Euskal presoak

Mende laurden geroago, paralelismoak

Madrilek 1996an azkeneko unean lortu zuen Frantziak Josu Urrutikoetxea Espainaratzea, baina handik lau urtera kargurik gabe askatu behar izan zuen. Orain bi euroagindu eskaera eta beste bi estradizio eskaera eginak dizkio Parisi, eta bihar horietako hiru hizpide izango dituzte, baita askatasun eskaria ere. Eragile berak daude, eta kontakizunaren bataila.

Josu Urrutikoetxea —eskuinean—, Joseba Alvarez eta Arnaldo Otegirekin, 2002ko urriaren 30ean, Genevan (Suitza), NBEren egoitza atarian. Hura izan zen Urrutikoetxearen jendaurreko azkeneko agerraldia.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 28a
11:54
Entzun

Madrilentzat, Josu Urrutikoetxea ETAren ikur nagusietakoa zen 1996an, eta ikur nagusitzat dauka gaur egun. Duela 24 urte horregatik nahi zuen bere esku, eta orain ere horregatik nahi du. «Atsedenik ez, azken gaua izan arren»; hala esan zuen, 1996ko maiatzaren 4an, Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministroak, Frantziak Urrutikoetxea kanporatu zezan zer-nolako saioak egin zituzten azaltzeko. Martxoko hauteskundeen ondoren, PSOEren jarduneko gobernuaren azkeneko egunak ziren haiek, eta Jose Maria Aznar (PP) zen jartzekoa Moncloan, bozak gehiengo sinplez irabazi ondoren. Parisek Urrutikoetxea entregatu zion Aznarri. Ordea, hasiera batean ez ziren horiek Jacques Chirac Frantziako Errepublikako presidentearen asmoak.

1989ko urtarrilaren 11n atxilotu zuten Urrutikoetxea, Baionan, Madril-ETA Aljerko elkarrizketak hasi baino zerbait lehenago, eta, zehazki, ETAk bere ibilbideko lehenengo su-etena eman zuenetik hiru egunera. 1990ean epaitu eta zigortu zuten Parisen, auzitegi korrekzionalean: hamar urteko kartzela kondena, ETAko kidetzat jota. Handik urte batzuetara, 1996ko maiatzerako jarri zioten irteteko data. Espetxetik ateratzean, Frantziako 26 departamendutan bizitzeko debekua zuen; ez zeukan estatutik kanporatua izateko agindurik. 1990eko zigorraren azkeneko egunak betetzen ari zela, Poliziaren arduradun bat espetxera joan zitzaion, baieztatzeko konfinatu egingo zutela.

Euskal presoaren kondena amaitzear zela, gainera, Parisek ukatu egin zuen Madrilen esku uztea. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Presidentetza ministroa kexu azaldu zen horregatik, esan baitzuen «kezkagarria» izan zitekeela «Frantziak ETAko agintariak askatzea, eta ondoren Espainian ibiltzeko aukera izatea, Josu [Urrutikoetxea] Ternera-ren kasuan bezala».

PSOEren gobernua Frantziari presioa egiten ari zitzaion bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionala inputazio bila ari zen. 1996ko apirilean, Margarita Robles Barne Ministerioko Estatu idazkariak —egun Defentsa ministroa da— iragarri zuen Urrutikoetxea inplikatuta agertzen den sumario bat atzeman zutela. Halaber, orduan aipatu zen Jarrai gazte erakundeari diru bat emateko eskatu izan zuela, etakide bat gordetzea galdegin zuela eta Espainiako Industria Ministerioko zuzendari izandako bati buruzko oharrak zeuzkala, eta Jose Amedo poliziari jarraipena egitea ere egotzi zioten.

Baina, artean, ezezkoan zen Frantzia. Chiracen erabakia zen Urrutikoetxea presodengitik atera eta Moselle eskualdean konfinatzea, Frantzia ipar-ekialdean. Javier Gomez Liaño Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiaratzea eskatua zuen, baina maiatzaren 3an Parisen erantzuna jaso zuen Madrilek, ohar baten bidez: ezezkoa. «Orduan hasi ziren negoziazioak», aitortu zuen Bellochek maiatzaren 4an, Frantziaren baiezkoa jaso ondoren. Barne eta Justizia Ministerioak Parisi sarri eskatu zion Madrilen esku uzteko Urrutikoetxea. Deskantsurik hartu gabe ari ziren. Eta iritzia aldatu zuen Chiracek. Charles Pasqua Frantziako Barne ministroaren jarrera eskertu zuen Bellochek. Hainbat iturrik esan zuten lan erabakigarria egin zuela Angel Guerrerok, Espainiak Frantzian zeukan konfiantzako gizonak. Aurrez, Guerreroren izena hainbat atera izan zen GAL auzian.

1996ko maiatzaren 4an, kanporatzea

Parisek maiatzaren 4an kanporatu zuen Josu Urrutikoetxea (45 urte zituen orduan; Ugao, Bizkaia), Madrilen esku lagatzeko; Tolosako (Okzitania) Saint Michel espetxetik atera eta Jonquerako mugan (Girona, Herrialde Katalanak) utzi zion Espainiako Poliziari, Madrilera eraman zezan, Auzitegi Nazionalera. Kongresuak maiatzaren 4an bertan izendatu zuen Aznar Espainiako gobernuburu, PP, CiU, EAJ eta CCren botoekin; bazeukan jada lehen trofeoa: Urrutikoetxea. Frantziak baldintza bat ezarri zion Espainiari: Poliziak tratu txarrik ez eragitea hari.

(Espainiako Poliziak Josu Urrutikoetxea zeraman autoa, 1996ko maiatzaren 4an, Granollersko ordainlekuan —Herrialde Katalanak— . JULIAN MARTIN, EFE)

«Berriro garbi geratu da elkarlana funtsezkoa dela ETAko ustezko zuzendari bat epaileen esku uzteko», azaldu zuen Maria Teresa Fernandez de la Vega Justizia Ministerioko Estatu idazkariak —2004-2010ean gobernuko presidenteorde izan zen, Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) agintaldian—. Barne ministro izatear zen Jaime Mayor Oreja (PP), eta txalotu egin zuen alderdi sozialistaren jokabidea; «besteen biziak errespetatzen ez dituztenen kartzelatzeak berri onak dira». HBk salatu zuen ETAk elkarrizketa prozesu baterako izendatutako solaskideetako bat zela Urrutikoetxea, eta estatuek bide hori «ezeztatu» nahi izan zutela. Kanporatzearen aurkako protesta ugari izan zen Euskal Herrian.

Urrutikoetxea Alcala-Meco kartzelara (Madril) bidali zuen Gomez Liañok, behin-behinean. Erizaindegira eraman zuten, hemezortzi egunez gose greban egon zelako kanporatze arriskuagatik protestan. Besteak beste, Jon Idigoras HBko Mahai Nazionaleko bozeramailearekin kointziditu zuen espetxe hartan. 1997an, berriz, artean Alcala-Mecon zeukatela, euskal preso bat hil zen han: Jose Mari Aranzamendi, bere buruaz beste eginda.

2000ko urtarrilaren 14an, libre, kargurik gabe

Gomez Liañok 1990eko epaia eskatu zion Frantziari. Gaizkile taldeko kidea izatea, armak legez kanpo edukitzea eta paper faltsuak izatea egotzita zigortu zuen Urrutikoetxea Parisek. Espainiak ezin zuen delitu berengatik berriro epaitu. Madril saiatu zen haren aurkako inputazio berriak topatzen. Euskal presoaren abokatu Iñaki Goioagak jakinarazi zuen 23 auzi ireki eta guztiak itxi zituela Madrilek. «Justiziaren erabilpen politikoa» salatu zuen Goioagak, eta azaldu bere bezeroaren aurkako interes jakinak zeudela.

Urrutikoetxea ia lau urtean eduki zuten behin-behineko kartzelaldian; 2000ko urtarrilaren 14an, badaezpadako espetxealdiaren gehienezko lau urteko epea amaitzear zela, libre utzi zuen Auzitegi Gorenak, kargurik gabe. Langraizko espetxean (Araba) zegoen orduan, EAEko 1998ko bozetatik EH Euskal Herritarrok taldeko legebiltzarkidea baitzen. Gorenaren autoak zekarrenez, ezin zuten berriro epaitu etakidea izatearen akusazioagatik, eta, armen auzian, Gorenak zioen delitua beste estatu batean jazo bazen —Frantzian gertatu zen— Espainiak ez zuela eskumenik epaitzeko. Fiskalak eta AVTk libre uzteko erabakiaren aurkako helegite bana aurkeztu zuten, baina Gorenak atzera bota zituen.

(Josu Urrutikoetxea, 2000ko urtarrilaren 14an, Langraizko espetxeko atarian, libre geratu zenean, Egoitz semearekin eta Irati alabarekin. MIREN SAEZ, FOKU)

2002ko urriaren 30ean, azkeneko aldiz jendaurrean

Urrutikoetxeak 2002ko urriaren 30ean egin zuen jendaurreko azkeneko agerraldia. Genevan (Suitza) izan zen, NBE Nazio Batuen Erakundeko ACANU prentsa elkartearekin egindako bilera batean, elkarteak berak gonbidatuta, Joseba Alvarez eta Arnaldo Otegi SA Sozialista Abertzaleetako legebiltzarkideekin. NBEren egoitzako areto batean bildu ziren, Euskal Herriko gatazka politikoa hizpide zutela. Ana Palacio Espainiako Atzerri ministroak Kofi Annan NBEko idazkari nagusiari telefonoa jo zion, azalpen eske. Madril ordurako berriro gogor ari zen Urrutikoetxea auzipetu nahian, ETAk Zaragozako (Aragoi, Espainia) kuartelaren aurka 1987an egindako atentatuagatik —11 lagun hil zituen euskal erakunde armatuak—. Guardia Zibilak prestatu zuen auziko txostena.

1987ko auzi hartan, Gorenak 2002ko azaroaren 6rako deitu zuen Urrutikoetxea, inputatu gisa deklaratzeko. Ez zen agertu, ihesean baitzen dagoeneko, eta Gara-ko gutun batean salatu zuen bere aurkako «sasi-epaiketa bat» egin nahi zutela. Bigarren hitzordua, azaroaren 13an. Orduan ere ez zen azaldu. Jose Ramon Soriano epaileak nazioarteko atxilotze agindua eman zuen. Mayor Oreja: «Espainiako demokraziari min gehien ematen diona egingo du [Urrutikoetxeak]». Jakinekoa da gero egindakoa: 2005-2006an ETAren ordezkaria izan zen Espainiako Gobernuarekin egindako elkarrizketa prozesuan; ETAk 2011ko urriaren 20an jarduera armatua bukatutzat eman ostean, 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kideetako bat izan zen; eta 2018ko maiatzaren 3an hura izan zen ETAren desegitearen adierazpenari ahotsa jarri ziona, Marixol Iparragirrerekin batera.

2019ko maiatzaren 16an, Frantzian atxilotua

Iazko maiatzaren 16an Frantziako Poliziak atxilotu egin zuen, Alpeetako herri batean —Sallanches-en—, prostata ebakuntza egitera zihoala. Espainiako Estatuak makineria guztia martxan jarri zuen Frantziak Madrilera bidal dezan. Auzitegi Nazionalak bi euroagindu eskatu zizkion Parisi: herriko tabernen auziagatik eta Madrilgo Barajasko aireportuan ETAk egindako atentatuagatik (2006; bi lagun hil ziren). Gobernuak, berriz, bi estradizio galdegin zituen: Luis Herguetaren hilketagatik (1980) eta Zaragozako kuartelekoengatik (1987). Joan den urteko atxiloketaren ondoren, Pablo Salas Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako buruak esan zuen Urrutikoetxea zutela «lehen helburuetako bat, bere ibilbide kriminalagatik, [ETA] bandako kideentzat ikur izateagatik eta talde politikoko funtzio garrantzitsuagatik».

(Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, iazko maiatzaren 17an, Madrilen, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako egoitzan, Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren biharamunean. Haren ezkerrean, Pablo Salas Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako burua. VICTOR LERENA, EFE)

Atxilotu eta hilabete pasatxora —ekainaren 19an—, Frantziako Dei Auzitegiko hiru epailek auzi saio batean Urrutikoetxea baldintzapean aske geratzea ebatzi zuten, aintzat hartuta gaixorik dagoela eta Louis Joinet legelari ezagunak bere etxean hartzeko bermea eskaini zuela —euskal presoaren seme Egoitzek zioen Euskal Herriko egoera politiko berria ere kontuan hartu zutela epaileek—, baina, La Sante Parisko espetxetik kalera libre irtetear zela, berriro atzeman zuen Poliziak, Espainiaren eskariz. Urrutikoetxea familiako iturrien arabera, Frantziako DSGI polizia arduradun batek eta fiskalak La Santen bertan presoari esan zioten ez zutela ulertzen zer gertatzen ari zen, eta aitortu zioten «ankerkeria» zela bere kontra egin zutena orduan.

Berriz ere bi estatuen arteko tratua zebilen tartean. Erabaki haren biharamunean, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak esan zuen «inolako dudarik» ez daukala Frantziak Espainiaratu egingo duela Urrutikoetxea, egozten dizkioten auziengatik epaitu dezaten. «Erabateko konfiantza dut Frantziarekiko lankidetza judizialean».

Dei Auzitegia joan den urtarrilaren 8an zen Espainiaren lau eskaerez iritzia ematekoa, baina Zaragozakoaz baino ez zuen eman: estradizioaren alde agertu zen. Defentsak helegitea aurkeztu zuen Kasazio Auzitegian, eta honek oraindik ez du eman erabakiaren berri; dena dela, kasua teknikoki estradizioa denez, azkeneko hitza Frantziako Gobernuak izango du, eta ez du eperik horretarako. Euskal presoa Espainiaratuko duten argitzen ez den artean, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behinean artxibatu du Zaragozako auzia, eta horren kexu azaldu da Guardia Zibilaren elkartea.

Frantziaren erantzukizuna

Beste estradizio eta bi euroagindu eskaerez informazio gehigarria eskatu zuen Dei Auzitegiak urtarrileko saioan, eta martxoaren 4rako hitzordua jarri. Baina Madrilen aldetik artean aski informaziorik ez zuela medio, saioaren bezperan jakinarazi zuen apirilaren 29an —bihar— izango dituztela kasuok hizpide. Defentsak dio bere ustez herriko tabernen eta Herguetaren auziak preskribatuta daudela, eta Barajaskoaz zehaztasun gehiago eskatu izan du.

Atzo jakin zen beste askatasun eskari bat ere aztertuko dutela bihar, euskal presoaren osasun arrazoiengatik defentsak hala eskatuta. Nazioarteko 126 eragilek ere galdegin berri dute askapena, eta hark bakegintzan egindako lana ere nabarmendu dute. Apirilaren 1ean, Dei Auzitegiak berak ezezkoa eman zion libre uzteko beste eskaera bati, nahiz eta La Santeko medikuen zerbitzuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen.

Berriz ere, Urrutikoetxearen auziaren bueltan kontakizunaren bataila handia dago jokoan. Hala zegoen 1996an, haren kanporatze garaian, eta hala dago orain. Badago paralelismo bat: orduan eta orain PSOEren gobernua Espainian, Guardia Zibilaren eragina, Espainiako Auzitegi Nazionalaren izaera, Frantziaren erantzukizuna, auzi judizialen sendotasunaren zalantzak...

Auzia ez da bukatuko estradizio eta euroaginduen ebazpenekin. Izan ere, ETAren zuzendaritzarekin izandako lotura egotzita, Paris aurten hari bi epaiketa egitekoa da —sasian zela epaitu zutenez, berriro egingo dira auziak—.

«Frantziak oso erabaki politiko handia izango du hartzeko: ea lerrokatzen den Espainiarekin, ala gai jakin batzuetan urratutako bide propioetan segituko duen». Egoitz Urrutikoetxearen hitzak dira, bere aita iaz Alpeetan atxilotu ostean esandakoak.

(Josu Urrutikoetxearen seme Egoitz, Laurent Pasquet-Marinacce abokatua eta Andy Carl Conciliation Resources-eko aditua, joan den urtarrilaren 24an, Miarritzen —Lapurdi—. BOB EDME)

Josu Urrutikotxearen auziaren testu bilduma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.