POLITIKA

EAk urriaren 25ean egingo du idazkari nagusia aukeratzeko bozketa

Urriaren 14an izendatuko dituzte hautagaitzak.

Eusko Alkartsunaren XII. kongresua, 2017ko ekainean. JON URBE / FOKU
jon olano
2019ko irailaren 16a
10:04
Entzun

Eusko Alkartasunak martxan jarri du idazkari nagusia aukeratzeko egutegia. Joseba Gezuraga jarduneko idazkari nagusiak alderdiko Batzorde Eragilean azaldu du hauteskunde primarioen prozesua abian dela, eta Hauteskunde Antolaketa Batzordeak lehen bileran zehaztu ditu datak. EAk ohar batean eman du horien berri.

Irailaren 30ean, afiliatuei jakinaraziko diete zein hauteskunde erroldatan dauden, eta urriaren 14an izendatuko dituzte "primarioetako araudiak zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten hautagaitzak". Urriaren 15etik 24ra bitartean kanpaina egingo dute, eta 25ean izango da idazkari nagusia aukeratzeko bozketa.

Hauteskunde Antolaketa Batzordeak kudeatuko du prozesua, eta batzorde hori eratu dute jada. Kide dira jarduneko idazkari nagusia, antolakuntza, finantza eta hauteskunde ekintzarako idazkaria, Batzar Nazionaleko Mahaiko kide bat eta idazkari bat. Halaber, hautagaitza bakoitzak ordezkari bana izango du HABan.

Gezuragak EAko Batzorde Eragilean gogorarazi du afiliatuek eta alderdiko organoek "bere estatutuak betetzeko betebeharra" dutela, eta, horrenbestez, baita "primarioen prozesua garaiz eta formaz deitzeko betekizuna" ere. Era berean, elkarrizketarako gonbita egin du berriz. “Alderdiak baditu elkarrizketarako bideak, alderdiak badu elkarrizketarako beharrizana, eta zuzendaritza honetan elkarrizketarako borondate zintzoa dago”.

Pello Urizar idazkari nagusi ohiak ekainaren 24an jakinarazi zuen EAko buruzagitza uzteko erabakia, baina urak harro daude alderdian. Ildo kritikoak dio duela bi urtetik afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen ari zaiola zuzendaritzari. Datu basea "ezkutatzea" egotzi diote. Bestalde, alderdiko kuota ordaintzen ez dutenen errolda ere eskatu du ildo kritikoak, kopurua puztuta dagoelakoan ildo ofizialaren mesedetan. Horiek lortzeko, auzitara jo du sektore kritikoak, eta salatu Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako koordinatzaileei espedientea zabaldu dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.