Euskal presoak

Frantziak Xabier Goienetxea Mont-de-Marsango espetxera hurbildu du

Euskal presoa  Fresnesen zeukaten lehen. 2015ean atzeman zuten, ETAren armagabetze prozesuan lanean ari zela.

enekoitz esnaola
2019ko irailaren 11
12:11
Entzun

Frantziak Xabier Goienetxea Iragorri euskal presoa (EPPK) Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania) hurbildu du, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Orain arte, Fresnesko espetxean zeukaten, Euskal Herritik —Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta— 870 kilometrora. Mont-de-Marsan, 215 kilometrora dago.

Parisko gobernua iazko otsailean euskal presoak hurbiltzen hasi zenetik, halako 28. mugimendua da Goienetxearena. Horietatik hemezortzi Mont-de-Marsanera eraman dituzte, eta hamar, Lannemezanera.

2015eko uztailean atxilotu zuten Goienetxea, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Iñaki Retarekin batera, ETAren "aparatu logistiko-militarraren" aurkako operazio batean. Grazi Etxebehere, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberriri ere atzeman zituzten, laguntza ematea egotzita. Iazko abenduan izan zen epaiketa, eta Retak esan zuen ETAren armagabetze prozesuan haren "zuloak ixteko helburua" betetzen ari zirela. Auzitegi Korrekzionalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zien Retari eta Goienetxeari, urte eta erdikoa Etxebehereri, eta seina hilabetekoa Mateori eta Lekunberriri —azken hirurak ez zituzten espetxeratu—. Reta Fresnesen dute preso.

Frantziako Estatuan gaur-gaurkoz 39 euskal preso daude: EPPK-ko 38 eta AEM inguruko bat. 39 horietatik 26 dauzkate Euskal Herritik hurbilen diren bi kartzeletan: Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen, hamahiruna. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.