Noiz sortua: 2020-03-30 01:13:51

Espainiako Gobernuak 24 orduko luzapena eman die enpresei itxialdira egokitzeko

Sanchezen gobernuak igande gauez argitaratu du funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko dekretua. 25 sektore zerrendatu ditu.

Kaleak hutsik atzo, igandez.
Kaleak hutsik atzo, igandez. Jaizki Fontaneda / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko martxoak 30

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak larunbatean jakinarazi zuen funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak eteteko erabakia, eta astelehenerako 25 minutu falta zirela argitaratu dute hori arautzen duen dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean.

10/2020 dekretuaren ezaugarri batzuk jakinak ziren: esaterako, ordaindutako baimen bat arautzea dela xedea. «Osasun larrialdia» amaitzean, egin gabeko lanorduak berreskuratu beharko dituzte langileek, «pixkanaka eta denboran zehar». Langileek enpresariekin adostu ahal izango dute lanorduak nola gehitu —egunero ordu erdi gehiago eginez, edo beste modu batera—. Abenduaren 31 arteko epea izango dute horretarako.

Epea zen beste bat. Gaurtik apirilaren 9ra bitartean egongo da dekretua indarrean, baina arauak badu berritasun bat: 24 orduko luzapena eman die «berehala jarduera etetea ezinezkoa zaien» enpresei. Kasu horietan, gaur langileak beharrera joan ahalko dira, «soilik baimen ordaindu berreskuragarria gauzatzeko ezinbestekoak diren lanak» egin ditzaten. Bihar, ordea, etxean geratu beharko dute.

Zalantza nagusia zen, ordea, gobernuak zein jarduera jotzen dituen funtsezkotzat, eta, horren arabera, zer sektoretako langileek joan beharko duten gaur lantokira. Eranskin batean zerrendatu ditu:

1. Alarma egoera arautzen zuen martxoaren 14ko dekretuan jasotakoak: garraioa, aduanak, energia, petrolio eta gas hornidura bermatzeko beharrezkoak diren lanpostuak eta «azpiegitura kritikoetakoak».

2. Premiazko ondasun eta zerbitzuen —jakiak, edariak, animalientzako elikagaiak, garbiketa produktuak, botikak, osasun produktuak— ekoizpenean eta banaketan lan egiten dutenak.

3. Janaria etxera eramaten duten ostalaritza saltokiak.

4. Osasun teknologiaren eta materialen nahiz erietxeetako ekipamenduen ekoizpen katean eta banaketan lan egiten dutenak.

5. Funtsezkotzat jotako jarduerek egoki funtzionatu dezaten beharrezkoak diren hornidura eta materialak eskaintzen dituen manufaktura industriaren jarduera produktiboari eusteko ezinbestekoak direnak.

6. Pertsonen eta merkantzien garraioan lan egiten dutenak.

7. Espetxe Instituzioetan, babes zibilean, itsas salbamenduan, suteetan, meatzeen segurtasunean eta bide segurtasunean lan egiten dutenak. Baita segurtasun pribatuko langileak ere, horiek segurtasunezko garraioan, alarmei erantzuteko lanetan eta oinarrizko zerbitzuak ematen direla bermatzeko lanetan dihardutenean.

8. Armadari materiala eta ekipamenduak hornitzeko langileak.

9. Osasun zentroetako langileak, eta adinekoak, adingabeak eta mendekotasunen edo ezgaitasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginak; baita COVID-19ari aurre egiteko ikerketa eta garapen zentroetan lan egiten dutenak ere, eta horiei zerbitzuak ematen dizkieten enpresen gutxieneko zerbitzuak. Hileta zerbitzuetako beharginak.

10. Animalien osasun artarako zentroetako langileak.

11. Prentsa eta komunikabideak saltzen, inprimatzen eta banatzen lan egiten dutenak.

12. Finantza zerbitzuak; bankuak, aseguruak eta inbertsioak, ezinbestekoak diren zerbitzuak emateko soilik.

13. Telekomunikazio eta ikus-entzunezko eta beharrezko informatika zerbitzuetako enpresak, eta horiek ahalbidetzen dituzten sare eta instalazioetan eta horien funtzionamendu egokia ziurtatzen dihardutenak, bereziki zerbitzu publikoak eskaintzeko beharrezkoak diren kasuetan.

14. Genero indarkeriaren biktimak babesteko eta artatzeko zerbitzuei lotutakoak.

15. Bertan behera geratu ez diren auzibideetan, abokatu, prokuradore, gizarte langile, itzultzaile eta psikologo lanetan ari direnak.

16. Lege aholkularitzan, gestoria administratiboetan eta lan arriskuen prebentzioan lan egiten dutenak, soilik premiazko kasuetan.

17. Notariotzan eta erregistroetan lan egiten dutenak, soilik Segurtasun Juridikoko Zuzendaritzak ezinbestekotzat jotako zerbitzuak betetzeko denean.

18. Matxurak premiaz konpontzeko eta garbiketa eta mantentze zerbitzuetan dihardutenak. Hondakin arriskutsuak, hiri hondakinak eta ur hondakinak jasotzen, kudeatzen eta tratatzen dituztenak, deskontaminazio jardueretako beharginak eta hondakinen kudeaketan, garraioan eta kentzean ari direnak.

19. Iheslarientzako harrera zentroetako eta migranteentzako zentroetako langileak, Migrazioetarako Espainiako Estatu Idazkaritzak diruz lagundutakoak badira.

20. Ur horniduran, depurazioan, garraioan, arazketan eta saneamenduan lan egiten dutenak.

21. Meteorologia zerbitzuak emateko beharrezkoak diren zereginetakoak.

22. Estatuak izendatutako operadoreak emandako posta zerbitzuko langileak.

23. Osasun materialen inportazioan eta horniduran lan egiten duten sektoreetakoak; logistika, garraio, biltegiratze, aduana zirkulazio eta, oro har, osasun korridoreetan parte hartzen duten guztietakoak.

24. Internet, telefono edo posta bidezko komertzio bidez erositako produktuen banaketan eta entregatzean lan egiten dutenak.

25. Premiazkotzat jotako zerbitzuetan lan egiten duten beste edozein sektoretakoak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna