EAE-ko ESTATUS POLITIKOA

EH Bilduren proposamena: erabaki eskubidea gauzatzeko mekanismoa

Iñigo Urrutiak «erabateko desadostasuna» azaldu du EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk adostutako testuarekin, iritzita ez datorrela bat Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarri eta printzipioekin.

Iñigo Urrutia, Eusko Legebiltzarrean, 2015ean.
jon olano
2019ko abenduaren 2a
14:34
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoaren testu artikulatua idazteko proposatutako adituek gaur aurkeztu dute txostena Eusko Legebiltzarrean. Testu nagusia EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk adostu dute, eta EH Bilduk testu propioa aurkeztea erabaki du. Gaur adituek eginiko bileran, bakoitzak idatzi bat eraman du, txostenean erantsiko dena, beren boto partikularrak eta abarrak azaltzeko.

Hala egin du Iñigo Urrutia EH Bilduk izendatutako ordezkariak ere, eta, idatzi horretan, azaldu du oinarri eta printzipioak «ezagutezinak» direla hirukoaren testuan, «ezikusiarena» egin zaiela edo horien kontrakoa dela. «Batzorde teknikoak ezin du lantalde parlamentarioa ordezkatu», ohartarazi duenez.

Testu nagusiarekiko desadostasunen artean, Urrutiak aipatu du horrek «erabat asumitzen» duela «marko autonomikoa», oinarriak «beste norabide batean» bazihoazen ere: «Izaera  diferente bateko izate bat sortzera, Euskadiko Autonomia Erkidegoa bilakatuta erkidegoei dagozkienak baino gaitasun handiagoak izango dituen izate bat». Gainera, azpimarratu du Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko harremanetan ez dagoela aldaketarik 1979ko estatutuarekiko, oinarriek «barne harremanen sistema berri bat» proposatzen bazuten ere, eta salatu du euskal naziotasunaren kontzepturik ere ez dela jaso testu artikulatuan, oinarriek berariaz aipatzen bazuten ere.

Kontzertu Politikoari dagokionez, Urrutiak uste du testu nagusian jasotako Batzorde Mistoak eta haren egitekoak ez dutela nahikoa bermerik ematen Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkien eskumenak babesteko, besteak beste, oinarrietan jasotzen zelako Espainiako Auzitegi Konstituzionalean areto berezi bat sortzeko aukera, eta halakorik ez delako ageri testu artikulatu nagusian. Horren ordez, Urrutiak proposatu du Kontzertu Politikorako Batzorde Mistoan Espainiaren eta «Euskal Estatu Erkidegoaren» arteko adostasunik ez badago, Eusko Legebiltzarrak, gehiengo absolutuz, «pase forala» ezarri ahalko duela, erkidegoan ezar ez dadin arau hori.

Irteerarako prozedura

Erabakitzeko eskubidearen atalean, berriz, Urrutiak azaldu du ez litzatekeela xedapen gehigarri batean jaso behar, bertan sartzen baitira arau baten testuan lekurik izan ez duten elementuak, "baina erabakitzeko eskubidea ez zen horrela eratu behar, askoz zentralitate handiagoarekin baizik, estatu berriaren printzipio ardatzetako bat den neurrian".

EH Bilduren testu artikulatuak 22. artikuluan jasotzen ditu parte hartze politikorako eskubideak, eta, horien artean, adierazten du «erreferendumak eta galdeketak, herritarren nahiz erakundeen ekimenez eginikoak, edozein gai publikori buruz» planteatu ahal izango direla, «baita euskal herritargoak modu librean beste lurralde nahiz erkidego politiko batzuekin ezarri nahi dituen harremanei buruz» ere.

Adierazpenaz harago, 170. artikuluan xehatzen da zer prozedura jarraitu Euskal Estatu Erkidegoak Espainiarekiko harremana eten dezan. Batetik, Eusko Legebiltzarrak egitasmoa onartu beharko du, gehiengo absolutuz, eta, legebiltzarra desegin eta hauteskundeak egin ostean, parlamentu berriak berriro onartu beharko du, gehiengo absolutuz berriz ere —proposamena legealdian behin aurkeztu ahal izango da, gehienez—. Hala onartzen bada, Espainiako Estatuarekiko ituna berrikusteko borondatea jakinaraziko zaie Europako Batasunari eta nazioarteko beste erakunde batzuei, eta, sei hilabeteko epean, herritarrek erreferendum bidez berretsi beharko dute erabakia. Ondoren, Espainiako Estatuak eta Euskal Estatu Erkidegoak akordio bat negoziatuko dute, itun konfederala berrikusteko forma eta baldintzak ezarriko dituena. Azkenik, Espainiarekiko ituna indarrean sartzen denean, erkidegoan ezartzeari utziko zaio Espainiako Konstituziotik eratorritako ordenamendu juridikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.