Telekomunikazioak

Euskaltelek Orangeren sarea erabiliko du Espainian zabaltzeko

Orangeren sakelakoen eta zuntz optikoaren azpiegiturak erabiliko ditu. Virgin marka erabili dezake, baina Euskal Herrian Euskaltel izenari eutsiko lioke. Epe luzerako akordioa sinatu dute bi taldeek.

Xabier Iturbe eta Jose Miguel Garcia, Euskalteleko presidentea eta kontseilari ordezkaria, hurrenez hurren. DOMI ALONSO
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 13a
12:39
Entzun

Euskaltel Espainiara zabalduko du bere negozio esparrua, eta, horretarako, Orangeren telefono mugikorren sarea eta zuntz optikoarena erabiliko du, bi taldeek sinatu duten akordioari esker. Komunikazio zerbitzu bateratua eskainiko dute bi enpresek.

Oraindik baieztatuta ez dagoen arren, Virgin markarekin egin dezake Espainiarako jauzia Euskaltelek —Euskal Herrian, Euskaltel izenari eutsiko liokete—. Hala jakinarazi zuen hil honen hasieran Euskaltelen jabeak, Zegona Erresuma Batuko funtsak.

Orangerekin eginiko akordioak 2024ko ekainera arte iraungo du sakelakoetan, eta finkoan ez du amaiera datarik. Euskaltelek azaldu duenez, akordio berria baliagarria izango zaio bezeroei eskainiko dizkien baldintzak eta zerbitzuak "hobetzeko".

Ibilbide orria

Aurretik ere batera arituak dira bi enpresak elkarlanean, Leonen eta Errioxan, esaterako. Halaber, Galizian eta Asturiasen ere badago Euskaltel, Telecable eta R markekin, 2015etik eta 2017tik, hurrenez hurren —bi enpresa horiek erosi zituen—. Eta Katalunian ere badago, RACC aseguru etxearekin iaz eginiko akordio bati esker —RACCtel izenarekin aritzen dira—.

"Euskaltel taldeak estatu osora hedatzeko duen ibilbide orriaren oinarriak finkatzen ditu [Orangerekin eginiko] akordioak", adierazi du telekomunikazio enpresak, ohar batean.

Azaldu duenez, akordiori esker "nabarmen murriztuko" ditu Espainian zabaltzeak eragingo dizkion kostuak, operazio bolumenean oinarritutako deskontuen bidez —lortutako bezero kopuruaren araberakoak—. Akordioak, halaber, aukera ematen dio Euskalteli etorkizunean Orangerekin batera inbertsioak egiteko.

Orangeren zuntz optikoaren instalazioa Espainiako 14 milioi etxetara iristen da, eta sakelakoen zerbitzurako 16.000 komunikazio dorre ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.