Euskal presoak

Otsailaren 27an emanen dute Ibon Fernandez Iradiren zigorra eteteari buruzko epaia

Joan den azaroaren 12an, euskal preso horren espetxe zigorra etetearen aldeko epaia eman zuen Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak, baina prokuradoreak helegitea aurkeztuta, gaur aztertu dute berriro auzia. Fiskalak bertze osasun azterketa bat egiteko eskatu du: bosgarrena dagoeneko. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik: larriki eri dauden hemeretzi euskal presoetarik bat da.

Ibon Fernandez Iradi aske uztea galdegiteko protesta bat, Baionan, 2014an. Orduan hasi zuen epaitegietako bidea. BOB EDME
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 13a
18:26
Entzun

Epaitegiak Ibon Fernandez Iradiren zigorra etetearen aldeko ebazpena kaleratu zuen joan den azaroaren 12an, baina gaur berriro aztertu behar izan dute Dei Auzitegian, fiskalak jarritako helegiteagatik. Maritxu Paulus Basurko abokatuak jakinarazi duenez, otsailaren 27a emanen dute epaia.

Abokatuek greba eguna zuten gaur Frantziako Estatuan, baina Paulus Basurkok erran du auzira joan egin dela gaia «urgentea» delako, eta halaxe adierazi duela auzi saioan ere. Fiskalak bertze osasun azterketa bat egiteko eskatu du gaurko saioan; defentsaren abokatuak azaldu duenez, bosgarrena dagoeneko: «Lau azterketatan bost medikuk eman dute jadanik iritzia», Paulus Basurkoren hitzetan. Otsailaren 27an ikusiko da Fernandez Iradi baldintzapean aske uztearen aldekoa den epaia ala ez.

2010ean agertu zitzaizkion eritasunaren lehen aztarnak, eta 2012an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza Fernandez Iradiri. Medikuen txostenek diote haren eritasuna ez dela bateragarria espetxearekin. Joan den astean Etxerat euskal presoen senideen elkarteak oroitarazi zuenez, larriki eri dago Fernandez Iradi, eta aske behar luke. Lannemezango (Okzitania) espetxean dago gaur egun preso, eta hamazazpi urte daramatza kartzelan. Larriki eri dauden hemeretzi euskal presoetarik bat da.

Bide judizial korapilatsua

Duela sei urte ekin zion Fernandez Iradik epaitegietako bideari, frogatu nahian kartzela eta bere gaixotasuna ez direla bateragarriak. Bi medikuk azaldu zuten euskal preso horrek espetxetik atera behar zuela, baina Parisko prokuradorea kontra agertu zen orduan ere. Dei Auzitegiak ezezko erantzuna eman zuen 2015eko maiatzean, baina Kasazio Auzitegiak 2016ko ekainean ebatzi zuen ez zela zuzena Fernandez Iradiren eritasuna eta kartzela bateragarriak zirela zioen epaia. Orduan, berriro abiatu zuen epaitegien aurkako borroka.

Urteotan guziotan, protesta ugari egin dituzte Fernandez Iradi aske gelditzearen alde, eta instituzioetara ere eraman dute gaia. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, erraterako, hura aske uztea galdegin zioten iaz Frantziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.