Albistea entzun

Milaka lagunek ozendu dute Eitzagan mezua: «Zaldibar argitu orain!»

Iritsi dira zabortegian jazo dena guztiz argitzeko eskatzen duten hiru protestak helmugara

Zaldibarko ezbeharraren kudeaketa salatzeko manifestazioa, gaur.
Zaldibarko ezbeharraren kudeaketa salatzeko manifestazioa, gaur. Juan Carlos Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2020ko otsailak 15 15:02

Jendetsu abiatu dira Zaldibarko zabortegian egunotan gertatzen ari direnak argitzeko eskatzeko hiru protestak: Eibartik, Ermutik eta Elgetatik abiatu ere. Eitzaga auzoan elkartuko dira denak, hantxe baitago hondakindegia. Ibilbideek bat egin ahala, ozendu egin da protesta. «Urkullu non zaude» eta «Zaldibar argitu» leloak nagusitu dira toki askotan. Ikusi dira errausketaren aurkako hainbat mezu ere.

Zabortegia amildu zenetik desagertuta dauden langileak izan dituzte gogoan protestan, eta senideei lekua egin diete aurrean. Eusko Jaurlaritzak orain arte auzia bideratzeko hartu dituen erabakiak dudatan jarri dituzte hainbat karteletan. Ermuan, udaletxe aurretik pasatu direnean, ate joka hasi dira zenbait herritar. Ahoa estalita daramate protestan parte hartzen ari diren pertsona askok, kutsadurarekin dituzten arazoak gogorarazteko.

Zutabeetako bidea egiten ari dira oraino zabortegian piztuta dauden garretatik ateratzen den keari begira.

Izan ere, egoera nahasia bizi izan dute azken egunetan Zaldibarko zabortegiaren inguruko herrietako bizilagunek. Atzo jakinarazitako aire neurketetan furanoa eta dioxina aurkitu izanak are gehiago asaldatu ditu animoak. Osasunean izan ditzakeen eraginen gaineko kezka azaldu dute herritarrek, baita erakunde publikoen gardentasun falta ere. Horietako batzuen testigantzak jaso ditu BERRIAk.

Eibarko bizilaguna da Leire Narbaiza, eta lanera bidean egunero igarotzen da Zaldibarko hondakindegiaren albotik. Kea ikusten du goizez igarotzean, sua iluntzean. Egunotan hirian sortutako egoerak sentimendu sorta bat eragin diola azaldu du. «Ondoeza, egonezina, haserrea...», baina guztien gainetik «inpotentzia». Inpotentzia, haren esanetan, ordezkari publikoek «histeriko sentiarazi» dutelako jendea: «Dena ondo dagoela esan digute, esajeratzen dugula».

Zabortegia dagoen eremutik nahiko urrun bizi da Narbaiza, baina azaldu du egunotan eztarrian «gustu kimiko moduko bat» sentitu duela eztarrian. Usain txarrik ez, ordea. Atzo lasaitasuna berreskuratzen ari zela adierazi du, eta horregatik irekita utzi zituela etxeko leihoak egun osoz, lehen aldiz aste honetan. Horregatik, adierazi du hasieran ez zuela sinistu inguruotako airean dioxina eta furanoa aurkitu izana. Horrekin batera iritsi zen etxeak itxita mantentzeko gomendioa.

Usai txarrak eta arnasteko zailtasunak nabariagoak izan dira, ordea, Zaldibarren. Gainera, bereziki egun txarra izan zen atzokoa, haizeak herrirako norabidea hartu baitzuen. Herriko Eitzaga auzokoa da Oskar Morales, eta «ulertezintzat» jo du atzo arte airearen eta uraren kalitatearen inguruko informaziorik ez izatea. Azaldu du horrek agintari politikoenganako «mesfidantza handitu» duela. Izan ere, horietako batzuekin bilduta zeudela izan zuten aireko azken neurketen berri: «Orain arte ona zela esan ziguten, ba».

Horrek guztiak «kezka» eragin dio Haritz Gallastegiri. Elgetakoa da, eta azaldu du azken egunetan usain txarra nabaritu duela. Adierazi du ezin duela ziurtasunez zabortegiarekin lotu, baina sortu den «ezjakintasunak» harekin lotzera bultzatzen duela. Haren esanetan, kaleko elkarrizketetan «lehentasunezko gai» bihurtu da ezbeharra, jendeak «informatuta egoteko gogoa» baitauka.

Inguruko jendeak galdera asko ditu, Narbaizaren esanetan, eta politikariek «gaizto» jokatu dute horiei erantzuteko orduan. «Non daude politikariak aurpegia emateko?», kexu da: «Desagertuta daude». Ezinegon horren ondorioz, asteburuan herritar asko kanpora joango direla uste du, «egun-pasa bada ere». Izan ere, egunerokoan eragina izan du ezbeharrak. Eguraldi eguzkitsuarekin jende andana gerturatu ohi da Aixolako urtegira, besteak beste, inguruan lasterka egitera, baina, Moralesen esanetan, «gaur ez dira hamar lagun ere pasatu». Autorik ere ez omen zen inguruan.

Moralesen ustez, erakunde publikoek ez dute egoeraren jarraipen on bat egin, «gain hartu die». Hori arrazoitzeko ere hainbat adibide eman ditu: «Inguruko baserritar bati zisterna bat jarri zioten atzo, haren baserri inguruko ura edan ezin delako, baina oraindik konektatu gabe du».

Denek ere presente dituzte oraindik zabortegian desagertuta dauden bi langileak. «Ez da gurea bakarrik, bi langile daude hondakinetan», esan du Gallastegik.

Protesta, dantzan

Eibarko inauterien barruan, ohitura dira koko dantzak. Urtero eremua txandakatuz, baserriz baserri joan ohi dira dantzariak. Zabortegiko ezbeharrak, ordea, ia ikuskizun gabe utzi ditu baserritarrak. Oier Araolaza dantzariak azaldu du egitasmoa bertan behera uztekotan egon zirela, baina baserritarrekin «elkartasunez» eta «begirunez» aurrera egiteko erabakia hartu dutela: «Protesta zentzua ere eman nahi izan diogu aurtengoari. Kritika sozial eta politikoa beti egon da inauterietan».

Arrate inguruko baserrietan aritu dira dantzan, Zaldibarko zabortegitik nahiko urrun, baina han ere antzeman dituzte ezbeharraren ondorioak. Araolazaren esanetan, baserritarrek euren kezta azaldu dute, haraino ere iritsi baitira «kiratsa eta kea». Izan ere, «haiek ez dute aire zabalean egon eta lan egitea beste erremediorik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui, Eusko Legebiltzarrean. ©Raul Bogajo / Foku

Donostialdeko ESIan «pertsonen aldaketa bat» behar zela nabarmendu du Sagarduik

Jon O. Urain

Sailburuak azaldu du zuzendaritza berriak eta Osakidetzako buruzagiek «ikuspegi bera» duela, eta «gertaeren kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostialdeko ESIko zuzendaritza aldatzea.

Rebeka Ubera eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian ©Raul Bogajo/ Foku

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere azalpenak eskatu dizkiote Sagarduiri

Edurne Begiristain

Rebeka Uberak salatu du Osakidetzaren egoera «gobernantza eredu bertikal» baten ondorio dela. Miren Gorrotxagiren iritziz, «onartezina» da Osakidetzak profesionalak kargutik kentzea kudeaketa ereduaren gabeziak agerian utzi dituztelako. PP+C’s-k Sagardui kargugabetzeko eskatu dio Iñigo Urkulluri.

Emakumeen presentzia handiagoa da osasun gaiekin lotutako informazioetan ©Marisol Ramirez / FOKU

Osasunari buruzko edukietan BERRIAk berdintasunaren alde egiten duela dio ikerketa batek

Isabel Jaurena

Eneko Fernandez Artigasek eta Itxaso Fernandez Astobizak egindako ikerketa batek neurtu du emakumeek zein presentzia duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egunkari nagusietan osasunaren inguru argitaratutako artikuluetan.

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza

Gutun batean, osasun zerbitzu publikoaren zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute, zentzugabeko kudeaketarengatik, eta «sektarismoa eta trakeskeria» leporatu dizkiote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.