Zaldibarko luizia

Kezka eta harridura Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko herritarren artean

Azterketa medikoak eta informazio «zehatza eta gardena» eskatu dituzte Eitzaga auzoko bizilagunek, eta «dagokionari» erantzukizunak hartzeko. Bizkaiko Aldundiak horma bat eraikiko du AP-8ko trafikoa babesteko. Sei metro garai eta 50 metro luze izango da. Iluntzean protestak izango dira hiru herrietan.

Zaldibarko zabortegia, atzo. ARITZ LOIOLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko otsailaren 10a
01:28
Entzun

Astelehenak ez du normaltasunik ekarri. Zaldibarren ostegunean izan zen luiziak erabat astindu ditu herri horretako eta Ermuko eta Eibarko bizilagunak asteburuan, eta ikastetxeetarako eta lantokietarako itzulera ez da ohikoa izan gaur. Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetaria han izan da goizaz geroztik, eta bi herrietako herritarrek kezka agertu diote.

Eibarren azaldu diote, erdigunean ez bada ere, inguruetan kirats handia izan dela, besteak beste, Ermurako bidean. «Plastiko erre usaina» zela diote herritarrek, eta, batik bat, larunbat goizean eta igandean antzeman zela gehien.

Kezkaz gain, harridura ere azaldu dute bizilagunek gaur goizean. Hondakindegi bat bazela jakin arren, harrituta daude inork ez zekielako gai arriskutsuak botatzen zirela horra, eta haserrea ere sumatzen zaie gertatutakoa gertatu izan ez balitz berdin jarraituko zutelakoan.

Hiru herrietako bizilagunek elkarretaratzeak egingo dituzte gaur arratsaldean, 19:30ean. Zabortegian gertatutakoa argitzeko eskatuko dute, eta nabarmenduko dute "oraindik zaborraren azpian dauden langileak ateratzea lehentasuna" dela. Sare sozialetan iragarri dutenez, zabortegiak "kutsadura handia" sortu duela ere salatuko dute. "Galdera asko ditugu, eta erantzun gutxi. Arduradun politikoen gestioa salatu nahi dugu, eta erantzukizuna eskatu", gaineratu dute.

Eitzagako bizilagunen eskaerak

Hain zuzen, Zaldibarko Eitzagako bizilagunek batzar bat egin zuten atzo, eta bederatzi puntuko adierazpen bat onartu zuten. Desagertutakoen senideei doluminak adierazi eta bilaketarekin aurrera jarraitzeko eskatzeaz gain, zabortegian gertatzen ari denaren inguruan informazio zehatza eta gardena emateko eskatu diete erakundeei, eta bizilagunengan nola eragin dezakeen azaltzeko.

Inguruko airearen, uraren eta lursailen azterketa zehatzak egiteko eskatu dute, «oraintxe bertan eta denboran zehar deskontaminazio prozesu guztia bukatu arte». Bizilagunei osasuna babesteko gomendioak emateko ere eskatu dute, eta azterketa medikoak egitea ahalik eta azkarrena.

Erakundeei dagokienez, Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko udalak koordinatzea eskatu dute, zabortegia ixtea eta han dauden gai toxiko guztiak handik ateratzea edo han zigilatzea. Eusko Jaurlaritzari jarduera plan bat egiteko ere eskatu diote, eta «dagokionari», erantzukizunak hartzeko.

Horma bat, AP-8an

Bizkaiko Aldundiak AP-8a Zaldibarren babesteko horma bat eraikiko du hamar egunean. Sei metro garai eta 50 metro luze izango da. Trapezoidala izango da: oinarrian, hamar metro zabal izango da, eta goian, hiru. Donostiarako noranzkoan jarriko dute, luizia izan zen lekuan. Harri-lubetako horma bat izango da.

Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailak hiru enpresari eskaini die lana. Presazko prozedura erabiliko dute adjudikazioa egiteko, eta gaur bertan egingo dute. Lanak bihar hasiko dira.

Ostegunean Zaldibarren izan zen luiziak moztu egin zuen AP-8a erabat. Egunean bertan, Bilborako noranzkoan ingurabide bat egin zuten, eta hortik bideratuko da, oraingoz, norabide hori duen trafikoa, Aldundiak jakinarazi duenez. Donostiarakoan, berriz, larunbatean kendu zituzten hondakinak errepidetik, baina lerro bakarra dago irekita.

Aldundiko langileen azterketa

Bizkaiko Aldundiak Osasun Batzordearen ezohiko bilera batera deitu du biharko. Azaldu duenez, azken lau egunetan egindako jarduketen berri emango dute, bai eta zabortegian botatako hondakinen artean amiantoa egoteagatik hartutako neurrien berri ere.

Luizia dela eta, lehenengo orduetan lanean aritu ziren Aldundiko langileak deituko dituzte osasun langileekin eta teknikariekin elkarrizketa bat egitera. Besteak beste, jakin nahi dute langileek zenbateraino parte hartu zuten eta luiziaren eremuan zenbat denboran egon ziren.

Gainera, luizian izan ziren kontrata eta azpikontratei eskatuko diete lanean aritu ziren langileen zerrenda bat zerrenda bat egiteko, bai eta haien prebentzio-zerbitzuen bitartez neurri berberak hartzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.