EH Bilduren bost abstentziorekin.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.