Gobernu kontseilua

Nafarroako Gobernuaren egitura berriak sei milioi euroko kostua du

Javier Remirez presidenteordeak ez du zehaztu zenbat postu gehiago sortu diren: "Ez dugu modu apetatsuan antolatu egitura; Nafarroak dituen erronkei aurre egiteko da".

Nafarroako Gobernua osatu zeneko argazkia, Maria Txibite eta hamahiru kontseilariak. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2019ko azaroaren 20a
12:45
Entzun

Azkenean eman dute zifra, eta uste baino handiagoa izango da. EH BIlduk kalkulatu zuen Maria Txibiteren gobernuaren egitura berriak 4,8 milioi euro kostatuko zela, baina, zifra hori ematerakoan, Bakartxo Ruizek onartu zuen datu batzuk falta zitzaizkiela. Gaur, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak behin betiko zifra eman du: sei milioi euro kostatuko da urtero, 24 milioi legealdi osora begira.

Gobernu kontseilu osteko agerraldian eman du datu horren berri Javier Remirezek. Galdetu zaio ea zenbat postu handitu diren eta ea sailkatu dezakeen kostua karguen arabera. Remirez, ordea, zifra hori ematera mugatu da. Bai zehaztu du Nafarroako foru administrazioan lan egiten duten funtzionarioen kostu guztiarekin alderatuta %0,045 kostatu zela. Alderatze hori eginda, kostu txikia dela iruditzen al zaion galdetu diote:  «Datu bat da, eta alderatzea argigarria da. Edonola ere, ez dugu egitura modu apetatsuan egin; Nafarroak dituen erronkei aurre egiteko da. Konbentzituta gaude egitura honek etekinak emango dizkiela herritarrei».

Uxue Barkos gobernuko lehendakari ohi eta Geroa Baiko eledunak egitura berria kritikatu du, eta, PSNren bazkide den heinean, horri buruz galdetu zaio Remirezi.

Aurrekonturik ez, oraingoz

Nafarroako Gobernuak oraindik ez du onartu 2020ko aurrekontuaren aurreproiektua. Urriaren hasieran, 2020rako gastu muga 4.228 milioi euroraino igoko zuela aurreratu zuen, baina geroztik ez du proposamenaren inguruko xehetasunik eman. Remirezek gaur iragarri du bihar departamendu bakoitzeko gastu mugak onartuko direla foru agindu bidez.

Haatik, oraindik ez dago aurreproiekturik, eta denbora aurrera doa. Aurreproiektua onartzen duenean, hiru erakundeetara bidaltzen da (Nafarroako Gizarte eta Ekonomia Kontseilua, Foru Erregimeneko Batzordea eta Ingurumenaren Kontseilura), eta, horien baiezkoa jaso eta gobernu kontseiluak ostera lege proiektu egin ondoren, parlamentuan aurkeztuko da. Legebiltzarrean bide luzea izango du aurretik, gobernua gutxiengoan baitago eta onartzeko EH Bilduren edo Navarra Sumaren onarpena edo abstentzioa beharko duelako gutxienez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.