ALDERDIAK

Eva Blancok hautagaitza aurkeztuko du EAren primarioetan

Alderdiko Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak astelehenean izendatuko ditu hautagaiak.

Blanco, Amurrion botoa ematen erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketan, 2018ko maiatzean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 10a
21:35
Entzun

EAk urriaren 25ean egingo ditu idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde primarioak, eta alderdiko zuzendaritzako iturriek BERRIAri jakinarazi diote Eva Blanco legebiltzarkideak bere hautagaitza aurkeztuko duela prozesu horretan. Alderdiak ezohiko batzar nazionala du gaur arratsaldean, Gasteizen, eta bertan emango du Blancok aurkezteko erabakiaren berri.

Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Blancok esan du EAren proiektua "indartzeko" unea dela, alderdiak "etorkizuna" duelako eta ekarpen "handia" egin diezaiokeelako EH Bilduri: "Egoera zailean gaude, eta alderdi honek premiazkoa du kohesionatzea eta denek norabide berean lan egitea".

Atzo, Maiorga Ramirez sektore kritikoko kideak jakinarazi zuen bera ere lehiatuko dela idazkari nagusi izateko. Azaldu zuenez, alderdiko Berme Batzordeak primarioei buruzko araudiaren zenbait atal moldatu zituen joan den ostiralean, "barne demokraziaren parametroetara" egokitzeko.

Hautagai bakoitzak aurkeztutako abalen baldintzen aldaketan dago gakoa: ekainean onartutako araudiak zioen hautagaiek bost abal behar dituztela gutxienez herrialde bakoitzean, eta 50etik gora Euskal Herri osoan; ostiraleko aldaketak ezabatu egiten du herrialde bakoitzean bosna abal lortzeko baldintza. Izan ere, Ipar Euskal Herrian hogei kide ditu alderdiak, eta hiru herrialde horietan bost abal eskatzeak eragiten du "parte hartze eskubidea modu larrian urratzea".

Araudiaren beste aldaketetako bat da Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak bozketaren aurretik ikuskatu beharko duela erroldan daudenek eguneratuta duten kuotaren ordainketa, eta, salbuetsita badaude, frogatuta al duten salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela. Aldaketa garrantzitsua da sektore kritikoarentzat, susmoak jarrita baitituzte Bizkaian kuota ordaintzeaz salbuetsita dauden kide kopuru handian. Era berean, posta bidezko botoa emateko aukera kendu du Berme Batzordeak.

Kritikoen kexa

Halere, horrek ez du ildo ofizialaren eta kritikoen arteko arrakala txikitu. Izan ere, sektore kritikoak salatu duenez, zuzendaritzak ebazpen proposamen bat aurkeztu du gaur arratsaldeko batzar nazionalean, "Berme Batzordearen ebazpenak desobeditzea" proposatuta. Horren aurrean, dokumentu bat izenpetu dute 39 lagunek, ohartaraziz Batzar Nazionalak ez duela eskumenik Berme Batzordearen ebazpenei entzungor egiteko. Agiri horretan, erantsi dute gaur aurkeztutako ebazpen proposamenak "erantzukizun judizial larriak" izan ditzakeela, "oinarrizko barne arauak aldatzea" proposatu dutelako.

Halere, sinatzaileek dei egin diote zuzendaritzari "sen onaz" jokatzera eta "zentsurarik eta mugarik gabe" ahalbidetzera idazkari nagusiaren aukeraketa. Izan ere, hauteskunde primarioetarako erreferentzia gisa hartzen bada ekainaren 13an onartutako araudia, Maiorga Ramirezen hautagaitzak lanak izan ditzake bost abalen langara iristeko. Ramirezek Iruñeko alkartetexean aurkeztuko ditu abalak bihar, 13:00etan.

Astelehenean, izendapenak

Bihar amaitzen da hautagaitzak aurkezteko epea, eta Hauteskunde Batzordeak asteburua izango du hautagaitza bakoitzak baldintzak betetzen dituen aztertzeko. Astelehenean izendatuko ditu ontzat jotako hautagaitzak, eta asteartean hasiko da kanpaina.

Blanco EAko Kontseilu Nazionaleko kidea da, eta Eusko Legebiltzarreko presidenteordea. 2015eko udal hauteskundeetan, EH Bilduren alkategaia izan zen Amurrion, bere sorterrian. 46 urte ditu. Ramirez (Iruñea, 1976), berriz, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria da, eta Pello Urizarrekin lehiatu zen 2017an, EAko idazkari nagusi izateko. Hamalau botoren aldearekin galdu zuen bozketa hura.

Pello Urizar idazkari nagusi ohiak ekainaren 24an jakinarazi zuen EAko buruzagitza uzteko erabakia, baina arrakalak zabalik jarraitzen du alderdi barruan. Ildo kritikoak dio duela bi urtetik afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen ari zaiola zuzendaritzari. Datu basea "ezkutatzea" egotzi diote. Bestalde, alderdiko kuota ordaintzen ez dutenen errolda ere eskatu du ildo kritikoak, kopurua puztuta dagoelakoan ildo ofizialaren mesedetan. Horiek lortzeko, auzitara jo du sektore kritikoak, eta salatu Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako koordinatzaileei espedientea zabaldu dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.