Noiz sortua: 2020-05-24 14:09:06

Bigarren faserako jakin beharrekoak

Gaurtik aurrera, araudi berri bat dago indarrean Hego Euskal Herrian, eta ordutegiei, saltokiei, taberna eta jatetxeei, hezkuntza zentroei, kirola jarduerei, eta igerileku eta hondartzei eragingo die.

Gaur ireki dituzte hondartzak Donostian.
Gaur ireki dituzte hondartzak Donostian. Juan Carlos Ruiz/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2020ko maiatzak 25

Oraingoan ez da murrizketarik. Espainiako Gobernuak aurreko astean erabaki zuen gaurtik aurrera Hego Euskal Herria alarma egoeratik ateratzeko prozesuaren bigarren fasean sartuko dela, eta ez Eusko Jaurlaritzak eta ez Nafarroako Gobernuak ez dute bigarren fase hori murriztuko. Beraz, egoera berri batean izango dira gaurtik Hegoaldeko herritarrak, laugarrenean (konfinamenduaren eta zero eta lehen faseen ondoren), eta araudi berri batek arautuko du haien egunerokoa. Alde txikiak dira, dena den, eta, batez ere, ostalaritzako eta kultur ekitaldietako portzentajeei eragiten diete. Nafarroan Espainiako Gobernuak onarturiko neurriak aplikatuko dituzte. Ondo bidean, fase horrek bi aste iraungo du, ekainaren 7ra arte.

Maskara ezinbestean erabili behar da jada bi metroko segurtasun distantzia mantendu ezin denean. Hona hemen Espainiako Gobernuak bigarren faserako egokitu duen azken agindua:

Ordutegiak

-Bigarren fasean, probintziaren barruan muga geografikorik gabe mugitu ahal izango da, baita aisialdirako ere, hamabost pertsonako taldeetan.

-Ordutegiak desagertu egingo dira, eta haurrek ez dute izango kalera ateratzeko ordubeteko muga.

-70 urtetik gorako herritarrek jarduera fisikoa 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara egin beharko dute. Gainontzeko herritarrei eskatu zaie hiru ordu horiek adin tarte horretan daudenentzat uzteko.

Harreman sozialak

-Norberaren etxetik kanpo bizi direnekiko harremanetan bi metroko segurtasun distantzia gorde behar da, eta, eskuak garbitzeaz gain, distantzia hori mantendu ezin denean, maskara erabili.

-Turismo aktiboa edo mendi bueltak gehienez hogei pertsona arteko taldeetan egin ahal izango dira, eta aldez aurretik antolatuak izan beharko dute.

-Elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, gehienez leku osoaren %50 beteta, segurtasun neurri batzuk betetzen badira. Nafarroan, ordea, itxita jarraituko dute.

-Kongresuak, topaketak, bilerak eta konferentziak baimenduta egongo dira, izan publikoak edo izan pribatuak. Horietarako aretoak prestatuko dira.

-Ezkontzak nahi den tokian egin ahal izango dira, izan publiko edo izan pribatu, baina lekuaren erdia bete ahalko da gehienez. Aire zabalean, gehienez 100 pertsona elkartuko dira, eta, toki itxietan, 50. Segurtasun distantzia eta osasun arauak bete behar dira.

-Beilatokietan aire zabalean 25 pertsona arte elkartu ahal izango dira; leku itxietan, berriz, gehienez hamabost.

-Elizetan, leku guztien erdiak beteko dira gehienez, eta kopuru hori atean argi erakutsi beharko da. Elizaren barruan bi metroko segurtasun distantzia mantendu behar da.

Saltokiak

-Saltoki txiki guztiak ireki ahal izango dira, haien eremua dena delarik, leku bakoitza gehienez %40 beteta. Bezeroen artean bi metroko distantzia utzi beharko da, eta, ez bada posible, banaka sartu beharko dute. 65 urtetik gorakoei lehentasuna emango dien ordutegi bat izan beharko dute. Beherapenak egin ahal izango dituzte, baina betiere jende pilaketak saihestuz.

-Kaleko azokak baimenduta daude, baina jende kopurua mugatuta, bezeroen artean segurtasun distantzia mantentzeko. Bezeroek ezingo dituzte salgaiak ukitu.

-Merkataritza guneek ateak ireki ahal izango dituzte; eremu komunean, leku osoaren %30 bete ahalko da gehienez, eta saltokietan, %40. Merkataritza gunean ibili ahal izango da, baina gelditu gabe. Haurrentzako guneak, ludotekak eta atseden lekuak itxita egongo dira. Komunetan eta edoskitze guneetan familiaka sartu beharko da. Aparkalekuetan, normalean ukitzen diren gauzak garbitzeaz gain, eskuak garbitzeko gela jarri beharko dute, eta txartel bidez ordaintzea erraztu.

Hezkuntza

-Hezkuntza zentroak ireki ahal izango dira DBH4n, batxilergoan eta LHn. Hizkuntza eskolak, akademiak eta autoeskolak ere ireki ahal izango dira, gehienez espazio osoaren herena bateta eta online formakuntza lehenetsiz.

Ostalaritza

-Taberna eta jatetxeek barruan zerbitzatu ahal izango dute, gehienez lekuen %40 beteta Nafarroan, eta %50 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Diskotekak eta gaueko tabernak itxita egongo dira. Lokalaren barruan soilik eserita daudenei zerbitzatuko zaie, ahal dela aurrez txanda eskatuta, jatetxeetan adibidez. Bezeroek ezingo dute barran eskatu zuzenean kontsumitzera doazena.

-Etxera eramateko janaria eta edaria eskatu daiteke.

-Terrazek edukieraren erdia izango dute, eta mahai batean gehienez hamar pertsona elkartu ahal izango dira. Bezero bat joan eta beste bezero bat eseri bitartean, mahaia eta aulkiak garbitu beharko dira, baita bezeroek ukitu duten beste edozein gauza ere. Mantelak behin erabiltzekoak izango dira, eta kreditu txartel bidezko ordainketa sustatuko da. Edalontziak eta mahai tresneria leku itxi batean gorde beharko ditu ostalariak, bezeroengandik aparte.

Zahar etxeak

-Zaharren egoitzetan, bisitak baimenduta egongo dira EAEn, aldundi bakoitzak zehaztutako araudia eta egutegia betez, Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Nafarroan, ordea, kasu jakin batzuetan bakarrik baimenduko dituzte; esaterako, bizitzaren amaieran dagoen egoiliar baten kasuan. Gainera, bisita horiek COVID-19 kasurik ez duten egoitzetan bakarrik egin ahal izango dira.

Kultura

-Liburutegiak, erakusgelak eta monumentu multzoak ireki ahal izango dira, betiere gehienez leku osoaren %30 beteta, segurtasun baldintzak bermatzen badira eta garbiketa lanekin ondarea hondatzeko arriskurik ez bada. Ireki aurretik garbitu egin beharko baitira. Segurtasun neurriak errespetatu beharko dira, eta, bisitariak jakinaren gainean egon daitezen, garbi azalduta egongo dira. Ukitzeko den materiala, adibidez, audiogidak eta eskuorriak, debekatuta egongo dira.

-Liburutegietan, erabiltzaile batek irakurketarako leku bat uzten duenean, hura garbitu egin beharko da. Ordenagailuak eta katalogoak ere garbitu egin beharko dira erabilera bakoitzaren ondoren. Haurrentzako txokoak eta jendeari irekita dauden bildumen guneak itxita egongo dira.

-Erakusgelatan jende pilaketak saihestu beharko dira, eta ez da inauguraziorik egingo.

-Monumentu multzoetan banaka edo etxe barean bizi diren pertsonekin egingo dira bisitak. Jendea gurutzatu daitekeen lekuetan, norabideek zehaztuta egon beharko dute. Erlijio guneetan, jarraitu beharreko ibilbide bat marraztu beharko da bisita egiteko.

-Zinema, antzoki eta auditoriumak ireki ahal izango dira, baina eserlekuek aldez aurretik zehaztuta egon beharko dute. Beste areto mota batzuetan, kultur ekitaldiek edukieraren %30 izango dute, eta ezingo dira 50 pertsona baino gehiago elkartu; aire zabalean, ezingo dira 400 pertsona baino gehiago bildu.

Kirola

-Liga profesionalak ateak itxita hasiko dira berriro.

-Lehiatzen hastear diren kirol klubetako eta elkarte anonimoetako kirolariak elkarrekin entrenatu ahal izango dira, gehienez hamalau pertsona batera. Txandaka entrenatu beharko dute, betiere erabiltzen den azpiegituraren edukieraren erdia gainditu gabe. Hedabideek ezingo dute entrenamenduetan egon. Bai, ordea, partidetan.

-Kirolari batek baino gehiagok ezingo dute erabili pertsona bakar batek erabiltzekoa den material bera: adibidez, toalla bat.

-Profesionalak ez diren ligetan aritzen diren klubetako kirolariek klubaren azpiegiturak erabili ahal izango dituzte, baina lan saioak banaka egingo dituzte.

-Estalita dauden kirol azpiegiturak ireki ahal izango dira, gehienez leku osoaren %30 beteta. Goi mailako kirolariek, profesionalek eta federatuek erabili ahal izango dituzte, aurretik txanda eskatuz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ordea, edozein erabiltzailek izango du txanda eskatzeko aukera. Aldagelak erabili ahal izango dira, baina murrizketekin.

Igerilekuak

-Aire zabaleko eta estalitako igerilekuak kirola egiteko ireki ahal izango dira, gehienez leku osoaren %30 beteta. Federazioan dauden kirolariek izango dute lehentasuna, eta txanda eskatu beharko da. Aldagelak erabili ahal izango dira.

-Aisialdirako ere ireki ahal izango dira igerilekuak, gehienez leku osoaren %30 beteta. Kopuru horrekin ezin bada segurtasun distantzia mantendu, edukiera txikitu egin beharko da. Aurretik txanda eskatu beharko da, eta erabiltzaileek distantzia utz dezaten seinaleak jarriko dira. Erabiltzaileek ukitu ohi dituzten gauzak, adibidez maratilak, gutxienez egunean hiru aldiz garbitu beharko dira.

Hondartzak

-Hondartzetan bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da. Dutxak eta aldagelak banaka erabili ahal izango dira. Hondarretan bi metroko tartea utzi beharko da toallen artean, etxe berean bizi direnen artean izan ezik eta hamabost pertsona baino gutxiagoko taldeen kasuan izan ezik. Kirol eta aisialdi jarduerak baimenduta egongo dira segurtasun tartea mantentzen bada.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna