instituzioak

Jabi Asurmendi da Udalbiltzako lehendakari berria

Udal hautetsien nazio erakundeak batzarra egin du, Durangon, zuzendaritza berria aukeratzeko. Arakaldoko alkatea da Asurmendi. Lehendakariorde, Irantzu Antoñana eta Pili Legarra hautatu dituzte.

Udalbiltzakideak botoa ematen batzarrean

Enekoitz Esnaola -

2019ko azaroak 16

Udalbiltza udal hautetsien nazio erakundeak zuzendaritza berria hautatu du Durangon (Bizkaia), San Agustin kulturgunean egindako batzar batean, eta haien artean aukeratu du lehendakari berria: Jabi Asurmendi (Arakaldo, Bizkaia, 1979). Duela sei urte pasa Udalbiltza berrantolatu zutenetik hirugarren lehendakaria da. Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe izan ziren aurreko biak. 2015etik Arakaldoko alkatea da Asurmendi. 

Hamahiru lagunek osatuko dute batzorde eragile berria. Bi lehendakariorde daude: Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia, Nafarroa) eta Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa).

Batzorde eragile berria

Lehendakaria:
- Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea, Bizkaia).

Lehendakariordeak:
- Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa).
- Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia, Nafarroa).

Batzordeko beste kideak:
- Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba).
- Jon Arriola (Berriatuko alkatea, Bizkaia).
- Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia, Bizkaia).
- Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia, Bizkaia).
- Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia, Gipuzkoa).
- Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia, Gipuzkoa).
- Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia, Lapurdi).
- Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia, Lapurdi).
- Aitor Elexpuru (Berako alkatea, Nafarroa).
- Oihan Mendo (Garesko alkatea, Nafarroa).

2021era arteko plangintza

Udalbiltzaren 2018-2021erako plangintzako proiektuak zertan diren ere azaldu dute Durangoko batzarrean: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman, Lurgida, Hauspotu eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea. Nazio erakundeak garrantzi handia ematen die euskal lurraldeen arteko saretzeari, burujabetzari eta tokiko garapenari. Burujabetza arloan, garatzen ari da energetikoa, elikadura eta ekonomia soziala. Euskarri turistiko baten egitasmoa ere badu.

Asurmendik elkarlanaren beharra nabarmendu du, aginte makila hartu berritan: «Udalgintzatik garapenaren eta burujabetzaren bidean, urratsak egin daitezkeela konbentzituta gaude. Horretarako, udalen, hautetsien, erakundeen eta eragileen arteko lankidetza premiazkoa da, denak bat eginez eta elkartasunean, zubiak eraikiz, esperientziak zein ezagutzak partekatuz, senidetzeak bultzatuz; azken batean, Euskal Herria eginez».

Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta udalbiltzakidearen hitzaldi batekin hasi dute bilkura, eta AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen elkarteko presidente Josep Maria Cerverak hitzordurako igorritako bideo bat ikusi dute.

Nazio erakundean 1.050 udalbiltzakide daude gaur egun. Gehiago izateko lanean ari da zuzendaritza.

Omenaldia Udalbiltzan aritutakoei

Durangoko ekitaldian omenaldi bat egin diete Udalbiltzaren sorreratik egondako batzordekide, langile eta auzipetuei. Haietako zenbait bertan izan dira.

EAJ, EH, EA, AB eta talde independenteetako hautetsiek sortu zuten nazio instituzioa, 1999ko irailean Lizarra-Garazi akordioaren garaian. Ituna bukatu zenean, bitan zatitu zen Udalbiltza —EAJ eta EAkoena zegoen, batetik, eta ezker abertzalekoena, bestetik—, eta, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko hautetsiez osatutakoaren aurkako epaiketa egin zuen. Absoluzioa eman zuen 2011n. Handik bi urtera, nazio erakunde berrantolatua aurkeztu zuten, batez ere Bilduko eta EH Baiko hautetsiez osatutakoa. EAJk duela bost bat urte bukatu zuen Udalbiltza-Udalbide.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna