Alardea

Hondarribiko alkatea Jaizkibelekin bildu da

Irteera ordua aldatzeko agertutako asmoaz aritzeko elkartu da. Adierazi die kazetari bati erantzunez esan zuela esan zuena, eta "lasaitasuna" lortzeko modu bat izan zitekeela uste zuelako egin zuela hori. Gatazka konpontzeko elkarrizketaren aldekoa dela esan die konpainia parekideko kideei. Astelehenean hasiko dituzte entseguak.

Jaizkibel konpainiako kideak, Hondarribiko San Pedro kalean, iaz. GORKA RUBIO (FOKU)
2019ko abuztuaren 30a
16:50
Entzun

Hondarribiko alardean Jaizkibelen irteera ordua aldatzeko eginiko proposamenaren zergatia azaldu die Txomin Sagarzazu alkateak (EAJ) konpainia parekideko kideei. Ostegun honetan eginiko bilera batean, adierazi die esan zuena esan zuela uste zuelako "lasaitasuna" lortzeko modu bat izan zitekeela; horrez gain, "ezer berri gutxi" gaineratu zuen, Izaskun Larruskain konpainiako kapitain ohiak eta bozeramaileak azaldu duenez. Sagarzazuk ordutegia aldatzeko asmoa agertu zuen jaien egitaraua aurkezteko prentsaurreko batean. Jaizkibelekoei esan die kazetari batek galdetu ziolako erantzun zuela hori.

Horrez gain, bileran harridura agertu zuen alkateak, Jaizkibelek Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailean eskatu zutelako desfilatzeko baimena. Konpainia parekideko kideek gogoratu zioten urtarrilaren 2an eskatu zutela horretarako baimena udalean, eta abuztuaren 22an jaso zutela erantzuna. Entseguak egin ahal izateko, gutxienez hamar egun lehenago behar zuten baimena, eta horregatik jo zuten Segurtasun Sailera. Han eskatu eta ordu batzuk geroago jaso zuten udalarena.

Jaizkibelekoak ostiral arratsaldean bilduko dira alkatearekin izandako bilera aztertzeko. Dena den, Larruskainek azaldu du adierazpen horiek bere horretan utzi eta beste puntu batean jarri nahi dutela indarra: elkarrizketan. Azpimarratu duenez, alkateak berak ere horren aldeko jarrera agertu zuen bileran.

Ostegunean, halaber, Hondarribiko Udalak bozeramaileen bilera egin zuen —alde guztiekin biltzekoa da—, eta, Sagarzazuk konpainia parekideko kideei esan dienez, ordezkari politiko guztiek jarrera bera agertu zuten. Horiek horrela, elkarrizketari babes instituzionala ematea aurrerapausotzat jo du kapitain ohiak. "Gure ustez, hori da bidea". Jaiak pasatzean, bide horretan aurrera egiteko borondatea agertu du konpainiak.

"Errespetua"

Irailaren 8an egingo den alardeari buruz, Jaizkibelekoek Sagarzazuri eskatu diote eskura duen guztia egin dezala errespetua ziurtatzeko; besteak beste, konpainia parekidearen desfilea ikustera doazenei trabak ez jartzeko; adibidez, Kale Nagusian sartu eta ateratzeko.

Jaizkibelen entseguak irailaren 2an hasiko dira, astelehenean; eta 3an eta 5ean ere egingo dituzte. 20:00etan abiatuko dira Axular kaletik, Miramarretik. Irailaren 5ean banatuko dute Berdintasun saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.