ALDERDIAK

EAko idazkaritza nagusirako abalak aurkeztu ditu Maiorga Ramirezek

Alderdiaren Nazio Batzarrak atzo iluntzean berretsi zuen primarioen ekaineko araudiari eustea, Berme Batzordeak araudiari eginiko aldaketak baliogabetzat jota.

Maiorga Ramirez, gaur, aalak aurkezten. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 11
17:28
Entzun

Eusko Alkartasunako idazkari nagusia izateko hauteskunde primarioei begira, gaur gauerdian amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea. Urriaren 25ean egingo dute bozketa, eta Maiorga Ramirez sektore kritikoko hautagaiak gaur aurkeztu ditu horretarako abalak, Iruñeko alkartetxean. Nafarroako 124 aurkeztu ditu eguerdian. Baleko hautagaitzak astelehenean izendatuko dituzte.

Ramirez pozik agertu da haren hautagaitza babestu dutenak gogora ekartzean, eta horietako batzuk aipatu ditu: Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia eta alderdiko sortzailea, Maider Beloki eta Eva Aranguren Iruñeko zinegotziak, Koldo Amezketa alderdiaren sortzaileetakoa eta behin-behinean EAko presidentea 2009an... 

Horren aurretik, Radio Euskadin mintzatu da Ramirez, eta esan du EAk "bere lana" egin behar duela "alderdi sozialdemokrata gisa" EH Bilduren barruan. Izan ere, kritikatu du orain arteko bidean ez dela "argi" ikusi EAren rola: "EAk gehiago egin behar du EH Bilduren inguruan masa sozial handi bat biltzeko, eta erreferenteak behar ditugu, eta ez bigarren postuan egotea".

Ramirezek azaldu du EAren ekarpen nagusiak direla "sozialdemokrazia, giza eskubideen defentsa argia eta indarkeria guztien gaitzespena", eta errespetatu Sortuk beste hitz batzuk erabil ditzakeela.

Berme Batzordea auzitara eramateko aukera

Atzo Gasteizen eginiko Nazio Batzarrean onartutako ebazpenaren berri eman du EAk. Horren arabera, Nazio Batzarra da "alderdiaren organo gorena biltzar batetik besterako tartean", eta haren eginkizuna da "Biltzar Nagusiaren erabakiak betetzen direla zaintzea eta alderdia zuzentzea". Zereginen artean dago "araudiak onartzea", eta, horien artean, "hauteskunde primarioetako araudia".

Nazio Batzarrak ekainaren 13an onartu zuen primarioetako araudia, baina alderdi barneko Berme Batzordeak gaur zortzi jakinarazi zuen ebazpen bat, primarioen araudiko hainbat atal aldatuz. Atzo onartutako ebazpenaren bidez, Nazio Batzarrak adierazi zuen "alderdiko edozein organoren eskutik datorren eta estatutuei eta antolakuntza araudiari aurka egiten dion ezein ebazpen" baliogabea litzatekeela.

Hor dago orain eztabaidaren mamia. Izan ere, ekainean onartutako araudiaren arabera, hautagai bakoitzak 50 abal aurkeztu behar ditu gutxienez: herrialde bakoitzean, bost gutxienez. Baina Ipar Euskal Herria barruti bakartzat jota, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hogeiren bat afiliatu ditu EAk, eta zaila dirudi bi hautagaietako bakoitzak bost abal eskuratzea. Joan den larunbatean emandako ebazpenean, bost abalen baldintza ezabatu zuen Berme Batzordeak. Hortaz, ikusteke dagoena da Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak aintzat hartzen duen atzoko ebazpena edo Berme Batzordeak ostiralean jakinarazitakoa. Edozein kasutan, sektore kritikoko iturriek BERRIAri azaldu diote Maiorgak lortu dituela bost abalak Ipar Euskal Herrian.

Hori horrela, Nazio Batzarrak berretsi zuen primarioen prozesuarekin jarraitzea ekainaren 13an onartutako araudian jasotako baldintzen arabera, eta "datu babestuak ez ematea, Berme Batzordeari aurka eginez; izan ere, Datuen Babeserako Lege organikoa ez betetzea zigorgarria" litzateke. Azkenik, Nazio Batzarrak dei egin zien Nazio Batzarrari berari nahiz Kontseilu Nagusiari Berme Batzordearen ekinbideen aurrean "ekintza legalak azter ditzaten". 55 kidek bozkatu zuten ebazpenaren alde, 39k kontra eta batek boto zuria eman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.