Akordioa

Hitzarmena sinatu dute BERRIAk eta Jaurlaritzak

Hizkuntza Politikako Sailak 2,3 milioiko ekarpena egingo dio BERRIAri aurten eta datozen bi urteetan. Egunkariaren aurrekontuaren %30 estaliko du horrela. Beraz, aurrerantzean ere autofinantzaketa izango da proiektuaren zutabe nagusia: ezinbesteko izango da komunitatearen babesa.

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko irailak 25

Aurreko urteetako gatazkak eta aldebakarreko irizpide aldaketak gaindituta, akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta BERRIAk. Euskarazko egunkariaren historian lehen aldiz eman dute pauso hori. Aurten eta datozen bi urteetan, 2,3 milioi euroko ekarpena egingo dio Jaurlaritzak BERRIAri urtero. Inoiz baino babes handiagoa da. Laguntza horrek BERRIAren aurrekontuaren %30 estaliko du. Beraz, proiektuaren habe bat izango da babes publikoa, baina autofinantzaketa izango da euskarri nagusia aurrerantzean ere: salmentak, publizitatea, eta, batik bat, BERRIAlagunak. Geroa ziurtatzeko, hortaz, komunitatearen babesa ezinbesteko izango du BERRIAk datozen urteetan ere.

Azken urteak bereiziki zailak izan dira egunkari nazionalarentzat. Batetik, papereko hedabideen krisiak jo du: nahiz eta inoiz baino euskaldun gehiagorengana iritsi, egunkari salmentak jaitsi egin dira, eta Internetek diru etekin txikia dakar oraindik —eduki guztiak sarean libre ditu BERRIAk, euskarak ezinbesteko duelakoan—. Horri erantsi behar zaio publizitateak izandako beherakada. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak aurreko agintaldian izandako jokabideak egin dio kalte: aldebakarrez, sektorearekin adostu gabe, diru laguntzak banatzeko irizpideak aldatu zituen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta BERRIAri egin zion kalte berezia. Inoizko laguntzarik eskasenak jaso ditu BERRIAk azken urteetan.

Euskalgintzan azken urteetan zabaldu den elkarlan ildoaren bidetik, berritasunez betetako argazkia egin dute Eusko Jaurlaritzako eta BERRIA Taldeko arduradunek: elkarrekin aurkeztu dute hiru urterako ituna. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran sailburuordea eta Estibaliz Alkorta zuzendaria izan dira aurkezpenean; eta BERRIA Taldetik, Beatriz Zabalondo lehendakaria, Iban Arregi kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi zuzendaria.

Ia hiru urteko bidearen ondorio da hitzarmena. Laguntzen azken ebazpena, BERRIAri mozketa ekarri ziona, 2016ko abenduan sinatu zuen sailburuordetzako aurreko taldeak, agintaldiaren azken hondarretan —izatez, ebazpena aldizkari ofizialean argitaratu zutenerako aldatua zen taldea—. Sailburuordetzako arduradun berriek gaiari heldu zioten, eta aste batzuen buruan gogoetari ekin zioten Jaurlaritzak, Gipuzkoako Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimen komunikabide elkarteak; helburu zuten hedabideen egoera zein den aztertzea, eta babes sistema adostea. Egindako elkarrizketa bidearen ondorio da orain indarrean jarri duten eredua; Bizkaiko eta Arabako diputazioak ere sartu dira sisteman.

Aldaketa handiak egin dituzte. Batetik, laguntzak "ordenatu": Jaurlaritzak emango die babesa hedabide nazionalei, eta irratiei, telebistei eta Interneteko atariei; tokiko aldizkariei, berriz, aldundiek. Bestetik, laguntzen zenbatekoa zehazteko, ez dute lehia eta puntuazio sistemarik erabiliko, beste oinarri bat baizik: proiektuaren kostu estandarren zati bat estaltzea. Jaurlaritzak eta aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte urtean, iaz baino hiru gehiago.

Laguntzak emateko deialdia martxan dago. BERRIAk ere gisa bereko baldintzetan jasoko du laguntza, baina, deialditik beharrean, itun bidez. Haren "ezaugarri bereziak" aintzat hartuta erabaki du hori Eusko Jaurlaritzak; besteak beste, egunkari nazional bakarra dela.

Zenbateko laguntza jasoko du?

Kostu estandarren zati bat estaltzea da laguntza sistema berriaren oinarria. Kostuak finkatzeko, azterketa bat egin zuen iaz Siadeco ikerketa elkarteak: horren arabera zehaztu dute laguntzak zenbatekoak izango diren sortutako eta inprimatutako orrialde bakoitzeko, eta banatutako ale bakoitzeko.

Diru laguntzetan BERRIAk dauka gorakada handienetakoa; alegia, finantzaketa publikoek kostuen zati bat estaltzea ezarri dutenean, aldaketa handienetakoa egunkari nazionalak du, proportzioan laguntza publiko txikienetakoa jaso baitu urteetan. Aurten eta datozen bi urteetan 2,3 milioi euro jasoko ditu urtean; iaz jasotakoa baino milioi bat euro handiagoa da diru laguntza hori —kontuan izatekoa da iaz inoiz baino laguntza txikiagoa eduki zuela BERRIAk: 1,3 milioi—. Horrekin aurrekontuaren %30 estaliko ditu BERRIAk —%20 baino gutxiago estali du azken urteetan—. Igoera handia da, baina kontuan izatekoa da batez besteko finantzaketa publikoaren azpitik dagoela BERRIA oraindik ere.

Zer baldintza ditu hitzarmenak?

EAEko Euskararen Legea erabili du Jaurlaritzak BERRIArekin hitzarmena egiteko argudio modura. Gogora ekarri du legeak zer dioen: herritarrek eskubidea dutela informazioa euskaraz jasotzeko, eta hori bermatzeko betebeharra daukala Jaurlaritzak.

Itunean badira klausulak. Batetik, produkzioari lotuak: astean sei zenbaki argitaratzea, bideragarritasun ekonomikoa lortzea... Orain arteko laguntza deialdietan ere baziren. Bestetik, izaerarekin lotutako puntuak: gizartearen aniztasuna islatzea, irakurlegoaren bilakaera jarraitzea, euskaldunen hiztun komunitatea jartzea erdian... BERRIAren misioarekin bat datozen puntuak, finean.

Lan baldintzak hobetu ahalko dira?

Urteotako egoera gordina BERRIAko lantaldeak nozitu du bereziki: soldatak jaitsita eta izoztuta eduki ditu urteetan. Siadecok, kostu estandarrak kalkulatzeko azterketan, soldatei buruzko datuak ere bildu zituen. Hara: BERRIAn, batez beste 26.700 eurokoa izan da lanaldi bakoitzeko kostua azken urteetan, publikoak ez diren euskarazko hedabideetako soldaten batez bestekotik mila euro beherago. Areago, begirada zabalduta, hau diote datuek: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunikabideen arloan, batez besteko lanaldiko kostua 50.500 eurokoa da. Ia BERRIAko bikoitza, alegia.

Finantzaketa publikoa igotzeak bide emango du BERRIAko langileen soldatak handitzeko, hamar urtean lehen aldiz. Aurten, %15-20 igoko dira lansariak, lan kategoriaren arabera. Hortaz, batez besteko soldaten nabarmen azpitik jarraituko dute, baita Siadecok kostu estandarren proposamenean zehaztutako estandarren azpitik ere (33.100).

Komunitatearen babesa beharko du oraindik?

Arnasa ekarriko du BERRIAk Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenak: “jauzi bat” egiteko aukera eta langileen baldintzak hobetzeko modua. Hala ere, euskarazko egunkariak ezinbesteko du komunitatearen hatsa, haren babesa. Gaur egun, 15.000 BERRIAlagun baino gehiago daude sare horretan. Oinarri sendoa da, baina ezinbestean zabaldu beharrekoa.

Papereko eta Interneteko eskaintzaren bidez gero eta euskaldun gehiagorengana heltzen da BERRIA. Internetek izan du goraldi handia azken urteetan. Edukiak libre ditu BERRIAk sarean, denen esku, euskararen normalizazioan ekarpen handiagoa egin nahirik. Horren balioaz eta kostuaz ohartarazi nahi izan dute, BERRIAren edukietara jotzen dutenei babesa eskatuz: jasotzen duten zerbitzuaz kontziente izanik, BERRIAlagun egin daitezen. Ari dira fruituak iristen: BERRIAlagun gehienak Internetez datoz. Hori areagotzea da erronka aurrerantzean ere: erakundeekin ezarritako habeak komunitatea izatea zutabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna