BIZIKIDETZA

Altsasuko auziak sortutako "frustrazioaz" ohartarazi du Foro Sozialak

Erantsi du frustrazio horrek "arriskuan" jartzen duela "alderdien, sindikatuen, jendarte zibilaren eta Nafarroako Gobernuaren artean eraikitzen ari garen errail zentralaren lana".

Manifestazioa egin zuten Altsasun urriaren 9an, Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu ostean. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 24a
21:39
Entzun

Urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorra ezarri zien 2016ko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean (Nafarroa) izandako liskarrengatik akusatutako gazteei. Hori ikusita, Foro Sozial Iraunkorrak "kezka eta egonezina" adierazi du, uste duelako auzia "sekulako frustrazioa" eragiten ari dela Nafarroako gizartean eta, bereziki, gazteen artean.

Foro Sozialak gogorarazi du auziari buruzko iritzia ematea saihestu duela luzaroan, bere lan eremua "indarkeria ziklo luzearen ondorioen konponbidea" delako eta uste zuelako Altsasun gertatutakoak "ez zuela zerikusirik ziklo horrekin". Hala ere, erabaki du epaiak "Nafarroan eraikitzen ari den elkarbizitza demokratikoan izango duen eraginari buruzko irakurketa" egitea.

Foro Sozialak uste du Nafarroan hasi berri den legealdia “elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duena" izango dela, baina auzia eragiten ari den frustrazioak "arriskuan" jartzen duela "alderdien, sindikatuen, jendarte zibilaren eta Nafarroako Gobernuaren artean eraikitzen ari garen errail zentralaren lana".

"Guztion artean egiten ari garen lan honek indarkeria zikloaren ondorioen konponbidea du helburu, elkarbizitza demokratikoan oinarritutako etorkizun bat indartze aldera, betiere indarkeria mota guztietako biktimekiko eta partekatutako memoriarekiko begirunez", erantsi du.

Hori ikusita, dei egin du "etsipenean" ez erortzera:  "Ikuspegi luze batekin egindako hausnarketek adierazten digute baldintzak egon badaudela. Egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu denok, eta baldintza horiek baliatu. Politika hauek guztiak indartzeko eta azkartzeko garaia da, bai erakundeen aldetik, bai jendarte zibilaren aldetik".

Aitzitik, Foro Soziala jakitun da "gatazka ukatzen duen pisu handiko sektore bat" dagoela Nafarroan: "Hala eta guztiz ere, epai honek gazteentzat eta bere senideentzat esan nahi duena aintzat hartuta, oso argi dugu Nafarroako jendartearen gehiengoak, alderdi politiko gehienek eta sindikatu guztiek elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna nahi dutela". Ildo horretan, "atzera begiratuko duen etorkizuna" babestu du foroak, "bakea eta giza eskubideen kultura batean gainean eraikiko dena. Hori da etorkizuna duen alternatiba bakarra; bestea iraganean ainguratzea izango litzateke".

Larunbaterako "Duintasunaren Martxa" eta ondoren elkarretaratzea antolatu dute. 09:30ean abiatuko da martxa, Altsasutik, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, Iruñean (16:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.