Negoziazio kolektiboa

ELAk ez du sinatuko Bizkaiko metalgintzako hitzarmena

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta FVEM patronalak arratsaldean berretsiko dute joan den astean lortutako aurreakordioa.

ELAren ikurrak Bizkaiko metalgintzako manifestazio batean.
ELAren ikurrak Bizkaiko metalgintzako manifestazio batean. Luis Jauregialtzo / Foku

Iker Aranburu -

2019ko abenduak 2

ELAk agerraldi bat egingo du bihar Bilbon, bere erabakiaren berri emateko. Joan den astean, beste sindikatuek eta patronalak jakinarazi zutenean hitzarmena berritzeko testua adostu zutela, Mitxel Lakuntzaren sindikatuak denbora gehiago eskatu zuen akordioa aztertzeko. Baina, aldi berean, esan zuen beste sindikatuek galdu egin zutela «hitzarmen hobeago bat lortzeko aukera».

ELAk du ordezkaritza gehien Bizkaiko metalgintzako 50.000 langileen artean, baina, beste hiru sindikatu nagusien batuketak ordezkarien erdia gainditzen duenez, hitzarmena langile guztiei aplikatuko zaie.

Sindikatu sinatzaileek nabarmendu dute hitzarmen berriak berritasun «historiko» bat duela: fabriketan mantentze lanak egiten dituzten langile subrogatuek gainontzekoen lan baldintza berak izango dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak txalotu egin dute hitzarmenerako akordioa.

 

Honako hauek dira hitzarmenerako aurreakordioan jasotako puntuak:

—Subrogazioa mantentzea egiten duten langileentzat.

—Berdintasun batzorde bat sortzeko, berdintasun planak egiteko eta kontratazioan generoa ez kontuan izateko konpromisoa.

—Dualtasunaren eta estatalizazioaren aurkako neurriak.

—Behin-behinekotasunari mugak ezartzea.

—Kontratazio zuzena bultzatzea, aldi baterako laneko enpresen bidez eginiko kontratuak murrizteko.

—Lan osasunaren galera murrizteko neurriak.

—Soldatei dagokienez, 2019rako KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5ekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna