Posta bidezko botoak

Partida zabalik dago Bizkaian

Espainiako Estatutik kanpoko botoak diputatu banaketa alda dezake oraindik. 4.500 boto daude jokoan, eta asteazkenetik aurrera zenbatuko dituzte.

Iñigo Urkullu eta Aitor Esteban (EAJ), elkar besarkatzen, atzo.
Iñigo Urkullu eta Aitor Esteban (EAJ), elkar besarkatzen, atzo. Marisol Ramirez / Foku

Jon O. Urain -

2019ko azaroak 11

Espainiako Gorteetarako hauteskundeek emaitza argiak utzi zituzten Hego Euskal Herriko lurralde gehienetan. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, indar politikoek alde handiarekin lortu zuten azken diputatua eskuratzea.

Dena den, orain Bizkaian dago arretagunea. EAJk bere nagusitasuna indartu zuen atzo gauean, jokoan zeuden zortzi diputatuetatik lau lortuta, baina Espainiako Estatutik kanpoko posta bidezko botoak aldaketak eragin ditzake behin betiko emaitzetan.

Batetik, EAJren azken diputatua dago kolokan. Atzoko boto guztiak zenbatuta, 163 botoren aldea dago EAJren eta PPren artean. Estatutik kanpoko botoak zenbatzean, PPk ez du EAJk baino boto kopuru hori gehiago eskuratu beharrik Bizkaian diputatu bat lortzeko; izan ere, D'Hont sistemaren arabera, EAJk laugarren diputatua lortzeko, PPren botoak halako lau jaso behar ditu. 4.500 boto daude zenbatzeko.

EH Bilduren taldea, kolokan

Bestetik, Espainiako Estatutik kanpoko posta bidezko botoak erabakiko du EH Bilduk talde propioa izango duen Espainiako Kongresuan. Talde propioa osatzeko, bi baldintza bete behar dira: gutxienez hamabost diputatu izatea, edo bost diputatu lortzea eta indar bat aurkezten den barruti guztietan botoen %15 eskuratzea gutxienez. Atzo, EH Bilduk %15eko langa hori aiseago gainditu zuen Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, baina ozta-ozta Bizkaian: %15,05 erdietsi zituen.

Hortaz, ikusteko dago Espainiako Estatuaren kanpotik bidalitako 4.500 boto horiek nola eragiten duten boto portzentajeen banaketan, eta EH Bilduk eutsiko dion langa horri. Botoak asteazkenetik aurrera zenbatuko dituzte. Aurrekaria Amaiurrek izan zuen: zazpi diputatu lortu zituen 2011n, baina, Nafarroan %14,86 boto bilduta, Espainiako Kongresuko Mahaiak ez zion utzi talde parlamentarioa osatzen, eta talde mistora bidali zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna