Noiz sortua: 2020-01-24 13:09:47

Literatura

Goiatz Labandibarrek irabazi du Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko saria

Idazleak ironia eta absurdoa landu ditu 'Salaketa' antzezlanean

Goiatz Labandibar, 2019ko urrian, Donostian.
Goiatz Labandibar, 2019ko urrian, Donostian. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko urtarrilak 24

«Antzezlan honek asko du absurdotik. Abiapuntua bera nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete». Hitz horiekin laburbildu du Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Salaketa antzezlan laburraren mamia, zeinak irabazi egin duen Bilboko Cafe Bar Bilbaok Tartean antzerki konpainiaren laguntzarekin antolatzen duen sariketa. Hasieran, abiapuntu horrekin narrazio bat egiteko saiakera "antzua" egin zuen Labandibarrek, eta azkenean antzezlan bihurtzea erabaki zuen: "Narrazio batean baino, antzerki batean errazago eta hobeto konta zitekeela konturatu nintzen".

Antzezlanak bi lagun ditu protagonista: salaketa jarri behar duen pertsona eta administrazioko langilea, eta bien arteko elkarrizketak gidatzen du obra: «Salaketa jartzea, arrazoia, jokabideak... Absurdora eramaten dituzte; mila ergelkeriatan katramilatzen dira".

Labandibarrek aitortu du gidoi "umoretsu" bat sortu nahi zuela,  «ironiatik asko duena, absurdotik asko", eta klixe eta topikoen inguruan ere hitz egin nahi zuela: «Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klixeak ere azaleratzen dira. Izan ere, absurdoaren antzerki honek kritikatik ere badu: sistema judiziala, fedea, jendeak zertan sinesten duen edo zertan sinetsi nahi duen».

Labandibar kazetaritzan lizentziatua da, eta egun komunikazio arloan egiten du lan. Horrez gain, hainbat literatur lan argitaratu ditu: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) —Igartza bekaren irabazlea—, Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019).

Gaztelaniazko atalean, berriz, saria Javier Diez Carbonak (Bilbo, 1965) irabazi du Digresiones de don Quijote y Sancha lanarekin. Lan horretan «diruaren botere ustelgarriari buruzko parabola» egin nahi izan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna