'De Miguel auzia'

Urkulluk zigortutakoen jarrera gaitzetsi du

'De Miguel auzian' zigortutakoen jarrera EAJk defendatzen dituen «balio etikoen» aurkakoa dela adierazi du lehendakariak, eta nabarmendu du pertsona horiek «beren interesen alde» jardun zutela. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere «ustelkeria oro» salatu du.

Gaur eman dute 'De Miguel auziaren' epaia, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko abenduaren 17a
14:18
Entzun

Gaur goizean jakinarazi dute De Miguel auziaren epaia, eta lehen balorazioa egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Gasteizen. Urkulluk esan du «errespetatzen» duela Arabako Auzitegi Probintzialak hartutako erabakia, eta gaitzetsi egin du gaur zigortu dituztenen jarrera: «Haien jarrera defendatzen ditugun balio etikoen aurkakoa da». Hain zuzen ere, nabarmendu duenez, kudeaketa publikoan eta politikoan «gardentasunarekin eta etikarekin» duen konpromisoa «erabatekoa» da, eta, beraz, gehitu du ustelkeria kasu guztiak salatzen dituela. Areago, gaineratu du gertakarien berri izan, eta hasiera-hasieratik hartu zituela kautelazko neurriak: «Gaur kondenatutakoak, ardura publiko politikoetatik ez ezik, EAJko barne egituratik ere kanporatu genituen; afiliazio txartela emateko eskatu genien».

Izan ere, Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du bazuela kezka bat kasua aditzera eman zenean: «Pertsona jakin batzuen jarrera alderdi politikoen jardunarekin lotu zitekeen». Hala ere, haren arabera, zigortu dituztenek Eusko Alderdi Jeltzaleen bizkar jardun zuten. «Epaiak garbi erakusten du zigortutakoak beren onuren bila ibili zirela, eta baliteke horretarako beren posizioaz baliatu izana». Beraz, Urkulluk adierazi du «eredugarriak» izan direla epaia jakin zenetik gaur arte hartutako erabakiak: «Hasiera-hasieratik azkar, garbi eta sendo erantzun genuen».

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin bitartean, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ere adierazpenak egin ditu Sabin Etxean, Bilbon. Ortuzarrak ere nabarmendu du «aukera berdintasunari» kalte egiten dion «ustelkeria oro» gaitzesten dutela, eta horretan segituko dutela: «Ustelkeria beti da ustelkeria: berdin dio milioika euro izan edo kopuru txikiak izan. Are kondenagarriagoa da gizartearen ondasunen aurka egiten bada, herritarren dirua eskuratuz». Gaineratu du, Urkulluk bezalaxe, sententziak «argi» erakusten duela zigortutakoen jarrerak ez duela «inongo» zerikusirik EAJrekin.

Epaia, «berandu»

Ia igaro dira hamar urte Arabako fiskaltzak De Miguel auziko bidea ireki zuenetik. Urkulluk aitortu du «berandu» iritsi dela epaia; batez ere, «libre eta kondenarik gabe» gelditu diren hamaika akusatuentzat. EBBko presidenteak ere bide beretik eutsi dio. Adierazi duenez, EAJko kargudunak «zintzoak eta zuzenak» dira. Hala ere, biek ala biek gehitu dute gaur jasotakoa lehen epaia dela eta, beraz, helegitea aurkez daitekeela. «Ez da irmoa», gehitu du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.