EUSKAL PRESOAK

Foro Sozialak azaldu du "adostasunak" daudela ongietorrien alorrean

Agus Hernan bozeramaileak esan du Foro Soziala gaia lantzen ari dela martxotik, eta orain sortutako polemikak "udako ekaitz bat" direla.

Agus Hernan eta Aitzpea Leizaola, Foro Sozial Iraunkorraren agerraldi batean, iazko otsailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 16a
09:45
Entzun

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea elkarrizketatu dute Onda Vasca irrati katean, eta hor jakinarazi du foroak martxoan ekin ziola ongietorrien inguruan lan egiteari. Horretarako, bilera ugari egin dituzte Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko zenbait indar politikorekin, eta, azkenaldian elkarrizketak "hozkailuan" egon badira ere hauteskunde zikloarengatik, berriro ekingo diote eragile gehiagorekin biltzeari: besteak beste, sindikatuekin, ETAren biktimekin eta beste eragile batzuekin batzartuko dira.

Bilera horietan "hiru adostasun" antzeman dituzte. Batetik, ETAren biktimen posizioarekiko errespetua eta, "nolabait", ongietorriek "berriro biktima" bihurtzen dituztela; bestetik, "ETAko presoen eta iheslarien senideekiko errespetua" horiei "poztasunez harrera" egiteko orduan; azkenik, hirugarren adostasun puntua da "eragile guztiek" uste dutela presoen auzia konpontzeak "ekarpena" egingo liokeela "elkarbizitza demokratikoari". Horregatik, Hernanek uste du presoen ongietorrien alorrean konponbide bat erdietsiko dela.

Ildo horretan, Hernanek gogorarazi du Foro Sozialak proposamen bat egin duela alor horretan, eta eskaintza hori "biktimekiko errespetuan" oinarrituta dagoela, ongietorriek "onartu ezin den oinaze erantsi bat" eragiten dietelako. Hala ere, gaineratu du presoen senideen oinazeak ere "aitortza bat" behar duela.

Jose Jabier Zabaleta Elosegi Baldo euskal presoa uztailaren 27an atera zen libre Zuerako (Zaragoza, Espainia) kartzelatik, eta sorterrian egin zioten harrera egun berean, Hernanin (Gipuzkoa). Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten harrera; 22 urteko zigorra bete ondoren atera zen Topasko kartzelatik (Salamanca, Espainia). Bi ongietorriak ikertzen ari da orain Espainiako Auzitegi Nazionala.

Hernanek gogorarazi du aurten 28 laguni egin dietela harrera, hamabost preso ohiri eta hamahiru iheslari ohiri, eta soilik hiruk sortu dutela polemika. Hortaz, uste du polemika hori "udako ekaitz bat" bihurtu dela. Ildo horretan, oroitarazi du Parot doktrina bertan behera uztean espetxetik irtendako presoei ez zitzaiela harrerarik egin hala "adostu" zelako, eta gaineratu du Foro Soziala irailetik aurrera saiatuko dela gaia "espazio mediatikotik" ateratzen eta "lan eremuetara" eramaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.