Indarkeria matxista

Emakume bat hil dute Soraluzen, eta semea atxilotu du Ertzaintzak

74 urte zituen andreak, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aurpegian kolpe bat zuen aurkitu dutenean. Oneka plataformak gertakaria salatu du. Indarkeria matxista dela baieztatuko balitz, aurtengo hirugarrena litzateke.

Soraluze. ANDONI CANELLADA, FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko martxoaren 16a
10:51
Entzun

Emakume bat hilik aurkitu du Ertzaintzak gaur goizean Soraluzen (Gipuzkoa), eta haren semea atxilotu dute, ama hiltzea leporatuta. Gizonezkoak 33 urte ditu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 74 urteko emakumeak kolpe bat zuen aurpegian hilda aurkitu dutenean.

Ertzaintzaren arabera, 03:00ak baino lehen hil da emakumea. Ordu horretan, ertzainek dei bat jaso dute, eta Soraluzera joan dira. Iritsi direnean, gizon bat aurkitu dute kalean, eta hark esan die bere etxean norbait hilda zegoela eta etxeko atea irekita utzi duela. Ertzainak haren etxera joan dira, eta emakumea hilotz aurkitu dute. Ostean atxilotu dute haren semea. Gertakaria salatzeko, Soraluzeko Mugimendu Feministak eskatu du zapi eta ehun moreak ateratzeko balkoietara eta leihoetara.

Oneka euskal emakume pentsiodunen plataformak ustezko hilketa matxista salatu du: «Berriro ere emakumeok gara heriotzaraino iristen den indarkeria matxistaren helburu; hori sistema patriarkalaren ondorioa da». Are, erantsi du emakumea eta nagusia izatea indarkeria matxista pairatzeko «goi mailako faktorea» dela, eta, sarritan, indarkeria hori «ikusezina eta iraunkorra» izaten dela; egoera ekonomiko «ahulagoa» izateak ere haien bizitza larriagotzen dutela azaldu dute. Hala, gogoan izan dituzte konfinamenduaren ondorioz etxean egon behar duten zenbait emakume ere: «Itxialdi honek emakume asko behartzen ditu bere erasotzailearekin batera egotera».

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere mobilizatzeko deia egin du. Kazola jotzea egingo dute gaur iluntzean, 21:00etan, Soraluzen, nork bere balkoitik, Emakume eraila Soraluzen! Toli, gogoan zaitugu! lelopean. Bihar, berriz, Euskal Herriko herri guztietan ekinaldi berbera egiteko eskatu dute.

Aurtengo hirugarrena

Hain zuzen ere, hilketa matxista bat dela baieztatuz gero, aurtengo hirugarrena izango litzateke. Joan den astean gizon batek bikotekidea eta alaba hil zituen Abanton (Bizkaia). Miren Uranga zuen izena bikotekideak, eta 54 urte zituen. Paola Mendez zen alabaren izena, eta 24 urte zituen.

Gipuzkoan, berriz, azken zortzi urtean, 2012tik, ez da hilketa matxistarik izan. Orduko horretan, Tolosan hil zuen gizon batek bere bikotekidea: Caridad Rodriguez Arrieta. Harrezkero, bi gipuzkoar hil dituzte, baina bi hilketa horiek Madrilen gertatu ziren. 2003tik, 104 emakume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.