Frantziak Xabier Goienetxea Iragorri euskal presoa (EPPK) Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania) hurbildu du, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Orain arte, Fresnesko espetxean zeukaten, Euskal Herritik —Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta— 870 kilometrora. Mont-de-Marsan, 215 kilometrora dago.
Parisko gobernua iazko otsailean euskal presoak hurbiltzen hasi zenetik, halako 28. mugimendua da Goienetxearena. Horietatik hemezortzi Mont-de-Marsanera eraman dituzte, eta hamar, Lannemezanera.
2015eko uztailean atxilotu zuten Goienetxea, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Iñaki Retarekin batera, ETAren "aparatu logistiko-militarraren" aurkako operazio batean. Grazi Etxebehere, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberriri ere atzeman zituzten, laguntza ematea egotzita. Iazko abenduan izan zen epaiketa, eta Retak esan zuen ETAren armagabetze prozesuan haren "zuloak ixteko helburua" betetzen ari zirela. Auzitegi Korrekzionalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zien Retari eta Goienetxeari, urte eta erdikoa Etxebehereri, eta seina hilabetekoa Mateori eta Lekunberriri —azken hirurak ez zituzten espetxeratu—. Reta Fresnesen dute preso.
Frantziako Estatuan gaur-gaurkoz 39 euskal preso daude: EPPK-ko 38 eta AEM inguruko bat. 39 horietatik 26 dauzkate Euskal Herritik hurbilen diren bi kartzeletan: Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen, hamahiruna.