11/13 sumarioa

Hilaren 14an "Bilboko kaleak betetzera" deitu du Etxerat-ek

11/13 sumariokoen aldeko manifestazioa egingo dute etzi zortzi Bizkaiko hiriburuan.

Urtzi Errazkin eta Patricia Velez, gaurko agerraldian.
Urtzi Errazkin eta Patricia Velez, gaurko agerraldian. / Etxerat

Jon O. Urain -

2019ko irailak 5

Irailaren 16an hasiko dira epaitzen 47 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean, presoen babes taldeetan parte hartzea leporatuta. Bi egun lehenago, manifestazio bat egingo dute Bilbon, auzia salatzeko, eta Etxerat-ek bat egin du deialdiarekin.

Euskal presoen senide eta lagunen elkarteak agerraldi bat egin du Gasteizen, eta "bere elkartasun eta maitasun guztia" helarazi die auzipetu guztiei: "Datozen egunetan haien alboan egongo garela jakinarazi nahi diegu". Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek dei egin diete "gizarte zibilari eta eragile politiko, sozial eta sindikalei", uste dutelako "beharrezkoa" dela "aurrera egitea, sufrimendua eta haren ondorioak atzean uztea". "Badakigu kasu honetan ere erantzuteko gai izango garela. Aurrera egiteko garaia da", erantsi du Errazkinek.

Hilaren 14koa ez da mobilizazio bakarra izango, sindikatuek elkarretaratzeak egingo baitituzte bihar, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean batuko dira; Bilbon, Plaza Eliptikoan; Donostian, Alderdi Ederren; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, Udaletxe plazan.

Denera 47 lagun daude auzipetuta, presoen babes taldeetan aritzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak.

Guztira 601 urte eskatu ditu fiskaltzak, eta zigorrak 11 urte eta hogei urte artekoak dira, baina batez beste 12 urte ingurukoak auzipetu bakoitzarentzat. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela azaldu dute 47ek: gastu juridikoak, 236.440; garraioarenak, 28.950, eta hiru hilabeteko ostatuarenak, 72.072.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna