Mendebaldeko Sahara

Marokok debekatu egin die Mendebaldeko Saharan sartzea Eusko Legebiltzarreko lau parlamentariri

Astebeteko lan bisita bat egitera joanak ziren Carmelo Barrio (PP), Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos), Eva Juez (EAJ) eta Josu Estarrona (EH Bildu), eta Aaiungo aireportuan hegazkinetik jaisten ere ez diete utzi.

Eusko Legebiltzarreko ordezkariak hegazkinean, atzo.
Eusko Legebiltzarreko ordezkariak hegazkinean, atzo. Equipe Media

Paulo Ostolaza -

2019ko abenduak 2

Eusko Legebiltzarreko lau legebiltzarkideri Mendebaldeko Saharan sartzea debekatu zien Marokok, atzo. Astebeteko lan bisita bat egitera zihoazen Carmelo Barrio (PP), Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos), Eva Juez (EAJ) eta Josu Estarrona (EH Bildu), baina Aaiungo aireportuan hegazkinak lurra hartu orduko, Marokoko Gobernuko kide batek esan zien ezin zirela hegazkinetik jaitsi. Hegazkinak Las Palmasera (Kanaria Handikoa) itzuli behar izan zuen, eta legebiltzarreko ordezkaritza Bilbora bidean da jada. Martinezek zabaldu zuen hegazkinetik jaistea egotzi zieten unea, Twitter bidez.

Legebiltzarreko Bakea eta Askatasuna lantaldeko kideen asmoa zen Fronte Polisarioko ordezkariekin eta giza eskubideen aldeko elkarteetako kideekin hitz egitea, baina Marokok ez die utzi. Talde horrek 1991. urtetik du harremana SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ordezkariekin. Egonaldia lau politikariekin batera egitekoa zen Nezha Khalidi kazetari eta aktibista sahararra. Aurten Marokok Khalidiren aurka egina duen epaiketa batek oihartzun handia izan du nazioartean.

Atzo zabaldutako ohar batean, EAJk salatu egin zuen Marokok «herri sahararraren errealitatea bahitzeko egindako saialdia». Jeltzaleek «gardentasun falta» egotzi zioten Marokoko gobernuaren jarrerari. PPko Karmelo Barriok esan zuen, berriz, bere alderdian gai horren inguruan «jarrera oso pluralak» daudela, bai eta «Euskadin» Mendebaldeko Sahararekiko elkartasuna «oso indartsua» dela ere. Espainiak afera horretan duen jarrera da Saharako ekintzaileen salaketa nagusietako bat, Brahim Dahanek BERRIAri azaldu zion moduan, duela bi hilabete. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko kideak ere ardura hori euren gain hartzeko eskatu zien Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi espainiarrei: «Eskaera bat PSOE, PP eta Podemosi: bideratu ezazue behingoz deskolonizazioa Saharan, zuen ardura da. Bada garaia!».

Bidaiak zeresana eman du aurten, Fronte Polisarioak Aljerian dituen kanpamentuetara bidaiatzea «arriskutsua» dela ohartarazi zuelako Espainiako Gobernuak joan den astean. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Fronte Polisarioak, ordea, gezurtatu egin zuten arriskutsua zenik Tindufera bidaiatzea.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna